7K - zazpika astekaria
KIROLA

Menopausiari aurre egiteko erreminta


Emakumeek bizitzan zehar hainbat aldaketa hormonal jasaten dituzte, eta gaur menopausiaz jardungo dugu. Adinean aurrera egitean emakumearen ugalkortasuna gutxitzen doa eta 45 urteetatik aurrera menopausiaren efektuak ager daitezke (denei ez die ez adin tarte berean, ez era berean eragiten). Garai honetan, hilerokoaren periodizitatea aldatzen hasten da, hilerokoa galdu arte, eta hori obulutegiak estrogeno eta progesterona hormonak sortzeari uzten diotelako gertatzen da da. Honek efektu psikologiko eta fisiko nabarmenak ditu emakumearengan, hala nola beroaldiak, lo egiteko arazoak, txizari ezin eustea… beste efektu batzuen artean.

Horri aurre egiteko eta egoera hormonal ezegonkorra erregulatzeko, jarduera fisikoa baliabide egokia izan daiteke. Jarduera fisikoari buruz hitz egitean oso kontzeptu orokorra dela esango genuke eta horretarako aukerak ugariak direla. Kasu honetan, indar lanak, hots, indarra lantzeko ariketek, dituzten onurei buruz hitz egingo dugu, jarduera mota eraginkorrena baita.

Menopausiaren efektu larrienetako bat emakumean hezur masaren galera da; hainbat ikerketak diote urtero %1 eta %2,5 arteko galera gerta daitekeela, eta honek osteoporosiaren agerraldi goiztiarra eman dezake. Indar lanak, berriz, hezurren mineralizazioa hobetzen du, muskuluak uzkurtu eta lasaitzeak hezurretan eragiten dituen tentsioei esker, eta, hala, kaltzioaren galera ekiditen du.

Bestetik, estrogenoen murrizketak arazo kardiobaskularrak eta hipertentsioa areagotzeko arriskua handitzen du, eta indar lanak bihotzaren gaitasun kardiobaskularra handitzen du. Gainera, jarduera mota honek obesitatea eta gainpisua ekiditen laguntzen du, eta, ondorioz, arazo kardiobaskularrak izateko arriskua gutxitzen du.

Amaitzeko, arazo psikologikoen artean depresioa eta antsietatea dira ohikoenak menopausian, aldaketa hormonalen ondorioz. Azaldutako onurez gain, jarduera fisikoa taldean burutzeak beste hainbat onura psikosozial ditu bi fenomeno hauei aurre egiteko. Antsietatearen kasuan, gure burua lasaitzen eta gehiegizko tentsioa kontrolatzen laguntzen du, eta nola ez, esparru sozial batean parte hartzeak, gure buruarekin hobeto sentitzeak eta jarduera burutu ondorengo “euforia” sentsazioak ongizate emozionalean eragin zuzena du.