OCT. 22 2023 IRITZIA Zaintza AMAGOIA MUJIKA Zaintza behar bat da; zaintza eskubide bat da eta zaintza lanbide bat da. Zaintza kooperatiben bueltan dabiltzan emakumeei ikasi diet. Behar bat dela badakigu. Gure bizitza den sokan, denok zainduak izan behar dugu uneren batean, gustatu ala ez. Konturatuta nago askotan zaintzaile finenak direla zaintzen zailenak. Gure etxeetako emakume askok, belaunaldi bat, hurrengoa eta tartekoa zaintzeko eskuak biderkatu dituztenak; haurren eta zaharren ipurdiak aldi berean garbitzeko indarra izan dutenak; gauari loa lapurtu diotenak eguneko lanak amaitu ahal izateko... ez dakite laguntza eskatzen. Asko kostatzen zaie beraiek zainduak izateko unea iritsi dela onartzea eta zainduak izateko baimena ematea. Izan ere, inork baino hobeto dakite zein lan nekeza den besteak zaintzea. Irribarre batekin egin daiteke, maitasun infinituarekin, baina horrek ez du esan nahi lan samurra denik. Zaintza eskubide bat dela barneratu beharra daukagula uste dut. Beti hain etxekoa eta hain pribatua izan denez, sinistu dugu norberaren arazoa dela. Pertsona guztiek zainduak izateko eta ondo zainduak izateko eskubidea dugula barneratzen dugunean, akaso hasiko gara orroren bat egiten agintariei. Orain arteko zaintza sistema pribatua izan da, pribatutasunean eman delako eta bakoitzak ahal duena egin duelako. Bada garaia zaintza sistema publiko txukun baten beharra aldarrikatzeko. Behar dugu eta merezi dugu. Eta, hirugarrenik, zaintza lanbide bat da. Haurrak ginela, askotan entzuten zen «nire amak ez du lanik egiten». Nola ez duela lanik egiten? Seguru haur horiek ez zutela ama eserita eta geldirik ikusten, seguru egon etxeko martxa horretan motor nagusia zela. Eta, hala ere, ez zuela lanik egiten iruditu, lan hori ez zelako seriotzat hartzen. Ederki kostatzen ari zaigu hori barneratzea, zaintzea lan garrantzitsua dela ulertzea. Garrantzitsua baino, hil ala bizikoa. Zaintzailea beti izan da ezinbestekoa baina ikusezina. Eta, gehienetan, emakumea. Eskaileraren beheko partean dago zaintzailea. Lehen gure etxeko emakumeak ziren zaintzaileak. Orain, horiek eskaileran koska bat igo eta behe-behekoan geratu direnak dira zaintzaileak, prekarioenak, asko migratzaileak. Eta arazoa hori da, zaintza beti eskaileraren azken koskan geratzen zaigula, beste lehentasunen atzetik. Zer garen mozoloak, zaintzarik gabe ezin dugula biziraun jakin eta, hala ere, segi beste aldera begiratzen, zaintzak gure bizitza hankaz gora jartzen duen arte. Zaintza behar bat da, eskubide bat da eta lanbide bat da. Zaintza kooperatiben bueltan dabiltzan emakumeei ikasi diet. Denok izan behar dugu zainduak gure bizitzaren tarteren batean; denok daukagu ondo zainduak izateko eskubidea eta lanbide oso garrantzitsua da. Merezi duen duintasuna eman behar zaio.