NOV. 05 2023 IRITZIA Apaletan Amagoia Mujika Batzuetan gertatzen zait. Kalean noala, emakume batekin gurutzatu eta amona usaintzen dut, duela 20 urte hil zen amona. Bere usaina ahalik barrenen eraman nahian, indartsu hartzen dut arnasa eta begiak itxi. Eta begiak itxi orduko agertzen zait pare-parean; kardatutako ilea, zimurtutako irria, lana ezkutatu ezin duten esku epelak eta hainbeste maitasun zipriztintzen duten begiak. Gure amona, oso-osorik. Instant txiki bat, sudurzuloetatik sartzen den lurrin printza bat eta hor zoaz memoriaren errepidean, amonarekin elkartu arte. Beste batzuetan, gaztaina bat zuritu eta ahoan sartu orduko baserriko sukaldeko mahaira eramaten nau memoriak. Aitonaren parean eseritako neskato haren begietara. Mano-mano, gaztainak jan eta jan, duela 30 urte hil zen aitona eta biok. Oraindik ikusten dut aitonaren begietan harrotasun distiratsu hori neskato txikiak berak adina gaztaina zuritzen eta jaten dituelako. Zapore bat ahoan eta saltoa denboran eta tokian. Duela bost urte joandako amona ere presente daukat oso. Berak egindako galtzerdiak gure etxeko altxorrik preziatuena dira. Neguko galtzerdi beroak, eskuz eta neurrira egindakoak, bakoitzari bereak. Galtzerdiak jantzi orduko janzten dut amona. Usain bat, zapore bat, testura bat, esamolde bat, mania bat, abesti bat, toki bat, errezeta bat... maite ditugunak hil egiten dira eta forma desberdinak hartzen dituzte gure azalera itsasteko. Gure memoria apaletan banatuta irudikatzen dut eta apal horietan mimoz bilduak usainak, zaporeak, testurak, txisteak, maniak, esamoldeak, gertaerak. Hildako bakoitza zelofanetan mimoz bilduta. Azaroaren lehena pasatu den honetan, bakoitzak bere errituak dauzka joan direnekin akordatzeko. Ni ez naiz hilerrira joan zalea, nahiago dut taloa eta gaztainak jan. Inguruan hil zaizkidan askorekin elkartzeko nire modua da hori, haiekin deskubritu nituelako plazer txiki horiek. Baina munduan heriotza barra-barra ari duen honetan, luxua ere bada maite dituzunak memoriaren apaletan txukun jasota eduki ahal izatea. Luxu mikatza. Maite dituzunak egunero ehunka akabatzen dituztenean, bonbek dena hauts bihurtzen dutenean, ahoan minaren zaporea besterik ez dagoenean, nola ordenatu memoriaren apalak maite dituzunak mimoz jasotzeko? Nola abiatu dolua etengabeko heriotzak arnasa hartzen uzten ez dizunean? Palestinarren eskubide asko zanpatzen ari dira, baita beren hildakoak memorian patxadaz biltzeko eskubidea ere. Los que amamos mueren y toman formas diferentes para adherirse a nuestra superficie. Imagino nuestra memoria dividida en estantes donde se recogen con mimo olores, sabores, texturas, chistes, manías, esamoldes, hechos... Cada muerto envuelto en mimo. En un mundo en el que la muerte está a raudales, es un lujo amargo que los seres queridos puedan recogerse en la memoria