NOV. 05 2023 EZIN DA EZEZKO ETA PORROTEN BELDURREZ BIZI Interview Jon Plazaola AKTOREA «Umorea ez da genero bat bakarrik, bizitzari begiratzeko modu bat ere bada» Komediatik dramara eta dramatik komediara, bizitzan bezalaxe aktore lanetan ere urrun bezain gertu dauden bi generoen artean saltoka daramatza Jon Plazaolak azken hogei urteak. Batean zein bestean, baina, begirada bera da: umoretik eraikitakoa. Umorea urretxuarrarentzat genero bat baino gehiago baita, bizitza begiratzeko modu bat, bizimodu bat. Oinordetzan jaso duen ondare preziatuena, baita oinordetzan utziko duen ondare baliotsuena ere, ziurrenik. (Gorka Rubio FOKU) Oihana Azkue Bi hamarkada daramatza Jon Plazaolak (Urretxu, 1982) oholtza gainean zein pantaila txikian lanean. Euskarazko “stand up”-aren aitzindarietako bat izan zen 2000ko hamarkada hasieran, eta handik hogei urtera umorezko bakarrizketen formatu horretara itzuli da, “Tu-Tum, Platz!” ikuskizunarekin. Bere aitatasun baja da. Propio sortua etxe inguruan aritzeko, etxetik eta etxekoentzat sortutako lana. Plazan, ordea, izan dira aldaketak urte hauen buruan, onerako kasu honetan, euskaraz egindako “stand up”-aren loraldia ezagutzen ari garelako. Horrek eman dio itzulera honetarako indarra eta ilusioa. Euskarazko fikzioak, ordea, ez du halako une eztia bizi, ekoizpen kopurua nabarmen jaitsi baita azken urteetan. Denboraldi berrian estreinatu den euskarazko telesail bakanetarikoan, “Itxaso”-n, protagonista da aktore urretxuarra, garai hauetan pribilegio bat. Lehen pausoetatik hasi eta azken urratsetarainoko errepasoa egin digu Jon Plazaolak, atzerabegirakoa bere begiradatik: bizitzari umorez eta umoretik begiratuz. Has gaitezen hasieratik, zer benetakoago, zainetatik dabilen odola baino. Aitita Juanen odola dabil inondik inora ere Jon Plazaolaren zainetan... Ondarerik utzi badidate, denetan preziatuena aitita Juanek utzitako ondarea da. Berak sartu zidan umorea odolean, bihotzean, mingainean… eta umorea bakarrik ez. Bera umore handiko pertsona zen, bizitzari umorearekin begiratzen zion eta berak irakatsi zidan hori, umorea, komedia, ez dela soilik genero bat, baizik eta munduari begiratzeko modu bat. Hark umorez begiratzen zion bizitzari, eta ez hori bakarrik, urteek aurrera eginagatik ere, ez zuen begietako distira galdu. Begirada horrek jakin-mina zuen, horrek mantentzen zuen gazte bere espiritua, eta espiritu horrek kutsatzen gintuen ingurukoak ere. Berak karisma handia zuen bere txikitasun fisikoan; jende guztiak maite zuen. Nire lehen urteak berarekin igaro nituen, berarekin eta amama Josefinarekin. Amamaren maitasunarekin eta aitonaren begirada horrekin egin ninduten ni. Umorea, hortaz, bokazionala da zure kasuan, baina ez lanari dagokionez soilik, baita bizitza bizitzeko moduari dagokionez ere… Bai, nik hala esango nuke. Ze, azken batean, proiektatzen nuen umore horrengatik- edo esnatu nuen beste pertsona batzuengan jakin-mina, eta haiek pentsatu zuten bizitzari begiratzeko nuen modu horrek arlo profesionalean ere izan zezakeela bere bidea, eta handik iritsi zitzaizkidan lehenengo aukerak lanean umoretik hasteko. Ikasketen arloan, arteari lotuta ekin zenien unibertsitate ikasketei, Leioan Arte Ederrak ikasi zenituen… 2000. urtean sartu nintzen unibertsitatera, Leioako Arte Ederren fakultatera. Egia da, gerora ikasketak utzi banituen ere, han bizitakoak, hango giroak, lan egiteko moduak, asko eragin didala. Erakusten zizuten arte munduan zuk gustuko zenuen horretan ibilbidea hasten: aitzur bat ematen zizuten zuk zeuk zure bidezidorra egin zenezan. Beharbada, hori izan zen Arte Ederretako ikasketetatik atera nuen irakaspen nagusia. Gero, ikusten joan nitzen karreran bazela adar bat, ikus-entzunezkoena, zinemari eta lotuagoa zena, gehiago erakartzen ninduena; gehiago interesatzen zitzaidan beste adar batzuk baino. Bien konbinazioak eraman ninduen beste bide hori hartzera, erabakitzera hori zela nik benetan gustuko nuena. Hor hasi zen pixka bat gidoigintzarako nuen grina pizten; hasi nintzen buruan nituen istorioak paperean jartzen zine munduak asko erakartzen ninduelako. Baita ere, itxuraz bazelako haurtzarotik zetorkidan gene txiki bat edo, aktore izatera bultzatzen ninduena: zenbat aldiz harrapatu ote nauen amak gelako atea ireki eta antzezten, nire buruari elkarrizketak egiten edota rockeroa banintz bezala orrazia eskuetan nuela abesten… Horrek ere barruan nuen piztia hori iratzarri zuen. Arte Ederretatik hori eraman dut: erakutsi didala bide horiek nola hartu eta bide horietan nola abiatu. Bide berri horretan, lehen pausoak Madrilen eman zintuen, gidoigintza ikastera joan baitzinen hara. Nola gogoratzen duzu garai hura? Kristoren aldaketa izan zen. Zeren Madril guretzat bazen holako argi-itzalak zituen hiri bat. Alde batetik, horrenbeste albiste txar jasotzen genituen handik, baina aldi berean noizbait amestutako gauza asko ere han zeuden. Egia esatera, iritsi nintzenean, eskuak zabal-zabalik hartu ninduen hiriak eta berehala lagun talde polit eta askotarikoa osatu genuen Vallecas auzoan. Horrek ere izan zuen bere eragina, lagundu zidan Madrilerako barneraketa egiten, zeren Vallecasek badauka identitate propioa, karisma handiko auzoa da. Gogoan dut lehenengo urtean ia ez ginela Madrilgo zentrora jaitsi ere egiten. Egia esan, sarrera polita izan zen, gero Madril beste era batera bizitzeko eta hiriari zukua ateratzeko. Eta zein unetan hasi zinen aktore lanetan? Madrilera joaterako hasia nintzen bakarrizketak egiten. Ordurako nire buruaren papera egiteko bazen ere, ohituta nengoen jendaurrean antzezten. Gidoigintza ikasi nuenean zinema-eskolak beste jarduera batzuk ere bazituen, tartean interpretazioa. Berehalakoan harrapatu ninduen, erakarri ninduen, aktore lan horrek, aukera izan nuelako prozesu osoa ikusteko, hasieratik amaieraraino nola zen ikusteko. Ordura arte beharbada bigarren mailan zegoen aktore izateko amets hura gertuago ikusi nuen, inoiz baino errealago, posibleago. Batere behartu gabe, inolako presarik gabe, hor utzi nuen egitekoen zerrendan. Gero, batere espero ez nuenean etorri zitzaidan aktore bezala telesail batean debutatzeko aukera. Gogoan dut une hartan esan nuela ‘ni hau nolakoa den jakin gabe ez naiz geratuko, igerileku horretara jauzi egin behar dut buruz: urik ez baldin badago, kaskarrekoa hartu eta eskailera txiki horietatik gora igoko naiz berriz ere, baina ura baldin badago, igeri egiten saiatuko naiz eta izan dadila izan beharrekoa». Ofizio horretan abenturazalea izan beharra dago? Izan beharra dago. Ez dut uste beldur izan behar garenik; badakit hau esatea egitea baino errazagoa dela, baina hala da. Ez diogu beldurrik izan behar ezetzari, porrotari, zeren gure eguneroko ogia dira. Egunero izaten ditugu porrot txikiak, egunero ezezkoak, ohitu beharra dago horrekin bizitzera. Genero desberdinetan jardun zara aktore lanean. Bada baten bat bereziki eroso sentiarazten zaituena, edo bakoitzak ematen dizu zerbait desberdina? Bai, horrela da. Egia da nire bizitzak oso lotura estua duela umorearekin eta komediarekin genero bezala. Lehenengo telesail hartan, “Alli abajo”-n, bost denboraldiz aritu nintzen, eta bertan umorea zen ardatz, baina gerora lan egin dudan telesailetan bestelako generoetan mugitu naiz, bai “Madres”-en, “Amar es para siempre”-n edo azken lanean, “Itxaso”-n. Drama egin dut hauetan gehiago. Guk geuk ere gure barruan badugu bietatik, bai drama bai komedia, eta biak ere oso gertu daude bata bestearengandik, azkar igarotzen gara batetik bestera: sarritan dramatik komedia dator edota alderantziz. Paperaren baitan, beraz, batetik edo bestetik husten zara. “Alli abajo” aipatu duzula, telesail hori zure aktore ibilbide profesionalean inflexio puntu garrantzitsua izan da. Bai, inolako zalantzarik gabe. Berehala esan zidaten, gainera, hango gainontzeko kideek, bai hara joandako euskal aktoreek nahiz hango aktore andaluziarrek, eta batez ere talde teknikoak, han bizitzen ari ginena, bai talde mailan, baita elkarbizitza mailan ere, salbuespena zela. Egia da ni hara sekulako ilusioarekin joan nintzela. Egia da, niri, talde lanean asko inplikatzea gustatu izan zaidala beti. Hura ez zen salbuespen bat izan, guztiz kontrakoa. Ikusita ze lekutan geunden, ze jenderekin, zer grabatzen, zer talderekin… segituan protagonista bezala Maria Leonekin batera, bat-batean ulertu nuen protagonista batek pribilegioak baino ardura gehiago izan behar dituela eta guri zegokigula talde hori osatzea, kohesionatzea, talde hori aurrera eramatea… patroi lanak eginez traineru horretan. Egia esan, bat-batean ikusi nuen gainontzeko kideek ere zenbat eskertzen zuten jarrera hori, zeren, itxuraz, errodajeetan hori ez zen ohikoa. Guzti horrek egin zuen “Alli abajo” zerbait oso berezia izatea. Gerora ulertu dut, beste telesail batzuk grabatu ditudanean, esate baterako Madrilen poligono batean, eta behin lana bukatu ostean bakoitza berera erretiratzen denean, ikusten duzu taldea nola dispertsatzen den… orduan ulertu nuen lehenengoz zertaz ari ziren; salbuespen edo opari horiek eskertzen jakin behar dela, eta momentu horiek era berezian bizi behar direla ohartu nintzen. Kuriosoa izan da ere, “Alli Abajo’-ren ostean, “Madres”, “Patria”, “Amar es para siempre” eta beste hainbat lanetan ibili eta gero, azken lanak, “Itxaso”-k, ekarri didala berriz ere opari hori bueltan. “Itxaso”-ko lantaldearekin eta lagunekin berriz ere Sevillan bizitakoaren antzeko sentsazioak bizitzeko aukera izan dut. Baina hemen, etxean, Bizkaiko kostaldean eta euskaraz. Niretzat oso garrantzitsua izan da gure ama-hizkuntzan, euskaraz, telesail bat egitea; beti ibili naiz horren atzetik. Izugarrizko gogoa neukan euskaraz fikzioa egiteko. Bat-batean etorri da aukera hau eta horregatik ezin duzu irudikatu zenbateraino izan den pozgarria berriz ere zirrara hori sentitzea hemen egindako telesail batekin. Zer kontatzen da “Itxaso”-n? “Itxaso”, kasu honetan ‘tx’-z idatzita dator, ez delako ‘itsasoa’, ur masa erraldoi hori, baizik eta Itxaso, telesaileko protagonistaren izena. Itxaso Mikel nire pertsonaiaren alaba da eta Mexikon bizi da bere amarekin, Mikelen bikotekide ohiarekin. Itxaso Nerea Mazok hezurmamitzen du eta haren ama, Itziar Atienzak. Kontua da gertaera batek Itxaso Donibanera ekarriko duela. Donibane euskal kostaldeko balizko herri txiki bat da. Gertaera horrek ekarriko du Itxaso bere aitarengana Donibanera, ezagutzen ez duen aita batengana, 17 urtean inoiz ikusi ez duen aitarengana. Eta hor hasten da elkar ezagutzen ez duten aita eta alaba baten arteko istorioa. Telesailak badauka alde pixka bat intimista, kostunbrista hori, aita-alaben harreman horretan pixka bat kokatzen dena. Kirol munduaren ikusgarritasuna ere badu, zeren surfaren munduan kokatuta dago. Mikelen pertsonaia, nire pertsonaia, surfeko txapeldun ohia da, mundu osoan surfean ibilitakoa; behin dena utzi eta gero eta ezagutzen ez dugun iragan ilun bat atzetik duela, herrira itzuli zen surf-eskola bat zabaltzera. Surf-eskola hori da trama guztiaren zentroa, hor gertatzen dira gauza gehienak. Eta badago ere, ondo egon ere, thriller ikutu bat istorioari ‘punch’ handi bat ematen diona. Thriller ikutu hori ematen diona Mikelen lagun onena izandakoa da, Pello. Pello ere Donibanera itzultzen da, eta bada zerbait, iraganeko gertakari ilun bat, Mikelekin lotzen duena, gero istorio guztian zehar flashback-en bitartez ezagutuko duguna eta bat baino gehiago harrituta utziko duena. Tira, esan dezakegu metodoko aktorea zarela, zeren Mikel surflaria da eta aita da eta telesail hau egin aurretik zu ez bata ez bestea… orain, berriz, biak! Bai, serie honekin bihurtu naiz metodoko aktore! Esandako bi gauzetatik bat hasi naiz egiten telesailagatik, surfarena, eta bestea bizitzak ekarri didan opari bat izan da, aitatasunarena. Aurreko urtean, irailean, duela urtebete hasi ginen telesaila grabatzen. Abuztuan hasi nintzen surf-klase batzuk hartzen, itxura pixka bat emateko. Banekien olatuak hartzeko-eta doble bat hartuko zutela; nik bizitza guztian surfa egin izan banu ere ez nuen izango nire pertsonaiari suposatzen zaion maila surfean, baina erabaki nuen klase batzuk hartzea behintzat taula gainean flotatzen ikasteko, taula gainean olatuari itxaroten ikasteko. Eta engantxatu egin naiz. Euria, harria, hotza egin… itsasoan sartzen naiz. Barrualdekoa izaten jarraitzen dut, urretxuarra naiz, baina itsasora gerturatzen naiz ahal dudan guztietan, nire kortxo arrosa hartuta edo orain probatzen ari naizen beste taula batekin. Ez dut esango surfeatzera, zeren ondo-ondo dakidanik ez dut esango. Baina, bai, bainu bat hartzera. Gainera, erabaki dut horrela hartzea nire zaletasun berri hau: lasaitasunetik. Bainu bat hartzera joaten naiz ni; olatuak hartzen baditut, olatu bakoitza opari bat da. Baina zenbaitetan gertatu zait, goizean goiz jaiki, itsasora gerturatu eta eguzkia irteten ikusi taula gainean zaudela, beste jende batekin momentu hori partekatzea. Eta horrek ekartzen didan bakea eta ematen didan hori da surfari eskatzen diodana. Banoa poliki-poliki ikasten, zutik jarri bai, olatuak bakarrik hartzen ditut, ozta-ozta asmatzen dut ezkerraldera edo eskuinaldera joan beharra daukadan… baina asko gozatzen ari naiz, egia esan. Ez da askotan gertatzen ofiziotik afizioa etortzea. Ez eta, gainera, ikusten ditut paralelismo asko gure ogibidearekin. Batez ere, aktore lanarekin. Zeren surfean ere frustrazio asko dago, oso poliki eboluzionatzen da, jakin behar duzu behin eta berriz erortzen eta berriz ere jaiki eta arraunean aurrera egiten. Eta nik askotan ikusten dut gure bizitza profesionalarekin paralelismo handia duela. Eta horrek ere erakusten dit bizitza profesionalari nola begiratu, lehen aipatzen genuen bezala, erlatibotasun handiz ezetzak eta eroriko guztiak barneratzen. Inoiz entzun izan dizut zure bertute handiena akats batetik datorkizula; alegia, ezezkorik ematen ez jakitetik. Ez dakit horrek, kontuak egin badaitezke bizitza honetan, bertute edo akats horrek, zer ekarri dizun gehiago, onetik ala txarretik? Onetik, inolako zalantzarik gabe. Zeren ezetz esateak askotan, nire kasuan behintzat, zerbaiti ezezkoa ematean iruditzen zait zerbait galduko dudala, zerbait bizitzeari uko egin diodala. Eta nire bizitza izango balitz abentura-liburu horietako bat, bide desberdinak aukeran ematen dizkizuna, nik aukeratu nahiko nituzke bide guztiak. Bide bakoitzak nora naraman jakin-minez nengoke, jakin gabe bide bakoitzak nora naraman. Ze hori ere horrela da, ez zait gustatzen jakitea guztiz urrats bakoitzak nora eramango nauen. Hori da bizitzaren xarmetariko bat, dena idatzita balego… Bai, baina izurri moduko bat da, nahi dugu jakin beti gauzek nora garamatzaten, oso ‘segurolak’ gara. Hegan egin nahi dugu, baina txorkatilari lotuta sokatxo bat daramagula. Baina hori ez da hegan egitea, hori kometa bat izatea da. “Itxaso”-z ari ginelarik, Jon, egun gauzak dauden bezala, euskarazko halako ekoizpen batean lan egitea pribilegio bat dela ere esan daiteke. Ikus-entzunezkoen denboraldi berria hasi berritan, euskarazko ekoizpenak urriak direlako. Eta, gainera, ez dakit, gure belaunaldikooi hori oso arraroa egiten zaigu eta tristea. Zeren gu euskarazko fikzioa ikusten hazi gara, dozena erdi ekoizpen ia aldi berean. Euskal fikzioari dagokionez, telesailez ari garelarik behintzat, zeren egia da zineman kalitate handiko ekoizpenak egiten ari garela azken urteetan, baina telesailen inguruan ikusten duguna ez da oso pozgarria. Eta ez dio erantzuten benetako eskaerari, ezta? Ez profesionalen eskaerari zuen kasuan, baina ezta ikus-entzuleenari ere… Bai, guk sentitzen dugu jendeak eskatzen duela. Ez dakit oraintxe bertan zein den arazoa eskaera eta eskaintza horren artean gatazka hori egoteko. Niri gustatuko litzaidake euskarazko ekoizpen askoz gehiago ikustea, euskarazko ekoizpenetan lan gehiago egitea kanpora atera beharrik gabe, edo behitzat aukera izatea etxean lan egiteko gure ama-hizkuntzan. Baina egia da oraintxe bertan eskaintza urria dela. Ikusiko dugu plataforma berrien bitartez, esate batera ETBk abian jarri duen Primeran plataformarekin-eta gauza pixka bat animatzen den. Eta ea guk, garai batean bezala, orain ere askoz ere ekoizpen gehiagoz gozatzekoa aukera dugun. Etxean egindakoa, edo behintzat zuk zeuk egindakoa hasieratik bukaeraraino, zure azken bakarrizketa, “Tu-Tum, Platz!”. “Tu tum Platz!” jaio da, bai. Gainera, kasik Teorekin (nire semea) batera! Estreinaldia maiatzaren 5ean izan zen Tolosako Leidor antzokian eta Teo maiatzaren 2an jaio zen. Leidorrera maiatzaren 5ean iritsi nintzen ospitalean hiru gau emanda. Nik sentsazioa daukat oso ondo atera zela, ikusleen erantzuna bikaina izan zen. Baina nik amari, anaiari eta ingurukoei aitortu nien bazeudela momentu batzuk, ez oholtza gainean nengoenekoak, baina bai gerokoak, oroitzen ez ditudanak. Eta ni beti oroitzen naiz, zer esan dudan, argiak pixka bat ematen badu non dagoen nor... matematikoa naiz. Baina egun hartako zenbait momentu ahaztu ditudala ohartu naiz gerora. Ez oholtza gainean, han bota omen nuen bota beharreko guztia, baina gerora baditut bai halako pasarte batzuk ahaztuta. Lehenengo aldia izan zen nire aktore bizitzan, funtzioa hasi baino bost minutu lehenago dena bertan behera utzi, furgoneta hartu eta alde egiteko gogoa sentitu nuena. Pentsatu nuen neurekiko, barkamena eskatuz bideo bat grabatzea eta dena. Baina ez, azkenean “Arturo erregea”-ren kantua entzun nuen (abesti horrekin hasten da “Tu, Tum, Platz!”) eta kantua entzuteaz bat pentsatu nuen: «Atera beharra daukat!». Zorionez oso ondo atera zen. “Tu-Tum Platz!” izan da nire itzulera ‘stand up’ formatura, umorezko bakarrizketen formatura. Horrekin hasi nintzen duela ia 23 urte, 2000. urtearen bueltan, unibertsitate garaietan sartu berri nintzela, eta berriz ere itzuli naiz gogo handiz. Gogoa neukalako, eta, gainera, Teo bazetorrela jakin nuenean, guk aktoreok, eta autonomook, baja kontuak eta dauzkagun bezala edukita, erabaki nuen ikuskizun berri hau idatzi eta muntatzea. Hortik sortu zen “Tu-Tum, Platz!”; nire aitatasun baja dela esan dezakegu. Azkenean, sentitzen nuen zerbait sortu beharra neukala etxetik gertu egon nahi nuelako; beharra nuen, hori sentitzen nuen. Garbi neukan bueltatu nahi nuela ‘stand up’-aren formatura eta euskaraz. Baditut emanaldi batzuk ere gaztelaniaz, oso gutxi, eta itzultzen hasi naizenean ohartu naiz ikuskizun honek euskaraz duela benetako zentzua eta arima. Eta, gainera, euskaldun batek euskaldunentzako egindakoa dela. Gaztelaniazko bertsiorako gauza berriak ari naiz asmatzen, zeren ohartu naiz ez dutela formula berberek funtzionatzen bi hizkuntzetan. Umoreak baditu klabe unibertsal batzuk, eta horiek ere kontuan hartu ditut lan hau idazterakoan, baina ohartu naiz bai buruak eta baita bihotzak ere euskaraz egitera eta pentsatzera eraman nautela, eta benetan eroso sentitzen naiz. Oso pozik nago jasotako berotasun guztiarekin, eta ikusleen jarrerarekin, eta izugarrizko gogoz nago datozen emanaldiak egiteko. Beti joaten naiz gauzak moldatzen, gauza berriak sartzen; nire kide batek baino gehiagok esango lidakete txoratuta nagoela! Txiste horiek gordetzeko beste lan baterako, baina nik ezin dut. Datorkidana bota behar dut eta horrek bilakatzen du “Tu-Tum, Platz!” ere zerbait bizia. Baten batek hogei saio ikusten baditu, hogei emanaldi ezberdin ikusiko dituela ohartuko da. “Stand up”-ak bizi du halako loraldi bat, alde bikoa, gero eta emanaldi gehiago daudelako eta publikoa ere gisa honetako emanaldien irrikaz dagoelako. Horrek ere eragin du zure itzuleran? Horrek eragin dit eta indarra eman dit ehuneko ehunean! Ez dakizu niretzat zer esan nahi duen... esan bezala, ni duela 20 urte hasi nintzen euskarazko bakarrizketak egiten; oso gutxi ginen orduan bakarrizketak euskaraz egiten genituenak. Euskaraz umorea bai, noski, beste batzuek egin zuten guk baino lehenago, eta haiei esker gaude gu hemen. Behin Twitter-en jarri nuen bezala, «gu sortu ginen Kike beretik sortuko dira besteak!». Egia da erreferente bikainak izan ditugula euskarazko umoregintzan eta horregatik egiten dugula guk ere umorea euskaraz. Baina egia da garai hartan euskaraz ‘stand up’-a egiten genuenak oso gutxi ginela. Eta eskertu nahi diet garai hartako programatzaileei euskaraz egindako ‘stand up’-ak programatzeagatik, zeren bazen moda moduko bat, batik bat estatutik etorritako proposamenena, “El club de la comedia” eta gisakoena, baina egia da egon zela halako oihartzun bat esanez bazirela euskarazko ‘stand up’-a egiten zutenak ere, eta eskertu nahi nieke hasi berritan genbiltzala aukera eman ziguten guztiei. Orain, oso pozgarria da eta asko hunkitzen nau nolabaiteko euskaraz egindako ‘stand up’ panorama bat eta zirkuitu bat badagoela jakiteak. Gainera, hor dabiltzanetariko batzuek lehen pausoa gure saioan eman zuten, Aitziber Garmendia, Kepa Errasti eta Getari Etxegarairekin batera egiten nuen “Barre librea” saioan, eta hori gu laurontzat izugarria da. Eta oso pozgarria da jendea ze erantzun ematen ari den ikustea ere. Donostian, esate batera, Dokan Probalekua sortu dute Hiru Damatxokoek. Sekulako ideia iruditzen zait umoregileek probak egiteko esparru bat izatea. Iraupen txikiko bakarrizketez osatutako gau bat osatzen dute. Izan dut halako gau batean izateko aukera, eta oso gustura eta hunkituta amaitu nuen. Horrelako gauzek sekulako osasuna ematen diote indar handiz birjaiotzen ari den panorama honi. “Tu-Tum, Platz!”-en ere eskaintzen diot tarte bat panorama berri honi. Azaltzen dut gero eta gehiago garela euskaraz bakarrizketak egiten ditugunak, eta esaten dut zenbat eta gehiago izan orduan eta hobe dela. Oso pozik nago euskarazko ‘stand up’-ak bizi duen loraldi hau dela eta. Bi hamarkada atzera eginda, zer mantenduko zenuke hasiberria zen Jon Plazaola hartatik eta, alderantziz, zer da orain irabazi duzuna? Ibilbide batek, urteak pasatzeak zerbait ematen badizu, esperientzia da, eskarmentua da, ibilbidea bera da. Ibiliz ikasten da oinez, eta ikasten da beste edozer gauza ere. Eta izugarria da bat-batean sorburura bueltatu eta ikustea zure erreminta-kaxan askoz ere erreminta gehiago dituzula hasieran baino. Eta jabetzea, horrekin, askoz ere gauza gehiago egin ditzakezula, teknikoagoa zarela, badituzula erreminta gehiago jendeari barre algara bat ateratzeko, zerbait ezkutatu eta geroago ateratzeko... gauza horiek guztiak egiteko. Zer botatzen den faltan, beharbada? Bada, inozentzia. Hasierako garaietako, inozentzia. Kontu hartu ni oso gazte hasi nintzela, hemezortzi urteren bueltan, umemoko bat nintzen! Egiten nuena oso traketsa, primarioa zen, baina oso purua, freskotasun hori ezin da errekuperatu. Plantak egin ditzakezu, inuzentearen plantak, baina jendea ohartu egiten da. Jarraitzen du, garai hartako Platzek bezala, egungo Platzek ere ganberro bat izaten, eta gustatzen zaio mugekin jolasean ibiltzea, baina askoz ere pausatuagoa da. Errepasoa amaitzear gaude... Zenbat gozatzen den halakoekin. Askotan esan dut halako elkarrizketak badirela gela txukuntzea bezala, gauza bakoitza bere lekuan jartzen laguntzen dizute, atzera bakarrik ez, barnera begiratzen ere jartzen zaituztelako. Horrelakoetatik beti ateratzen gara ordenatuagoak eta geure buruarekin bakean. «Arte munduan erakusten zizuten zuk gustuko zenuen horretan ibilbidea hasten: aitzur bat ematen zizuten zuk zeuk zure bidezidorra egin zenezan. Beharbada, hori izan zen Arte Ederretako ikasketetatik atera nuen irakaspen nagusia» «Niretzat oso garrantzitsua izan da gure ama-hizkuntzan, euskaraz, telesail bat egitea, beti ibili naiz horren atzetik. Izugarrizko gogoa neukan euskaraz fikzioa egiteko» Izurri moduko bat da, nahi dugu jakin beti gauzek nora garamatzaten, oso ‘segurolak’ gara. Hegan egin nahi dugu, baina txorkatilari lotuta sokatxo bat daramagula. Hori ez da hegan egitea, hori kometa bat izatea da» «Teo bazetorrela jakin nuenean, guk aktoreok, eta autonomook, baja kontuak eta dauzkagun bezala edukita, erabaki nuen ikuskizun berri hau idatzi eta muntatzea. Hortik sortu zen ‘Tu-Tum, Platz!’; nire aitatasun baja dela esan dezakegu»