Sustrai Colina
IRITZIA

Hitzez

S.apurgarria,

“Azaroa” idatzita dagoen lekuan “arazoa” irakurtzen al duzu oraindik? Laburtu dira egunak, udazkendu zaizu larrua, gero eta haize hotzagoa arnasten dute birikek. Urtero eguzki berri bat sortzen den galdetu dizu semeak. Eskuak berotzeko gaztainak erosiko dituzu laster. Halloweeni buruz duzun iritzia bestelakoa ote litzateke, goxokien ordez, gaztainak banatuko balira? Alferrik da, okasiorako irribarrea marrazten dioten kalabaza hutsa zara zu ere. Mugak berriz zabaldu dituztela entzun duzu irratian, zuretzat orain arte itxita zeudela sinetsi, orain arte itxita zeudenentzat ireki direla irentsi.

Muga fisikoa hizkuntzaren bataila irabazi zutenean ezabatu zutela aditzen zenuen umetan. Atzo manifestazioa izan zen Bilbon. Hizkuntzarekin lan egiten duzu zuk, hitzekin bizi zara. Badakizu boterea daukanak erabakitzen duela berben esanahia. Badakizu horregatik zarela zu inposatzailea, antidemokratikoa, terrorista eta historiaren zamak pudore handiz erabiltzera behartzen zaituen beste hainbat irain. Inork ez dio faxista deitzen bera bezala pentsatzen duenari. Bizi zaren hirian, hiru militarrek gazte bat jipoitu dute diskoteka atarian. Ez dakizu berria nola iritsi zaizun ere. Sarraskia deitzen dioten genozidioa dakar telebistak zuzenean. Bai, zuk ere zerbait idatzi beharko zenuke Israeli buruz. Ez al zenuen hizkuntzarekin lan egiten? Ez al zinen hitzekin bizi? Gerra bati sofako mantapetik begiratzeak lotsatzen zaituela konta zenezake, amorratzeko motiboak pilatu ahala ezinak intentsitatea galtzen duela zugan edo, ezinbestean, parez pare daukazuna etorkizuneko telesailek nola kontatuko duten irudikatzeak lotsara itzultzen zaituela berriro. Kosta egiten zaizu bortxa hitzetara ekartzea. Ez duzu ikusezin egin nahi, baina isiltasuna ezkutalekua da askotan; hitza, ikusgarritasunaren aldeko aldarria beti.

Hitzik gabe ez dago gerra intimorik, ez dago intimitate konpartitua laztandu zein arrakalatzerik. Hitzik gabe, alferrik errepikatuko dizute garrantzitsuena ez direla gertakariak, gertakari horiekin egiten duzuna baizik. Hitzik gabe ez dago deus. Isiltasunik ere ez, beharbada. Behin soilik isilduko zarenez, ez pentsatu bi aldiz. Eser zaitez Rosario Villajosen La “Educación física” irakurtzera edo zoaz Jaione Cambordaren “O Corno” ikustera. Urtero sortuko bada, eguzkiak hitzak behar ditu.