7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Lehen sektorea


Txikitan indabak garuntzen ibiltzen nintzen amonarekin. Osabak traktorean eramaten ninduen. Ezkutaketan jolasten genuenean, baserriko korta zen ezkutalekurik onena. Eta bazkalorduan mahaian egoten ziren produktu ia gehienak geure ortukoak ziren. Baserria eta lehen sektorea beti izan ditut alboan, baina sarritan gertuen dugunari ez diogu behar duen besteko balioa ematen.

Astelehena, merkatu eguna da Gernikan, eta gero eta hutsago ikusten dut. Postu gutxiago daude, eta bezeroak ere gehiegi ez. Tomate gorri-gorriak, ogi beroa eta oraindik lumak itsatsita dituzten arrautzak saltzen ibilitzen dira baserritarrak, baina azkenaldian plazan baino erosle gehiago ikusten ditut domeketan ere zabalik egoten den supermerkatuan, plastiko zaporeko tomate cherryak erosten.

Duela egun batzuk ospatu den Urriko Azken Asteleheneko azokan ere, antzekoa. Bizkaiko txoko guztietatik etorriko gazteak ibili ziren plastikozko poltsak hartuta. Barruan, baina, indaben eta euskal pastelaren ordez, kalimotxo beroa zenbat gura.

Dagoen lanbiderik gogorrenetakoa da nekazariena. Ez dago ez iganderik ez jaiegunik. Neguan hotzari aurre eginez, euria ari duenean euripean eta udako egun beroetan izerdi patsetan ibiltzen dira, unean uneko beharrak eginez. Eta ateratzen duten uztatik harago doa nekazarien ekarpena. Bertako produktuen biziraupena bermatzen dute, garapen jasangarria bultzatzen dute eta elikadura osasuntsua sustatzen dute.

Tamalez, baina, belaunaldi berriak baserri girotik aldentzen ari gara. Baserritar gazte gutxi daude, eta daudenak hortxe ikusten ditugu elkarrizketaz elkarrizketa, telebistatik irratira, lanbide exotikoen tarteetako protagonistak legez. Euren aitona-amonek egiten zutena egitea erabaki dute, eta ziur nago elkarrizketak baino nahiago luketela euren lana errazteko dirulaguntzak jasotzea.

Ikaragarria da nolako kalitatea dugun inguruan. Bertako tomate zaporetsuak, sagar urtsuak, letxuga freskoak, ezti gozoa, gazta ketua, piper ederrak. Atzerrian bizi nintzenean, horixe botatzen nuen faltan. Eta orain, bueltan etorrita, mila bider nahiago dut tomate zaporetsu kiloa baserritarrari zuzenean eta merezi duen prezioan erostea, domeketan zabalik dagoen supermerkatuan 99 zentimoko cherry tomate artifizialak erosi ordez. Ea behingoz ikusten dugun nolako zortea dugun, kalitatezko produktu hauek horren eskura izanez. Ea behingoz zero kilometrokoa kontsumitzeko konpromisoa hartzen dugun, lehen sektorea azken sektore bihurtu aurretik!