NOV. 12 2023 ITSAS EKOSISTEMA BABESTEKO AZTIREN EGITASMO BAT Marrazoen joan-etorria ezagutu nahian Itsasoko ekosistemaren osasun onaren seinale da marrazoak ibiltzea. Izua diegu, baina haiengana hurbiltzera gonbidatzen gaituzte Aztiko ikerlariek. Haiek, uretara salto egin eta marrazo urdinekin egin dute igeri. Hamalau ale markatu dituzte. Haien portaerak eta migrazioak aztertzea dute helburu, horrek aukera emanen baitie hobeki zaintzeko. Aztiko taldea, markaketa egun batean. Maite Erauskinek deskribatu du: «Momentua oso polita da, tentsioa dago markatzen ari garenean, eta behin arraina askatuta sentsazioa izugarria da, bozkariozkoa». (©OceanCollective) Maider Iantzi Marrazoen portaera aztertzeko eta Bizkaiko golkoko itsas ekosistema babesteko proiektu baten buru da Azti. Hamalau marrazo urdin markatu dituzte, eta datuen zain daude orain. Arrain horien portaerak eta migrazioak ikertzea dute helburu nagusia, horrek aukera emanen baitie hobeki zaintzeko. Oro har, marrazoen populazioak behera doaz munduan, giza jardueren, bereziki arrantza eta turismo sektoreen, kalteengatik eta ez direlako bertze harrapari batzuk bezala babestu. Euskal ikerketa zentroak erabaki du badela garaia kasu egiteko, eta giza jardueren eta itsas espezieen arteko bizikidetza ona bultzatzeko pausoa eman du. Maite Erauskin Extramianak zuzentzen du egitasmoa eta berarekin elkartu da 7K. Steven Spielbergen film ospetsu hartatik (“Jaws”, Marrazoa, 1975) ikaragarrizko beldurra diegu marrazoei. Eta bitxia da, aunitzez gutxiago erasotzen digutelako, adibidez, behi edo hipopotamoek baino. Eta ez dugu behien erasoen kezkarik. Pelikula haren musika eta tentsioa hezurretaraino sartu zitzaigun, ordea. Itsasoa ezezaguna da jende ugarirentzat eta horrek izua areagotzen du. Aztiko ikerlariak kontrako mezua eman nahi du: «Gizakia ez dago marrazoen dietan, eta inoiz erasotzen badigute, nahasi direlako izaten da, itsas lehoiak edo fokak garela pentsatzen dutelako». Bermeon marrazo urdinekin igeri egiteko aukera eskaintzen dute; «esperientzia itzela» da, berarentzat lasaigarria, eta probatzera animatzen du; hori bai, datorren udan izan beharko du, neguan ez baitago horretarako baldintza egokirik. Arrantza kudeaketa jasangarrian aditua da Erauskin, eta marrazoek Bizkaiko golkoan duten portaera ulertzeko proiektua gidatzen du, espezie horiek eta itsas ekosistema babesteko asmoz. Hamalau marrazo urdin markatu dituzte, eta horien inguruko datuak heldu den otsailetik abuztura bitartean jasotzea espero dute. «Aurtengo proiektua arrakastatsua izan da; talde berria genuen, nola markatu ikasi behar genuen, nola erakarri arrainak, nola manipulatu eta kudeatu... Oso talde polita suertatu da, oso ongi ulertu dugu elkar. Hamalau ale markatu ditugu. Ez da bajarik egon, denak osasuntsu askatu ditugu. Orain datuen esperoan gaude», kontatu digu. Aztiko taldea, markaketa egun batean. Maite Erauskinek deskribatu du: «Momentua oso polita da, tentsioa dago markatzen ari garenean, eta behin arraina askatuta sentsazioa izugarria da, bozkariozkoa». ©OceanCollective MARKAKETA EGUNAK, LUZEAK, POLITAK ETA INTENTSOAK Zail egiten zaio taldea mugatzea, jende aunitzek hartzen duelako parte modu batera edo bertzera, baina bederatzi lagun izan dira irteera guztiak kudeatu eta markaketa egunak bizi izan dituztenak, «egun luzeak, politak eta intentsoak». Batez ere Bermeotik atera dira. Bertan badira bi enpresa marrazo urdinekin igeri egiteko aukera ematen dutenak. Hondarribitik ere abiatu dira, arrantzaleek erakutsitako guneetara. Zazpi ar eta zazpi eme markatu dituzte, metro batetik gorakoak denak. Txikienak 1,20 neurtzen zuen eta handienak, 2,66. Izenak dioen bezala, urdinak dira. Bizkarraldea kolore horretakoa dute eta behealdea txuriagoa; kamuflatu egiten dira; argiak goitik edo behetik ematen duen, kolore ezberdina hartzen dute uretan eta harrapariek zailago izaten dute ikustea. Bi hegal handi dituzte bularrean, eta argalak eta luzexkoak dira, hagitz hidrodinamikoak. Hasieran uste zuten ale gazteak aurkituko zituztela, baina ez da hala izan. «Metro erdi baino gutxiagoko marrazorik, hau da, jaioberririk, ez dugu ikusi. Metro ingurukoak izan dira txikienak, gazte gisa har daitezkeenak, eta oso ale handiak ere ikusi ditugu. Hortaz, oraingoz ezin dugu baieztatu hemengo aleak txikiak direnik; gehiago itxaron beharko dugu emaitza horiek edukitzeko», azaldu du Erauskinek. Nahiko azkar egiten dute markatzea, bost minutu igarotzen dira gehienez marrazo bat hartzen dutenetik askatu arte. Nola erakarri eta manipulatu ere hobetzen joan dira. ©OceanCollective EZ DUTE BESTE HARRAPARI BATZUEN ARRETA BERA JASO Aztik baditu proiektu gehiago; urteak daramatza, adibidez, atunak markatzen. Iaz argitaratu zen, artikulu zientifiko batean, 1960 eta 1970eko hamarkadetatik hona atunak, ezpata-arrainak, marlinak eta bertze espezie batzuk murrizten joan direla eta babes neurriak hartzen hasi direnean hobetu egin direla populazioak. Ez da halakorik ikusi marrazoekin. Ez diete hainbertze erreparatu, gehienetan ez dira ongi kudeatu giza jarduerak, bereziki arrantza eta turismoa, eta ozeanoetako marrazo populazioak behera doaz nabarmen azken hamarkadetan. Horrek gero eta kezka handiagoa sortzen du mundu mailan. «Kasu egiten hasi behar dugu, eta itsas espezie horien eta giza jardueren elkarbizitza nola hobetu dezakegun ikusten», egin du aldarri ikertzaileak. Justu marrazo urdina da munduan ugarien dagoen marrazo espeziea eta baimenduta dago bere arrantza. Berez ez dago egoera txarrean; aurten egin da, hain zuzen, Atlantikoko populazioaren ebaluazioa. Zenbat arrantza daitekeen mugatuko dute, baina oraingoz ez dago arriskuan. Marrazo muturluzea (Mako), aldiz, aurten markatu ez arren Aztiren proiektuaren barruan dagoena, azken urteetan aunitz murriztu da eta ez dago baimenduta arrantzatzea. Hau bai, kinka larrian dago. Bertze hainbat marrazo espezie ere badaude Bizkaiko golkoan, eta hurrengo urteetan horiek ere egitasmoan sartzea nahi dute. ARRANTZA ETA TURISMO ARLOEKIN ELKARLANA Maite Erauskinek esplikatu duenez, arrantzak marrazo populazioak kaltetu izan ditu, baina baliabideak modu jasangarrian kudeatzen badira, denboran mantendu daitezke. «Garrantzitsuena ondo kudeatzea da. Turismoak, aldiz, gurean ez die kalterik egiten marrazoei; kontrakoa. Hemen oso turismo gutxi dago. Beste toki batzuetan masifikatzen hasia da, kudeaketarik gabe; hemen, ordea, bi enpresa bakarrik ateratzen dira udan marrazoengana, eta onura ekartzen diete arrainei, jendeari beldurra kentzen diotelako, eurekin igeri egin dezaketelako, eta ohartu zer garrantzitsua eta polita den gure itsasoan halako arrainak izatea», azpimarratu du ikertzaileak. Arrantzaleekin benetan erlazio ona dutela baieztatu digu Aztikoak. «Guk markatutako marrazo batzuk ikusi dituztela esan digute jada. Beraiekin elkarlanean aritzea oso garrantzitsua da, asko dakitelako inguruaz; ordu asko ematen dituzte itsasoan eta lehen eskuko informazioa parteka dezakete». ©OceanCollective NABIGATZAILE ETA URPEKARIEI DEIA Arrantzaleekin ez ezik, turismoarekin eta jendarteko arlo guztiekin eskuz esku aritzen saiatzen dira Aztiko langileak, jakituria handitzeko eta itsasoa ahalik eta hobekien kudeatzeko. Jendeari eskatzen diote nabigatzen, urpeko arrantzan edo bertzelako jardueretan ari direlarik edozein marrazo ikusten badute mesedez abisatzeko, ikustaldi guztiak apuntatzen ari direlako. Argazki eta bideoak ateratzen ahal badituzte ere aunitz eskertuko diete. Bizi ziklo ezberdineko marrazoak daudela azaldu du Maite Erauskinek. Normalean, ozeano aldera jotzen dute, ez dira kostaldean agertzen, baina inoiz hurbildu dira. «Oso harrapariak dira, eta oso paper garrantzitsua dute itsas ekosistemetan: kate trofikoaren oreka mantentzen dute, beste arrain txikiago batzuk janez. Marrazorik ez balego, arrain txikiago horiek ugarituko lirateke eta katean haien azpitik daudenak jango lituzkete». Gure uretan marrazoak igerian ikustea «ekosistema osasuntsu bat daukagula» adierazten duen seinalea da, beraz. TEKNIKAK Aztiko ikertzaileak arrantzari buruzko datuak eta marrazoak ibiltzen diren zonak aztertzen ari dira. «Asmoa da uneren batean habitataren modelo bat egitea, marrazoek zer baldintza nahiago dituzten jakiteko: ur tenperatura, gazitasuna, elikadura... Hala ikusiko dugu non topa ditzakegun errazago. Informazio hori erabilita, antzemango dugu zein beste itsas ekintzak (nabigazioa, arrantza, urpekaritza…) zapaltzen duen, eta interakzio hori gutxitzen saiatuko gara, marrazoen biziraupena hobeto bermatzeko», esplikatu du Maite Erauskin Extramianak. Azterketa hori egiteko, zientzialariek hainbat teknika erabiltzen dituzte: ohiko markak (identifikatzeko plastiko zatiak) eta satelite marka sofistikatuak, denbora tarte jakin baten ondoren sateliteetara datuak bildu eta igortzen dituztenak. Gaur egun, hamalau marrazo urdin monitorizatzen ari dira marka konbentzionalak erabiliz. Horietako bostek satelite marka aurreratuenak dituzte. 2024ko otsailetik abuztura bitartean, ikerketa zentroko taldeak satelite marken informazioa jasotzea espero du, marrazo horien mugimenduei eta portaerari buruzko datu erabakigarriekin, hala nola jatorria, helmuga eta migrazio ibilbidea. ©OceanCollective KONTU HANDIZ Kontu handiz markatzen dituzte zientzialariek marrazoak, haien ongizatea eta biziraupena zaintzeko. «Nahiko azkar egiten dugu, bost minutu igarotzen ditugu gehienez marrazo bat hartzen dugunetik askatzen dugunera arte. Nola erakarri eta manipulatu ere hobetzen joan gara esperientziarekin», adierazi du proiektuaren zuzendariak. «Emozioa, tentsioa, ardura... gauza asko sentitzen nituen batera hasieran. Orain, esperientzia hartuta, oso profesionalki, oso koordinatuta, aritzen gara taldean. Momentua oso polita da, tentsioa egoten da markatzen ari garenean, eta behin arraina askatuta sentsazioa izugarria da, bozkariozkoa. Marrazoak inguruan edukitzen ditugunean liluratuta egoten naiz; oso politak dira. Markatu aurretik uretara egiten dugu salto, grabatzen ditugu, kamerarekin neurtzen saiatzen gara, arrak edo emeak diren ikusten… uretako momentu horiek zoragarriak dira», kontatu du. KUDEAKETA HOBETZEKO TRESNA Marrazoak markatzea oinarrizko tresna da ikerketa zientifikorako, espezie mehatxatuak babesteko eta itsas baliabideak modu iraunkorrean kudeatzeko. Itsasoko bioaniztasuna babesten eta etorkizuneko belaunaldiek ozeanoez eta hango faunaz gozatzeko aukera izan dezaten bermatzen laguntzen du. Urtebeteko proba pilotua egin dute Aztin, eta 2024aren amaierara arte behintzat jarraitzea espero dute. Azti-k, itsasoaren eta elikagaien ikerketan aitzindaria den zentro zientifiko eta teknologikoak, gidatzen du ekimena. Europar Batasuneko Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Europako Funtsak laguntzen du, baita Lakuako Gobernuak eta eragile gehiagok ere, bertzeak bertze kirol arrantzarekin, arrantza profesionalarekin eta marrazoak ikuskatzeko enpresekin lotutakoek. Las poblaciones de tiburones en los océanos van disminuyendo considerablemente y la preocupación es creciente en el mundo. Azti estudia cómo mejorar la convivencia de estas especies y las actividades humanas.