Sustrai Colina
IRITZIA

Amnistiaz

S.apurgarria,

Inorekin amnistiarik hitzartu al duzu? Gutxitan etortzen dira bat bakea egin eta bakean egotea. Etxe aurreko zuhaitzen hosto gorri-okreak orbeldu arte eutsi behar zenioke esperantzari, euri-tantak teilatuan lehertzen entzutearen plazerez heldu loari. Baina ez, nahiago duzu Irene Pujadasen “Puskak” irakurtzera altxa, asteko otorduak aurreratu ala, besterik gabe, bizikleta estatikoan inora iristen saiatu. Gazte bat hil da aurrera-atzera zabiltzan errepidean, zalantzek eta beldurrek Durangoko Azokarako aurkezpenek bezala desfilatzen dute zugan, ez dakizu Gabonetako argiek zer bistararaziko dizuten aurten.

Seaskak manifestazio nazionala egin zuen atzo. Inork nongoa zaren galdetuz gero, Seaskakoa zarela erantzun beharko zeniokeela pentsatu duzu maiz. Horregatik matrikulatu zenituzten semeak auzoko eskola publikoan. Horregatik zaizu sinesgaitza publiko-pribatu errekinak nola sutzen duen jendea, nola erre bazterrak. Noiz bihurtu zen gaia eskolako gurasoen whatsapp-taldean urtebetetze-ospakizunak adostea bezain lokaztua? Zergatik sentitzen zara epaitua zure semeei buruz hartzen dituzun erabakiengatik? Erosoagoa zaizu EAEko Hezkuntza Legeaz jardutea, zure hezkuntzaren korapiloez baino. Erraz tiratzen zaio aspaldi hautsi zen sokari. Erroei heltzeko eskuak lurrez zikintzeko prest egon behar da eta, gaia edozein dutelarik ere, legeak legeak dira batez ere. Egizu froga, bestela: zer da argigarriagoa, legearen izenburua ala legea onartu dutenen zerrenda? Alferrik da, munduarekiko blindatzea norbere jakin-minari uko egitea ere bada eta, zuk, kuriositatez begiratzen diozu zure zilborrari. Bai, igarri nahi zenuke zergatik itzultzen zaizun lehen baino baldintza prekarioagoetan iragana bueltan, zu zaren zure segurtasun-perimetrotik atera nahi eta ezin dabilena ala, ezinbestean, etorkizunari begiratzen jarri eta ezer ez ikusteak eramaten zaituen zerbaiti heltzera.

Bizitzea galdera berdintsuei aro ezberdinetan erantzutea da, agian. Batzuetan, atea giltzaz ixtea askatasunarekin nahasten duzu, ordea; memoria gerta zitezkeenekin beteta daukazula entzun dizut inoiz.

Bitartean, hedabideetan zu bezala gizon zuri heteroak baizik ezin daitezkeela aritu oroitarazi dizute “Deforme Semanal”-ekoek. Zure buruarekin amnistia sinatu nahi baduzu, egizu zerbait, etxe aurreko zuhaitzen hosto gorri-okreak orbeldu baino lehen.