7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Nola azaldu?


Azkenaldian, sarritan egiten dit semeak galdera bera: «Ama, hil egingo zara?». Inozentziaz beteriko galdera da, baina niri barrua astintzen dit. Nola azaldu, ez dakidala noiz hilko naizen. Nola azaldu, izua ematen didala bihar hiltzeak. Nola azaldu, bera hazten ez ikustea dela nire beldurrik handiena. Nola azaldu?

Lizarrako ikastolan ere heriotza deitu gabe sartu da ikasgelan. Egun batetik bestera, Mateo ez dela itzuliko barneratu behar izan dute klasekideek. Egun batetik bestera, bizitza ze krudela den ikasi dute ikaskideek. Heriotza guztiak dira azaltzeko zailak, baina Mateorenak muga guztiak gainditzen ditu. Nola azaldu, aitak bota zuela Urbasako amildegitik? Nola azaldu, amari min egitearren hil zuela aitak bere semea? Nola azaldu, gorrotoak irabazi ziola maitasunari? Nola azaldu, azalpenik ez duena? Nola azaldu?

Gazako umeek ere kolpean ikasi dute zer den heriotza. Asko guraso barik geratu dira, aitona-amona barik, neba-arreba barik. Euren begiz ikusi dituzte odola eta heriotza. Sarraskiaren lekuko izan dira. Nola azaldu, politikari batek eman duela beraiei eraso egiteko agindua? Nola azaldu, mendekua dagoela milaka heriotza horien atzean? Nola azaldu, gerra honek ez duela aurki amaitzeko itxurarik? Nola azaldu, Gazako herritarrak erailtzen jarraituko duela Israelek? Nola azaldu?

Disneyren “Coco” filmak erakusten duena baino askoz gordinagoa da heriotza. Hiltzen garenean ez dago atzera bueltarik. Eta ez dut uste heriotzaren ostean musikaz, dantzaz eta kolorez beteriko mundu bat dagoenik. Film honek umeei ikusarazten die heriotzaren ostean festa datorrela. Baina heriotza ez da festa. Heriotza mina da. Heriotza tristura da. Heriotza amaiera da.

Ez da erraza umeekin heriotzaz hitz egitea. Izan ere, geuri ere kostatu egiten zaigu jaio garen moduan hil egingo garela ulertzea. Psikologoek, baina, gaia naturaltasunez jorratzeko gomendatzen dute. Errealitatea ezkutatu barik, ahalik eta modu gertukoenean azalpenak ematea. Beraz, arnasa hartu eta semeari erantzutea erabaki dut: «Noizbait, bai, hilko naiz, baina ahalik eta beranduen izatea nahi nuke».