Sustrai Colina
IRITZIA

Espero denaz

S.apurgarria,

Zer biharamun utzi dizu osteguneko greba feministak? Zein abesti aukeratu zenuen Laboa oroitzeko? Ezer esanguratsurik gertatu da zure bizitzan abenduaren 2 batez? Gaur Euskararen Eguna da. Ez zenukeela horri buruz idatzi behar iradoki dizu senak, gaiari iskin ez egiteko agindu gogoak. Bihotzarekin ala buruarekin hartzen ote dituzu erabakiak? Brigitte Giraud-ren “Vivre vite” irakurri behar izan duzu, gerta zitekeena irudikatzea gertatzen dena kontatzeko modua baizik ez dela ulertzeko. Baina gaur abenduaren 3a da, Xabierko Frantziskoren eguna sinestunentzat, igandea ateoentzat eta Euskararen Nazioarteko Eguna zu bezalako zutabegile ogrojakileentzat. Zugandik espero denari ihes egin behar zenioke. Ez zaizu inork inoiz asmatu gabekorik bururatuko. Zure saldokoak hauspotzeko hitzak papereratu ditzakezu, bestela. Apaiz guztiek zaintzen dute euren parrokia. Badakit, zergatik ez duzu ondoko lerroaldia izenpetzen eta bidaltzen?

Gaur euskararen eguna da. Igandero bezala, aisialdi programatuan, mendigoizalez jantzitako gizakiek ibai ertzetik paseatuko dute, marianitoa dastatuz zoriontasuna antzeztu baino lehen. Euskararen eguna egunero dela txiokatuko du norbaitek. D ereduak euskaldunduko ez dituen haurrak ez dira etxepeko ingelesezko ludotekara joango. Urteko egun guztietan zabalik dagoen plazako supermerkatuko jabeak zure koherentziari burla egingo dio, gaur ere bazkaltzeko arroz bila sartzen ikusten zaituenean. Zure semeek jostailuen katalogoa polizia zientifikoak krimenaren eszena nola aztertuko dute, Olentzerok eta Mari Domingik magia egin dezaten. Hurrengo egunetan zubia dutenek, furgoneta erosi ahal izatea amestuko dute; furgonetadunek autokarabana ekartzeko kontuak egingo dituzte. Euskal idazle zein musikariek kezkaz bezain ilusioz begiratuko diote Durangoko azokari. Etxepean marianitoa edanez zoriontasuna antzezten ari diren gehienek ez dute jakingo Durangoko azoka badenik ere.

Honako hau ere erantsi zenezake.

Gaur Euskararen Eguna da. Ana Burgos antropologo katalanari irakurri zenion ez zela nahikoa jaietan puntu morea jartzea edo ezetz beti dela ezetz dioten kanpaina instituzionalak egitea. Administrazio askok zuritzen ditu ardurak ekintza puntualekin.

Ez galdetu niri zer egin behar zenukeen. Esku garbiegiak dituzu zuk ere.