7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Galtzaraborda, hiri-sutura

VAUMM arkitektura estudioak Errenteriako auzo baten zati bat birgaitu du. Hau da Galtzaraborda, 60ko hamarkadan eraikitako langileen auzoa. Aparkalekuen arazoa konponduz, irisgarritasuna konpontzen duen azpiegitura bat sortu dute, leku publiko, berdegune eta aisialdi toki berriak eskainiz.

Argazkian, Galtzaraborda auzoa, gaur. (Irudiak: Aitor OrtizProiektua: VAUMM arkitektura eta hirigintza)

Aurreko artikulu batean aparkalekuek gure kaleetan pribatizatzen duten azaleraz hitz egin nuen, eta espazio hau askatu eta beste zerbaitetarako ibili ahal izateko aparkaleku-eraikinen ideia aurkezten nuen. Ibilgailuentzat erreserbatutako batez besteko ⅔ hauek kale estandarren kasuak litezke, baina badira muturreko egoera batzuk, langile auzoenak, duten kokapen orografikoarengatik eta eraiki diren garaiarengatik, oinezko biztanleak ia erabat arbuiatzen dituztenak.

Euskal Herrian bertan eraikia dugun kasu batez hitz egin nahi dut gaur, VAUMM arkitektura bulegoak gure herrialde maldatsu honetako langile-auzo batean gauzatutako eraikin multifuntzionalaz.

Galtzaraborda 60ko hamarkadan Errenterian eraikitako langile-auzo bat da. Gerra zibilaren ondoren, Euskal Herrian izandako berrindustrializazioaren testuinguruan fabrikak jartzearekin batera, enpresak beren langileentzako etxeak eraikitzera behartuta zeuden, hona zetozen etorkin gazteei estalpea emateko.

Dagoeneko hirurogei urte pasatu dira, eta garai hartan etorritako gazteek orain laurogei urtetik gora dituzte, adinak dakartzan mugikortasun arazoekin. Mendi hegalean urgentziaz eraikitako auzo hauek, eskaileraz eta kale estuz beteak, oztopo bat dira etxetik irteteko, eta auzo mailako espazio publiko eta berdeguneen absentziak distantzia motzera jendearekin biltzeko tokirik gabe uzten ditu bertako biztanleak.

VAUMM-en proiektua auzoaren erdian urbanizatu gabe geldituriko orube batean garatzen da, urteetan zauri ireki baten modura mantendu zen gune batean. Hasieran garajeak eta irisgarritasun arazoen ebazpen huts bat eskatzen zuen lehiaketari, espazio publiko eta berdeguneen bidez jositako toki berri batekin erantzun zitzaion, biztanleen beharrei erantzuteaz harago, bizi kalitatea hobetzeko proposamena aurkeztuz.

Programa 111 aparkaleku biltzen dituzten bi eraikinetan banatzen da, eremuko puntu baxuenean eta altuenean kokatuak. Bi eraikinak erdi lurperatuta daude, lurrazalaren desnibeletara hobeto moldatzeko eta, aldi berean, autoen eskala izugarriaren inpaktu estetiko eta bolumetrikoa murrizteko, auzoko gainerako etxebizitzen pareko dimentsioetara egokituz.

Eraikinetako aparkaleku plaza irekiek eta fatxadetako U formako beira-izoztuzko bloke gardenek helburu anitzak dituzte atzean. Alde batetik, espazioa seguruagoa bihurtzen da, hauei esker barnetik zein kaletik dabilenak espazio guztian gertatzen ari dena ikus baitezake. Bestalde, kontrajarritako bloke hauen artean sortutako zirrikituetatik aparkalekuko aireztapena naturalki gauzatzen da, ibilgailuek sortutako konbustio keak kanporatzeko instalazioetan aurreztuz. Gainera, aurretiko baldintzekin bat diseinatuta, kolorez eta formaz betetzen dira barnealdeak, jatorriz gogorrak diren espazio hauei grazia ukitu bat emanez. Azkenik, helburu handinahiena da, eraikineko solairu guztiek fatxada izanik, etorkizuneko erabilera aldaketei aurre egin diezaioketela, parke batean kokaturiko erabilera publikoko ekipamenduak bihur daitezkeela.

Kanpoaldean, eskailera, arrapala eta igogailu sareak auzoaren puntu baxuena (Errenteria Donostiarekin lotzen duen trenaren geltokia) kota altuenarekin konektatzen du. Irisgarritasun elementu hauek txertatu berri ditugun eraikinez baliatzen dira, batzuetan elementu berak erabiliz (arrapalaren estalkitik igotzen diren eskaileren kasuan bezala), eta, besteetan, alboetatik pasatuz eta mendi hegalean sakabanatuta zeuden kaleekin zeharka konektatuz. Estrategia hauen bidez inguruko bost kaleren eta bertako etxebizitzen irisgarritasuna hobetzen dute modu burutsu eta integratu batean.

Amaitzeko, eraikin bakoitzaren gainean plaza bat hedatzen da, zeinei kokapenaren arabera funtzio bat ematen zaien eta, ondorioz, ezberdin diseinatzen diren. Zoladura gogorrak eta berdeguneak proportzio ezberdinetan nahasten dira, eta bertan haur jolasak, banku askeak, harmailak eta bestelako hiri altzariak txertatzen dira, natura eta biltzeko espazioak pixkanaka auzoan sartzearren.

Hala, begien bistaz ikusten diren beharrei erantzuten dioten zuzeneko soluzio estandarretatik ihes egin eta sakonki pentsatutako eta detaileraino landuriko arkitektura adibide bat dugu hemen, bertako biztanlerian pentsatuz eta eremuaren egoera sentsibilitate handiz ulertuz, auzoari eginiko oparia.