7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Jantzi eta erantzi

«Un cuarto en llamas» gazteek zuzendutako eta gazteentzako sormen gune bat da. Madrilgo Condeduque Kultur Etxean garatu den Masquepalabras Kolektiboaren ekimena. Egileak hango proiektu arkitektonikoa eta gune horretan egin daitekeen guztia azaltzen du.

Planoak proiektuaren aukera desberdinak erakusten ditu. Argazkietan, eraikinaren barrualdea, argiak piztuta eta itzalita. (José HeviaProiektua: Lys Villalba eta Lluis Alexandre Casanovas Blanco)

Nola esku hartuko zenukete babestuta dagoen ondarean, kreatibitatea eta ilusioa galdu gabe? Lys Villalba eta Lluis Alexandre Casanovasen proiektuak -antzina koartelak ziren Condeduque eraikinean kokatzen denak- bizia ematen dio ondarearen ikuspuntutik babestuta dagoen erabilera anitzeko aretoari.

“Un cuarto en llamas” moduan bataiaturiko interbentzioak argi erakusten du nola piztu daitekeen ‘sua’ gazteei zuzenduriko elkarrizketa eta kultur sorkuntzarako espazio batean. Sormena nagusi den ingurunea Masquepalabras Kolektiboaren ekimena da, eta gazte asanblada baten kolaborazioarekin batera kudeatzen da. Bertan imajina daitekeen oro egosten da, edozein diziplinatakoa izanik ere; hala nola kontzertuak, hitzaldiak, performance-ak, poesia errezitalak, antzerkia, bideoa, dantza edota streaming-ak.

Condeduqueko erabilera anitzeko aretoa basilika-oinplanoko espazio irekia da, granitozko zutabeen eta adreiluzko hormen hiru hormartek definitua, leku berezia benetan. Alabaina, eraikina babestua dagoenez, mugatuta daude egin daitezkeen esku hartzeak eta ezin da inolaz ere jatorrizko elementurik aldatu, zulatu edota itsasgarri kimikoen bitartez finkatu. Aurrekari horiek erronka bilakatzen dute lekua eraldatzea, erabilera berriek espazioaz jabetu ahal izateko. Nola bihurtu aretoko materialtasun solemnea sorkuntza poetiko eta artistikorako gune? Nola moldatu haren konfigurazio zurruna uneoro eraldaketan dauden laborategientzat eta komunitateen komunitatearentzat? Eta nola egin, gainera, ondarearekin errespetuz jokatuz?

 

“Touchless design” eta “Mobiliario Feat” kontzeptuen bidez Villalbak eta Casanovasek erantzuna eman diete osotasunean proiektuko zailtasunei eta oztopoei, eta, sormena sustatzea helburu duen aretoan, beraiek ere euren sormen ekarpena egiten dute. Proposamena 400 m2-ko aretoaren erabilera berria posible egiten duen geruza gisa uler daiteke, itzulgarriak diren elementuz osatuta dagoena. Lehenengo kontzeptuari -ukitzen ez duen diseinuari- jarraituz, espazio eszeniko bat diseinatzen da materia ahalik arinenarekin; granitozko zutabe astunak negutegietako oihal plastikoekin estaltzen dira, autoreek dioten moduan, kolore arrosa eta neoizko argiztapena duen ‘txandala’ janzten zaie. Espazioaren argi baldintza aldakorren arabera, atzean gertatzen dena agerian uzten da edo ez, sentsazio desberdinei eta egoera bereziei lekua eginez. Aretoko arkitektura ondare elementuen jantzi berriak airean zintzilik geratzen dira. Horretarako, feltrozko lau kuxinetan bermatutako tensore sistema batek kapitela besarkatzen du goialdean, osagai zaharren eta berrien arteko ukitze azalera -errespetuzkoa eta itzulgarriaz gain- gutxienekoa izatea bermatuz. Behealdean lau pisuk outfit-a egonkortzen dute, eta alboetan 3 metroko luzerako kremailerak dauzkate, espazioa janzteko nahiz eranzteko.

Bestalde, mugimendua eta aldaketak aurreikusten dituen espazioa altzariz hornitzea ataza konplexua izan da, eta bere pisua dauka proiektuan. “Altzarien arteko kolaborazioa” izendatu duten sistemak konfigurazio desberdinak ahalbidetzen ditu, zortzi mahairen konbinazioaren eta berrantolaketaren bitartez; esate baterako, goizez ordenagailuan lan egiteko azpiegiturak dira, eta arratsaldez, berriz, musika-ekipoentzako euskarriak. Elementuak espazioan zehar sakabanatzen dira, egoera orori erantzuna emanez. Horien diseinu estua apropos pentsatuta dago, mahai bakoitza hiru pertsonek partekatzeko eta euren artean solastatzeko -diagonalean-. Aldiz, helarazten digun estetika arina ziurtatzeko, pisu sistema berezia ezarri zaie hanken eta zurezko xaflaren argaltasunaren arteko distantziak eragin ditzakeen deformazioak egonkortzeko.

 

Sormenez gidaturiko esperimentu moduan ere izendatu daiteke proiektua. Gela bakar baten birmoldaketa hutsa bezala ikusten dutenak ere egongo diren arren, ahalegin handia suposatzen du irudietan ikus daitekeen emaitzara iristeak, elementuen arteko ahaidetza berriak eratzen baitira neurrira eginiko mekanismoak sortzeko. Xehetasun guztiak mimoz landuta daude.

Ilusioa ez da galtzen ondareak ezarririko mugen aurrean, baizik eta itzulgarria den kreatibitate dosiak bertan amets egiteko espazioa oparitzen digu. Espazioa jantzi nahiz erantzi dezakegu, aurretiko egoerara itzultzea ahalbidetuz.

Nahitaezkoa da sormena lantzeko espazio bat sormenetik abiatua izatea, inguratzen gaituenak hegan egiteko aukera eman behar digu. Strathern-ek eta Haraway-k dioten bezala, «garrantzitsuak dira beste ideia batzuk pentsatzeko erabiltzen ditugun ideiak, garrantzitsuak dira beste istorio batzuk kontatzeko kontatzen ditugun istorioak, garrantzitsuak dira zein korapilok lotzen dituzten beste korapilo batzuk».