DEC. 24 2023 IRITZIA Olentzero maitea Amaia Uribe Aspaldi da ez nizula gutunik idazten. Urtero utzi didazu opariren bat arbola azpian, baina ahaztuta neukan zure piparen keak sortzen duen lilura eta zure zaku potoloak eragiten duen ilusioa. Azken urteotan, baina, semeak zentzua eman die berriro Gabonei, eta bete-betean sartu zara gure etxean. Azken hilabeteotako elkarrizketetan egon zara, zure etxea ikustera joan gara, galleta bereziak erosi ditugu zuretzat eta gaur gauean zure zain egongo gara. Aitortu behar dizut, iaz arte, zuri baino kasu gehiago egin diogula Santa Claus zure lehengusuari. Baina jakin ezazu mila buelta ematen dizkiozula jantzi gorridun potoloari. Azken finean, nork egiten du barre “jo, jo, jo” esanez? Nik nahiago ditut zure txaleko ileduna, koadrodun zapia eta txapel beltza. Nire haurtzaroa gogora ekartzen didazu. Baserrian batzen ginen lehengusu guztiak. Osabak “zerbait entzun dut!” oihukatzen zuen, eta kalera ateratzen ginen. Beti lortzen zenuen guk zu ikusi aurretik alde egitea, baina baserri barrura itzultzean opariak hortxe egoten ziren gure zain. Izan ere, magia egiten duzu, Olentzero. Badakizu urte zaila izan dugula familian. Baina jaso genezakeen oparirik onena jaso dugu; beraz, aurten ez dizut niretzat ezer eskatuko. Mundua nola dagoen ikusita, badauzkat beste eskaera batzuk. Ahal baduzu, amaiera jarri Gazako sarraskiari. Geldiarazi klima aldaketa. Injustiziak eten. Eta eman gure haurtzaroan izan ez zuen protagonismoa Mari Domingiri. Ea horrela emakumezko lehendakari bat izatera iristen garen! Gure Markeli, bai, ekarri egiozu eskatu duena. Azkarra atera zaigu eta ez dakit gurean zenbat iraungo duen Gabonen magiak. Baina, bien bitartean, bera opariak zabaltzen ikustea da gure oparirik onena. Izan ere, ilusioak irabazi egiten dio kontsumismoari, eta ume baten irribarreak Grinch berari ere pizten dio Gabonetako irrika. Bidea ezagutzen duzunez, lasai sartu etxera. Gehien gustatzen zaizkizun galletak utziko dizkizugu. Eskerrik asko, Olentzero, ez zarenagatik, baizik eta eragiten duzunagatik. Amaia Mundua nola dagoen ikusita, badauzkat beste eskaera batzuk. Ahal baduzu, amaiera jarri Gazako sarraskiari. Geldiarazi klima aldaketa. Injustiziak eten. Eta eman gure haurtzaroan izan ez zuen protagonismoa Mari Domingiri. Ea horrela emakumezko lehendakari bat izatera iristen garen!