Naia Azkuenaga Duran
ARKITEKTURA

Valparaisoko Excarcel kultur zentroa

Garai batean Valparaisoko (Txile) espetxea zenak hamarkada bat darama Kultur Parkea eta eskualdeko toki garrantzitsu bat izaten. Hainbat arte diziplina lantzeaz gainera, elkarbizitza sustatzen duen herritarren topalekua eta parte hartzeko alderdi bizia da.

Valparaisoko Kultur Parkearen irudi desberdinak, lehen espetxea zen inguruan.
Valparaisoko Kultur Parkearen irudi desberdinak, lehen espetxea zen inguruan. (Naia Azkuenaga Duran)

Badira eraikitako proiektu asko, non hasiera eta horren izapidetza herritarrena den. Kolektibizazioa ez da gai berria. Erabiltzaileak izango diren haiek gauzatuko duten proiektuan iritzia emateak eragin zuzena izaten du proiektuan. Ez da programaren gauzatzean bakarrik islatzen, toki berri horrekiko erabiltzaileak izango duen pertenentzian eta, beraz, horren kontserbazio eta baloratzean ere eragiten du inguruneak.

Horrelako proiektua dugu Valparaisoko Excarcel kultur zentroa. Txileko kostaldean kokatutako hiri hau konplexutasun handiko alderdia da. Batetik orografiak, hiria mendi magaletan banatzen du, hauetako bakoitzak auzo bat osatzen duela. Bestetik, herrialde mailako sistemak, Santiagoko portuak eta trenbideak hain zuzen, hiriaren parte lauaren zati handia hartzen du, herritarrek izan zezaketen itsasorako sarrera oztopatuz. Horrez gain, erdibidean, magal edo “cerro”-etara heldu baino arinagoko azken gune lauan, hiri historikoa kokatzen da. Inguru hau bereziki babestuta dauka UNESCO 2003k, eta han egin litezkeen interbentzioak gauzatzeko aukerak asko murriztu ditu.

Aipatutako gai hauek hirian eta, beraz, herritarren egunerokotasunean ondorio nabariak izan dituzte. Zuzkidura publikoei dagokienez, herritarrentzat kalitatezko guneen falta nabaria sumatzen da biztanleria gehien bizi den guneetan, “cerro”-etan hain zuzen. Biztanle talde ezberdinek gai honi buruz jarduten dute aspalditik, eta “cárcel”-eko mendi magalean dagoen kultur zentroa adibide adierazgarriena bihurtu da.

 

2000. urte inguruan, “cerro cárcel”-en kokatutako kartzela lekuz aldatzea erabaki zuten. Bere garaian hiritik aparte zegoen eraikina hirian barneratuta egoteaz gain, instalazioek berritzeko zeukaten premiak ere zer esana izan zuen erabaki horretan. Ondorioz, “cerro”-aren erdigunean espazio huts bat geratu zen, eta herritarrek laster ikusi zituzten lekuak izan zitzakeen aukerak. Gobernuaren erabaki honek herriarentzat aukera berri bat ireki zuen. Hasiera batean parke modura erabiltzen zen arren, handik gutxira auzokideen artean sortutako kolektiboek kartzela eratzen zuten eraikin zaharren aukera ugariez ohartu ziren, eta bertako eraikinen barneko guneak kudeatzeari ekin zioten.

Mendeko lehen hamarkadarako hiriko biztanleak parkearen erabilera guztiz bereganatua zuten, eta elkarren artean espazio honen funtzionamendu egokirako xedeak garatu zituzten. Excarcel-eko kolektiboaren urteetako lanari esker, tarte horretan lortu zuten proiektuari hasiera emateko aukera suposatu zuen helburu nagusia. Gobernuak auzoko kolektiboari espazioa gestionatzeko baimena eman zion. Horrela, kultur ekipamendua izateko, gunearen birgaitze proiektuari hasiera emateko aukera eman zitzaion herriari.

2013an Excarceleko kultur zentro berria zabaldu zen. Gauzatutako proiektua, ingurua eta bertako biztanleriaren beharrak argi ikusi zituen. Ideiaren garapenean bi puntu nagusi finkatu zituzten. Batetik, espazio publikorako ahalik eta azalera gehien mantentzea bilatzen zen, lehen aipatu bezala, hiriko alderdi hauetan oso eskasak baitira kalitatezko ordekak. Bestetik, hiriari ikuspuntu berri bat eman nahi zitzaion, estrategikoa den gune horrek zituen bistak erabiltzaileei zabalduz. Bi gai hauek proiektuaren helburuan ondo islatu zituzten HLPS arkitektoek; beraien hitzetan, gune hermetiko bat izan zena integrazio eta topaketarako espazio bihurtu nahi zuten.

 

Era horretan, proiektua lau ataletan azaldu zuten arkitektoek. Lehenik, eremua garbitu zuten, eta han zeuden eraikinetatik hiru mantentzea erabaki zuten: espainolen polborina, presoen galerietako bat eta sarrerako eraikina. Beste guztia kalitatezko landaretzarekin berregokitu zuten, erabiltzaileentzat itzalguneak sortuz.

Bestetik, mantendutako galeria zaharrean, kotekin jokatuz, ikuspuntu berriak sortu zituzten. Artearekin eta kulturarekin lotutako kolektibo ezberdinentzat espazio tenporalak eskainiko dituen alde hau, kartzelan galeria izatetik klaustro antza duen espazio bihurtuz.

Azkeneko bi puntuak, espazio publikoarekin lotuta daude. Batetik, pasealeku berri bat sortu zuten, kartzelako horma zaharren ondoan, portura eta herrira ematen duten bistak irekiz. Azkenik, orubearen atzeko partean eraikin berria egin zen; han ekipamendu publikoa inguratzen duen eraikin berriko gelak, sarrera eta kafetegia kokatu zituzten.

Emaitza modura, espazioa birformulatzen duen interbentzioa dugu hau, gunea aldatu baino arinago bizitzeak dakarren ezagutzaren ondorio dena. Gaur egun leku honek ez du lotura artearen eta kulturaren inguruko jendearekin bakarrik, espazioa hiriko eta eskualdeko erreferentzia ere bihurtu da.