DEC. 31 2023 HEZKUNTZA LEGEAREN ERRONKAK, PUTZURA «Andueza Legea», lehendakariak egindako agur oparia Hezkuntza lege berriaren aurka eta euskal eskola publikoaren alde, pasatu den urriaren 29an Donostian egindako manifestazioan hartutako irudia. (Gorka Rubio | FOKU) Iker Bizkarguenaga EAEko Hezkuntza komunitateak ezinbestekotzat jotzen zuen Hezkuntza Lege berria, eta EAEko Parlamentuak Hezkuntza Lege berria onartu zuen duela egun batzuk. Eta, hala ere, hezkuntza komunitatea atsekabetuta dago gaur, haserre ere bai. Horrela, besterik gabe idatzita, ez da erraz ulertzen den kontu bat, baina azken hilabeteetan auzi honen inguruan izandako mugimenduak jarraitu dituenak badaki ulergarriak direla biak, atsekabea eta haserrea. Izan ere, hezkuntzaren beharrekin zerikusi gutxi dauka udazken honetan gertatu denak, aurreko hilabete eta urteetan bizi izandakoak ez bezala. Eztabaidak eztabaida, eta oso eztabaida sakonak izan dira, hezkuntza sistemak dituen erronkei erantzuteko legerik aproposena erdiestea izan dute xede hiru urtez solasean aritu diren eragileek. Aldekoek, kontrakoek eta erdibidekoek. Baina Iñigo Urkulluk, legea onartzeko bere gobernuko alderdien botoak nahikoak zirela esan zuenean, ez zuen Hezkuntza buruan. Berdin izan zitekeen Ingurumenari edo Etxebizitzari buruzko legea. Lehendakariak posizio politikoa finkatu nahi izan zuen. Lehenik bere etxean, agintzen zuena bera zela adieraziz; bestetik, mintzakide eta legearen marrazketan bidelagun izandako alderdiaren aurrean -«berdin dit sailburuarekin zertan aritu zareten, nik ez dut zuekin ezer nahi»-; eta, azkenik, gobernukidearekin, alboan eta pozik nahi zuela argi utziz. Euskalduntzeko balio ez duten hizkuntza ereduak mantentzea edo kontzertazio unibertsala ezartzea hezkuntzaren -eta hizkuntzaren, eta herriaren- kalterako direla denok dakigun bezala, Urkulluk denoi argi utzi digu berari bost axola zaizkiola hezkuntza, hizkuntza eta herria, baldin eta botereari eusteko kalterako bazaizkio. Eta horregatik utzi dio Eneko Anduezari legearekin nahi izan duena egiten. Lehendakariak espero ez zuena bere alderdiak ipurdian ostikoa ematea zen. Karma deituko diote batzuek, eta barre egingo du baten batek, baina joan aurretik Urkulluk hor utzi digu «Andueza Legea», izena eman dion politikari horren mesederako eta beste guztion kalterako.