Sustrai Colina
IRITZIA

Familiaz

S.apurgarria,

Ez naiz ausartzen urtea zer moduz joan den galdetzera. Nola egiten dira balantzeak oroitzapenak aukeratzen ez direnean? Nola ateratzen dira ondorioak, gertakariak gogoratzea sasi artean masusta bila ibiltzea denean? Nola jakin ase ezinak ala ase ostean irensten jarraitzeak sortzen duen enpatxua den? Erantzungo ez dizkidazulako pausatzen dizkizut galderak. Bai, badakit enaren itzulerak beste poztu zaituela alkate berriaren bueltak, urteak koadernoak nola estreinatzea gustatzen zaizula, aurretik duzun neguak sosegua eta izua eragiten dizkizula aldi berean. Helduleku bila, zerrendak egiten hasiko zara aurki: gomutena, desioena, damuena, pozena, beldurrena... Zer da adimen artifiziala, excel-garunak eta sentimenduen playlistek irabiaturiko algoritmoa ez bada?

Eta algoritmoak egunotan otorduak konpartitzen dituzun familiakideekin inkonpatiblea zarela salatuko balizu? Egizu aproba: Elena Martinen Creatura ikusi ote duten galdetu, emakumeen desiraren eraikuntza sozialaz aritzeko proposatu, zure sorterrian kanpaikadekin ez dela mahatsik jaten oroitarazi. Ez zara atrebituko.

Ardo eta zorte apur batekin, denborak politikariak mahats-aleak bezala irensten dituela komentatuko duzu, egunero denon etxeko salan egotetik amnesia kolektibora igarotzen direla. Behiala elkarrizketatu zenuen tira-egilearekin akordatuko zara, oraindik agintarien aurpegirik marraztu gabe jarraitzen duela konprobatuko; tentazio handiegia da mandataria ezkutatzean, arazoak desagertzen direla pentsatzea.

Zorte eta ardo gehiagorekin, azken asteetan euskal politikagintzan irudikatutako erreleboari helduko dio norbaitek, haize freskoa beti dela ongi etorria baina emakumeak espero zituela hautagai; aldaketa ez dadila berdin jarraitzeko izan. Orduan, proiekzio publikoa duten zure adin jirako gizonezkoei inbidiaz bezain errezeloz begiratzen diezula aitortzeko parada irekiko zaizu, atzo aurkeztu arren betidanik ezagutzen dituzula, zu bezalakoak direla, (h)egoz eginak, baina nahiago izango duzu mingainari hozka egin eta bihar bertan Karmele Jaioren Maitasun Kapitala irakurtzen hasiko zarela erabaki.

Ez naiz ausartzen urtea zer moduz hasiko duzun galdetzera. Ez dakit isiltasun-pakturik gabeko elkarbizitza-itunik baden. Ez dakit nola eta zergatik maitatzen duzun. Ez dakit atzo ala bihar den gaur.