Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
ESKUBALOIKO KOPA, ETXERA

Kopako begizkoa uxatu zuen Bera Berak, bere zazpigarrena irabazteko

Bera Berako jokalariak, garaipena ospatzen, Granollersen aurka Kopako finala jokatu ostean.
Bera Berako jokalariak, garaipena ospatzen, Granollersen aurka Kopako finala jokatu ostean. (Argazkia: J.L. Recio RFEBM)

Azken lau urteetan Kopan begizkoa zuela ibili da Bera Bera, ordura arte bere txapelketa gogokoena zenean. Bada, 2023. urtean, kantxan inoiz ez bezala disfrutatuta -zoriontsu izatearen leloarekin bidaiatu zuten Malagara-, bere zazpigarren Kopa garaikurra altxatu zuen. Aurreko urtean, Donostian bertan, Guardesen aurka finalerdietan jasotako kolpe galantetik duintasunez altxatu zen Malagako Carpena kiroldegian jokaturiko txapelketan. Elx, Guardes eta Granollers mendean hartu zituen, azken lau urteetan pilatutako pisu osoa askatuz.

Beldur gabe aritu zen Elx bezalako piztia beltz baten aurka. Une klabeetan asmatzen jakin zuen Guardesen aurka. Eta finalean eskarmentuari esker irabazi zuen estreinakoz finala jokatzen zuen Granollersen aurka. Talde gipuzkoarrak 23. titulua eskuratu zuen -hogeigarrena, azken hamarkadan-, XX. mendeko euskal talde loriatsuenetako bat izateraino.

Askok galdegingo dute ea urtero zergatik egiten dugun azpimarra berezia Bera Bera taldean; bada, aipatutako zifrek merezi dutelako. Aurten ez du ligarik irabazi -formatu berriaren ondotik, finalerdietan kanporatua izan zen, Elxen aurka-, baina Kopa eta Superkopa bereganatu ditu. Hurrengo urtean ere tituluen borrokan egongo da, aurreko hamarkada osoan ez da igaro urte bakarra garaikur bat bera ere altxatu gabe. Eta azken hamar urteetan hiru izen nabarmendu dira: Alba Menendez -2007ko lehen Kopatik taldean-, Esther Arrojeria eta Maitane Etxeberria, euskal nortasunarekin, Bera Beraren filosofia lehiakorraren ikur nagusiak.