Jon Jimenez
LITERATURA

Sublimea

2023ko urtarrilaren 6a, Errege eguna. Negu bete-betea hemen bezala Nepalen ere. Alex Txikon (Lemoa, 1981) alpinista eta bere taldea hamalau zortzimilakoen artean zortzigarren garaiena den Manaslu tontorrera heldu da, himalaismoaren historian orri berri bat izkiriatuz. Hil ala biziko kontuetan ez da epikarik, ordea, Txikonen ustez, eta hala bildu du, argazki andanarekin batera, “Manaslu neguan” testigantza lanean. Zer kontatua eta nola kontatua behar da, liburu on bat idazteko. Hagitzetan, alde tekniko-estetikoa gailentzen da merkaturatzen diren lanetan, eta apainduraz estaltzen da hutsaltasuna. Bertzeetan, ideia edota bizipen indartsu bati hitz sinple batzuek egiten diote guganako bidea. Bigarren hauetakoa da aipatu lana. Txikonen opera prima “Mendi biluzia”n bezala, hizkuntza erraz hori euskarara ederto ekarri du oraingoan Juanra Madariagak, nolabaiteko ordaina hartuz aurrekoaren edizio lan traketsagoari.

Bere buruaz aitortzen du Txikonek antsietate punttu bat baduela eta, hala, bizkorki baina ez arinki idatzirik, lehen kapituluan bertan jaulkitzen digu Manasluren tontorrerako joan-etorria. Haize ufadaren ostean, berreraikiz joanen da urteetako saiakera eta porroten atzean dagoen lan eskerga ez hain ederra. Eta, bitartean, jakitun ez bada ere, estetikako eskola bat ere eskainiko digu: «Parajea ederra da, benetan, baina daukadana baino energia gehiago kontsumitzera behartzen nauen toki gogaikarria» ere bai. Edertasunetik areago doan sublimeaz ari zaigu. Kant filosofoaren ustez, atsegina eta izua batera ematen direnean gertatzen da. Zortzi mila metrotan elur jauzi baten arriskuak edo oxigeno faltak bizitzaren eta heriotzaren arteko aldea murrizten duenean, adibidez. Erraiak hain aldrebesturik ditu bertan, ezen «tristurarekin nahasi baita nire poza, eta bat-batean hustasun sakon batek hartu du nire gogoa».

Eta han ere, Manaslun edo Nanga Parbaten, Txikoni ikasten diogu gorputzarekin harreman berri eta estuago bat ematen dela, esperientzia mistiko edo estetiko bat nahi bada. «Une batez, larrua agerian edukitzearen luxua onartzen dut, segundo gutxi batzuetan, nahikoa hotz handia sentitzeko». «Bizi-konstanteak berreskuratzen hasten gara. Uste dut birjaiotzeak honen antzekoa izan behar duela, lo egin ondoren zure giharrak esnatuko balira bezala da. Energia zure zainetan dabilela nabaritzen hasten zara, odola azkarrago balebil bezala, arin, zoli, malgu sentitzen zara… Zure gorputz osoak bere funtzioei heltzen die eta automatikoki egiten du, pentsatu behar izan gabe eta gogoz». Gorputz biluzi bat, larru oso bat, munduaren hoztasun eta indarkeria eder eta izugarriaren erdian paraturik, ttipi, zaurgarri.