JAN. 14 2024 IRITZIA Ausardiaz Sustrai Colina S.apurgarria, Gaur bai, ausartu egingo naiz: zer moduz hasi duzu urtea? Loa berreskuratu, elikadura orekatu, zuretzako denbora hartu, gorputzean egoten eta buruan izaten ikasi, bakardadea nahiz beldurra onartu, daukazuna baloratu, maite dituzunak zaindu, besteekiko etengabeko konparaketan bizitzeari utzi... Ez dituzula zerrendak gustuko? Dilemak nahiago dituzula? Lorazepama hartu ala ez, sagarra edo brownie-a, Ezkabara igo ondoren Yasmina Rezaren “Babylone” irakurri edo hozkailua betetzeko erosketetara irten, zure 0-gunerako sarbidea erraztu ala lehertu arte segi, nahi duzunaren edo zutaz espero denaren arabera mugitu, niri kasu ala entzungor egin ... Utzidazu are ausartagoa izaten: zer sentipen eragin zizun atzoko Bilboko presoen aldeko manifestazioak? Eskola garaiko klasekideen gurasoen atxiloketez eta itsasoz bestalderako mudantzez oroitu al zinen? Gaztaroko adrenalina, zerbait garrantzitsuaren parte izan nahia ala zu ere izan zintezkeenaren izua gogoratu zenituen? Sentitu al zenuen presondegira bisitan joaten zineneko gorputzik? Irudikatu ote zinen gatazkari buruzko zure semeen galderei erantzuten? Zer jakingo dute ETAz, beraien inguruko gehienek ez badakite Mikel Laboaren berri? Azaldu beharko diezu denok daukagula sortu aurreko iragan bat, bihotz betez jokatu zenuela sarri, ergel hutsa izan zinela askotan, badagoela arrazoiak baino estuago lotzen duen ideologia emozional bat. Kontatu beharko diezu zure klasekideen guraso batzuk preso daudela oraindik, fakultate garaian zurekin afaltzera etorri behar zutenetako zenbaitek ezin izan dutela oraingoz hitzordura agertu, orain migratzaileak geratzen dituzten zubietan susmagarrien errailera baztertzen zintuztela. Esplikatu beharko diezu eguna amaitu eta Verde Prato entzutea beste desiorik ez duzula kexatzen zarenean, ez dela indiferentzia, ez dela amnesia. Nola ez zara zartatuko denborak ere egiten badu gainez? Nik bakarrik ez, zuk ere izan behar zenuke ausarta. Bai, gaur berreskuratzen duzun loa galduko duzu bihar, sentituko zara bakarrik, izango zara beldur, besteekiko epaituko duzu zure lana, ziurgabetasunak burua jan ahala irentsiko dizu gorputza, iragana berrikusteak damuak esnatuko dizkizu, etorkizuna asmatzeak mamuak. Zartatuko zarela? Denborak gainez egingo dizula? Bai, baina manifestazioak opa dizkizut, ez arazorik gabeko bizitza bat. Utzidazu are ausartagoa izaten: zer sentipen eragin zizun atzoko Bilboko presoen aldeko manifestazioak? Eskola garaiko klasekideen gurasoen atxiloketez eta itsasoz bestalderako mudantzez oroitu al zinen? Gaztaroko adrenalina, zerbait garrantzitsuaren parte izan nahia ala zu ere izan zintezkeenaren izua gogoratu zenituen? Sentitu al zenuen presondegira bisitan joaten zineneko gorputzik?