Oihana Azkue
NAIZ Irratia. Paraleloan eta Zebrabidea saioetako gidaria
Interview
Iban Urizar, «Amorante»
Musikaria

«Disko bat ateratzea harri bat uretara botatzea bezala da»

Musika herrikoiaren, tradizionalaren, etiketa sarri zintzilikatu nahi izan badiote ere, Iban Urizar, «Amorante», tradizioan baino erosoago sentitzen da traizioan. Herri musika da berea, herritik herriari egina.

(Jagoba Manterola FOKU)

Harri Herri Har. Harria, zortzi harri dira, zortzi harribitxi. Herria, herri musikatik herriarentzat eginak. Har, belarriko harra, isildu ezin dugun hori, kantuak gure baitan kateatzen diguna. Amoranteren azken proposamena da “Harri herri har”, belarrietatik sartu bai, baina gorputz guztia astindu eta arima bera ere uzkurrarazten duten zortzi abestiz osatutako altxor-kutxa doinuratua.

Iban Urizarren beraren hitzak dituzte abesti gehienek, “Erreka” eta “Ez dira”-renak izan ezik; Harkaitz Cano-renak dira lehenengoan, Hodei Barrosorenak bigarrenean. Ez dira bidelagun bakarrak izan, Xabi Zeberioren soka soinuak eta Idoia Hernandez “H”-ren pianoaren tekla hotsak ere entzun ditzakegu, baita Amaia Mirandaren gitarra akordeak ere.

Aitor Etxebarria ekoizle izan duen diskoak giro intimista eta indarra uztartzen ditu modu magikoan. Emaitza beste mundu batekoa dela esan genezake, baina zorionez mundu honetakoa da. Opari bat, lehen ezkila-hotsetatik hasi eta azken gitarra punteatzeetaraino, opari bat. Abestiz abesti ezagut dezagun diskoa eta, bidenabar, musikaria.

Erreka idor bat da/larri eztarria.

ura gora dator/ adi belarriak,

errekan usaina/entzungarria da,

harrien sehaska/gure habia da,

errekan uretan/zuhaitzak ixuri,

zerbait inportante/esateko zuri,

errekan lotu/pozak askatzeko,

ito gabe/kezkak itotzeko...

«Erreka». Indar hipnotikoa duen kantua, doinuz zein hitzez. Doinua zurea da, hitzak Harkaitz Canorenak. Zer etorri zen lehenago, hitza edo doinua? Doinua etorri zen lehenengo. Harkaitzi pasa nizkion kantuaren melodia eta egitura, nahiko ezarrita zegoelarik, eta berak, ohi bezala, magia egin zuen... Gaia ere eman nion: baneukan istorio bat XVI. mendeko mediku batena, non bere etxean errekastoak eraikitzen dituen malenkonia sendatzeko, errekari begira eta erreka entzunaz. Eta, hortik tiraka, Harkaitzek hitz eder hauek idatzi zituen kantu eder honetarako.

Kantu hau bada bidaia bat erreka horretan, bazaramatza malenkonia atmosfera horretara errekan behera, ez dakizu momentu askotan ur gainean edo ur azpian ote zoazen, jolas hori ere badu berekin kantuak... Nik ere izugarrizko sorpresa hartu nuen. Kantua grabatzen ari ginenean nik pianorekin neukan pixka bat egituratua, baina ni ez naiz piano-jotzailea. Eskatu nion Idoia Hernandez H-ri ea piano sarrera txukun bat grabatuko zuen, kantua janzte aldera, eta paraleloki Xabier Zeberio handiari ea moldaketa batzuk egingo zizkidan, beregan ohikoa den legez, egiten duen magia horrekin. Gelditu den abestia ez nuen irudikatzen horren eder geratuko zenik, baina hala izan da.

Sortu duzuen soinu hori beharbada ez zen hasieran espero zenuena; bertan antzematen den atmosfera hori zenbateraino da disko honen ezaugarrietako bat... Egia da Aitor Etxebarriarekin lanean hasi nintzenean, bai aurreko diskoan eta baita honetarako ere, garbi geneukala nondik nora jo behar zuen diskoaren soinuak: nire barne munduari, iruditeria horri, zintzoki erantzun behar ziola. Eta “Erreka” kantu honek badauka epika puntu bat, baina malenkoniari begiratzen dio, zeharka bada ere. Eta zera poetiko bati heldu nahi badiogu, diskoaren izenburua “Harri herri har” da. Eta harri bat erreka batera botatzen dugunean ez dakigu inoiz ze eragin izango duen, edo eraginik izango duen ere. Disko bat ateratzen duzunean bezala. Errekaren norabidea aldatzeko ere harriak pilatzen ditugu... Agian, bai, bada diskoaren muina kantu hau. Egia esan, oso pozik nago bai abesti honekin eta baita diskoko beste kantuekin ere.

«Kale erdian» kantua... entzun izan dizut inoiz gustuko duzula tradizioa hautsi eta hor sortzen diren pusketekin zerbait berria sortzea. Kantu hau horren erakusgarri da? Bai, posible da. Orokorrean, egiten ditudan kantuetan horren bila joaten naiz. Askotan musika tradizionalari begiratzen diot txinatar loreontzi bat bailitzan, non hausteko gogoa ematen didan. Ni ez noa arkeologia musikal bat egitera, edota musika tradizionalaren gorazarre epiko bat egitera. Amoranteren kasua da, herri musika egiten dudan unetik, neure motxilan sartuta dauzkadan soinu, doinu eta kantaera horien botaka egitearena. Nik ateratzen ditut gauzak eta jartzen ditut modu ordenatu edo desordenatu batean. Eta egia da horrek eramaten nauela kantuak egiteko garaian zuzenekoari begira lan egitera. Horrek asko baldintzatzen du lana.

Oso desberdina da kantu bat sortzeko garaian buruan zuzenekoa edo diskoa izatea? Erabat. Nire kasuan behintzat zuzenerako pentsatuz egiten ditudanez, arazoa estudioan sartzerakoan etortzen da. Libre sentitzen naiz hein handi batean irudikatzeko, hemen koruak nahi ditut, hemen orkestra erraldoi bat... gero egin daitezke edo ez. Zuzenerako errazagoa iruditzen zait, lokalean tresneria prest daukadalako, zuzenerako erabiltzen dudan tresneria; beraz, kantuak horrela eratzen ditut. Nik maite dudana oholtzara igo eta kantatzea da. Grabaketetan gehiago kostatzen zait gozatzea, baina azkenerako lortzen dut.

Badirudi Amorantez hitz egitean badatozela hiru hitz arrapaladan: bata da tradizioa, bestea da folklorea, eta bada abangoardia ere. Ez dakit zuk hiruki horretan ikusten duzun zure burua edo baden kanpoko begirada bat? Askotan kanpoko begirada bat izaten da. Eta gero kazetariok baduzue joera bat, etiketa bat jarri beharra, artista baten lana izendatzerakoan. Ez asmo txarrez, azkenean oso zaila izaten da artista batek barruan daramanari izena jartzen asmatzea. Are gehiago, musikaren munduan, non gaur egun hiru zutabe horiek, tradizionala, akademikoa eta modernoa, erabat deseginda edo nahastuta dauden, eta oso zaila da determinatzen zer nondik datorren. Nik ez dut musika tradizionala egiten. Musika traizionala agian...

Traizioan tradizioan baino erosoago beharbada, hortaz? Bai, nire xaxatzeko izaerari lotua izango da beharbada... Nire musika tresnari lotua bizi izan naiz; tronpeta jotzen hasi nintzen 8 urterekin, eta 48 ditut. 40 urte putz egiten eman ostean, denetarik egin dut, orkestratan jo dut, bandetan jo dut, BBC-ak egin ditut [bodas, bautizos y comuniones], musika esperimentala egin dut, rock-a... denetarik. Horrek ematen dizu musikaren ikuspegi zabalagoa ez dakit, baina bai anitzagoa. Eta gero instrumentuak berak dakarren oholtzan egoteko modu hori, instrumentu monofonikoa da tronpeta, soinu bakarra ateratzen da. Beraz, horrek eramaten zaitu jende gehiagorekin oholtzaratu behar izatera. Bakarrik defendatu behar dudanean errepertorio edo diskurtso musikal bat, nire hautua izan zen inguruan nituen musika tresna guztiak erabiltzea. Batzuk tradizionalagoak, beste batzuk modernoagoak. Gaur egun badirudi modernotik gertuago nabilela, sintetizadoreak-eta erabiltzen ditudalako, ez dakit... herri musika egiten dut, herri musika egiten hasi nintzen, eta horretan jarraitzen dudalakoan nago.

«Ez dira» kantuan Hodei Barrosorenak dira hitzak eta bere ahotsa ere entzun dezakegu. Zezenaren begiradara garamatza kasu honetan. Izugarria kantu hau ere... Bai, pasada bat, hitzak ere hala dira. Abesti honekin badaukat oso erlazio estua. Asko miresten dut bertsolaritza bezalako jarduna, eta asko miresten dut Hodei bai bertsolari bezala eta baita rapero bezala ere.

Oso hitz ederrak idatzi dizkit. Hor bada esaldi bat, «nirea egin gabe, egin du nireak...», iruditzen zait beste planeta batekoa... nik ezin dut horrela idatzi, ez dakit horrela idazten. Zorionez, Amorantek aukera eman dit jende hauengana iristeko, eta zorionekoa ni horrelako hitzak edukitzeagatik abestu ahal izateko. Hodei rapero bezala dabil azkenaldian, eta abestiaren lehen zatian bera entzun dezakegu rapeatzen eta bigarrengo zatian nire jardunera gerturatzen da pixka bat. Baina abesti honen magia, argi eta garbi, hitzetan dago.

Zenbaterainoko garrantzia du hitzak zure kantugintzan? Nik uste dut oso garrantzitsuak direla. Oro har, hitzak daudenean, eman behar zaio behar duen garrantzi guztia. Nik denborarekin ikasi dut, fonetika eta hitz jokoetatik haratago, hitzaren esanahiaren garrantzia eta magia hori apreziatzen. Eta Amoranterekin hasi nintzenean, lehenengo musika eta gero hitza datozen ordena horretatik aldendu eta alderantziz lan egiten hasi nintzen. Alegia, hitzak jaso, eta hitz horietatik ea zer sor nezakeen. Kasu honetan, nik Hodeiri eskatu nion hitz batzuk idatz zitzan, rap formatuan edo bertso edo kopla formatuan. Eta neukan gauza bakarra zen «dira dira, zezenak dira» abesti herrikoi horren lelo hori. Horixe nahi nuen erabili amu bezala, eta Hodeik bota zizkidan hitz eder hauek. Zuzenean ere, oholtza gainean, lan asko daukat kantu hau defendatzerakoan, baina oso ongi funtzionatzen dit. Nire musika bere hitzen altuerara irits dadin saiatzen naiz. Ondo uztartzen direlakoan nago bai zuzenekoan, baita diskoan ere.

Hitzaren garrantziaz ari garelarik, «Harri herri har» da lanaren izena; zein da disko honetako harria, zein herria eta zein harra? Harria gure euskal iruditerian elementu garrantzitsua da; gero, metaforikoki har zenezake erpin ezberdinetatik. Disko bat ateratzea harri bat uretara botatzea bezala da, ez da ezer aldatzen segur aski... edo bai agian. Baina uhinak auskalo noraino iristen diren... eta oso poetikoa iruditzen zait metafora hori. Baita mendian zoazenean ere, bide ertzeko harriek, hitoek bidea erakusten dizute, norabidea markatzen dizute... eraikitzeko balio du, baita deuseztatzeko ere. Mugiezina izan daiteke pisu asko duenean...

Herriari dagokionez, ni herri batekoa naiz, ez naiz hiritarra. Elgoibarrekoa naiz; ez da ez oso herri txikia ez oso handia; ez da bereziki polita, baina nire izaera oso markatua dago herri batean jaio eta bertan bizi izanagatik. Eta errepikatzen dut herri musika adiera zabal bat bezala hartuko bagenu, ez tradizioari lotuta dagoen zerbait bezala, baizik eta herria egun ulertzen dugun bezala hartuta, gure iruditerian daukagun herri kontzepzio epiko hori... mundu anglosaxoian errazago ulertzen den kontzeptua da, “popular music” aipatzen denean. Hortik doa gehiago. Nire musikologo sen horrek eramaten nau adierak hortik hartzera eta ez horrenbeste ikuspuntu tradizional batetik. Azkenik ‘har’, ingelesez badago earworm, ‘belarriko harra’, erabiltzen da esateko doinu bat, abesti bat, buruan sartzen zaizunean eta ezin duzunean atera. Nik, esate batera, azken hiru egunak daramatzat Sara Zozayaren kantu berria burutik atera ezinda. Esaten diot Sarari, ‘ederra egin didazu!’. “Parece” singlea atera du eta tronpeta jo dut bertan. Halakoetan gaitz erdi... 13 urteko semea dut, eta sarritan hark jarritako musikak, horren gustuko ez izan arren, ibiltzen ditut buruan bueltaka... Horiek “Harri Herri Har” hitz jokoaren zera... tira, eta ‘h’ kenduz gero, arra naiz, nahiz eta askotan min eman; orduan, ba hor doa.

Ezkila-hotsak «Agurea» abestiari sarrera emateko. Kasik Amoranteren ikur ere bilakatu dira neurri batean ezkilak; zuzenekoetan eta presentzia handia dute... Bai, betidanik maite izan ditut ezkilak, edo ezkilaren soinu hori. Denborak soinua izango balu, gustatzen zait pentsatzea ezkila izango zela soinu horietariko bat. Hasieratik nire kontzertuetako sarrerak ezkila eta tronpeta eskuan egiten nituen, eta horrelako kantu batean ezkila mugarri bilakatzen da, bai gaitegi aldetik, bai doinuei erreparatzen badiegu.

Zer kontatzen du «Agurea»-k? Hau dator Elgoibarren, nire herrian, egon zen momentu bat zeinean jende bat kexu zen gauez kanpaiak kentzen ez zituztelako jendea lotan zegoenean. Adineko jendeak, ordea, horri kontra egin zion, esanez behar zutela kanpai hots horiek entzutea. Horri tiraka idatzi nituen hitz batzuk. Agure bat jaikitzen dela gauean lo hartu ezinda eta kanpai hotsek laguntzen diotela kokatzen bai denboran eta bai espazioan. Kanpaiek asko markatzen dute, kanpaikadek, esate batera, norbait hiltzen denean eta orduak ematerakoan ez dute tempo bera. Oso barneratuta daukagun soinu bat da. Oso poetikoa iruditzen zitzaidan eta horri kantatzea erabaki nuen eta hitz horiek idatzi nituen.

Zuzenekoak aipatu ditugu, izan duzu dagoeneko lan hau zuzenean defendatzeko aukera. Zein izan da feedbacka? Ba, begira, kanpaiez eta ari garela, anekdota bat kontatuko dizut. Izan naiz Lleidako Pirinioetan egiten den musika jaialdi friki txiki eta eder batean. Bertara gonbidatu ninduten eta izan nuen bertan “Harri herri har” aurkezteko aukera. Kuriosoa izan zen, zeren oholtzari itsatsita, eliza txiki bat zegoen kanpandorre handi batekin eta kanpaiaren soka ateraino iristen zen. Beraz, inoiz izan dudan zorterik handiena izan nuen bertan. Ez dut uste hori baino sarrera epikoagorik inoiz egin ahal izango dudanik. Kontzertua zutik 5 kanpaikada joz hasi nuen, eta gero eseri nintzen kontzertuari ekiteko.

Katalunian izan zen hori. Kanpoan gero eta emanaldi gehiago ditu Amorantek. Nik beti jo izan dut asko kanpoan, zorionez. Beharbada egiten dudan musika mota dela-eta, asko jotzen dut Euskal Herritik kanpora.

Euskaraz abestea, beraz, ez da “harri” bat zuretzat, ez da inolako muga... Kanpoan nik jaso dudan feedbacka beti izan da oso ederra hizkuntzari dagokionez. Jendea gerturatzen zaizunean oso gauza ederrak esaten dizkizu bai hizkuntzari begira bai kantaerari begira. Nahiz eta ez ulertu, iristen zaien hori esaten dizute, eta hori da jaso dezakezun oparirik handiena.

«Habanera», bideokliperako aukeratutako kantua; Harriguri sortzaile taldearekin egindako lana. Oso kantu bisuala iruditzen zait; ez dakit ausaz aukeratu ote zenuen kantu hau bideokliperako edo ez. Arrazoia musikala zen, ez bisuala. Abesti honek daukana da nire mundua ederki erakusten duela, eta iruditzen zitzaigun single bezala ateratzeko elementu interesgarri asko zituela. Eta gero Harrigurikoek espektatiba guztiak birrindu dituzte; oso klip ederra sortu dute, zentzua eman diote abestiari, osotasun batekin, gainera. Niri ere orain kosta egiten zait kantu hau irudi horiek gabe ulertzea.

«Gorde dezakegu» abestiaren izena; zer da gorde dezakegun hori? Gorde dezakegu kaxoi batean, gorde dezakegu memorian... azken batean, gorde dezakegu norberak behar duen horretan. Kantu honetan irudikatzen ditut adineko bi gizon, garai batean borrokan ibili zirenak, ez beraien artean baizik eta zerbaiten alde. Eta denbora pasa ostean, beraiek zahartu dira eta elkarrekin bizi dira, elkarrekin afaldu, kartetan jokatu eta eztabaidatzen dute ardo baso baten inguruan, lehengo, lehengo, eta lehengo... Jar dezakezu gudari bat, zerbaiten alde ibili den jendea eta begiratzen dutenak nostalgiaz nola egiten ziren lehen borroka horiek eta gaur egun borroka berberak izan daitezkeenak nola egiten diren edo ez diren. Zahartzaroaren begirada hori.

Adinekoen begirada hori abesti batean baino gehiagotan jaso duzu; ez da horren ohikoa, baina, egungo kantugintzan... Ni zahartzen ari naizen seinale izan daiteke... askotan harrapatzen dut nire burua diskurtso honekin: lehen entzuten genuen musika, lehen egiten genuen, lehen jolasten genuen modua... Eta egia da adinekoena dela musikaren ikuspegitik, eta baita beste ikuspegi askotatik ere, kontuan hartzen ez den target bat. Niri tokatu izan zait irakasle izatea ‘aulas de la experiencia’ deitzen den unibertsitatean, eta hor suertea izan nuen jubilatuta zegoen jendearekin lan egiteko eta inoiz egin dudan lanik esker onekoena izan da. Zeren beraiek duten denbora eskaintzen dizute eta duten jakin-mina haur batenaren parekoa da. Boloak egin izan ditudanean eta adineko jendea gerturatu izan zaidanean beraien erantzuna nire musikarekiko beti izan da oso positiboa. Eta hori ez behin, sarritan baizik. Iruditzen zait dela ez delako beraiei begira sortzen, eta nik egiten dudan musika bada adin-tarte honen gustukoa izateko modukoa ere. Iruditzen zait badela adin bat, bizitako guztia bizita badaukazuna esperientziaren zorte hori, dela musikala, dela bizitzari dagokionez. Orduan, sarritan pentsatzen badugu ere aurreiritzi gehiago izan ditzaketela, guztiz kontrakoa da. Nostalgiari begirada bat da.

Gorde daitekeen bestea diskoa da; 3 formatutan kaleratu duzue, biniloan, CDan eta digitalean. Eta gordeta agertzen dena zuzenekoetan zu zeu zara, maskara baten azpian gordeta kasu honetan... Yurema Pelofuegok espresuki egindako maskara bat da. Bera artista plastikoa da, eta daukan iruditeria paganoak, zatar zer bat du, era berean oso ederra dena, eta asko erakartzen nau. Tolosako artista bat da. Berarekin harremanetan jarri eta eskatu nion maskara bat egiteko. Hasieran ez nekien garbi zertarako erabiliko nuen, garbi neukan bakarra zen diskoaren promorako erabiliko nuela. Baina gero zuzenekoetan ere badarabilt eta bideoklipean ere agertzen da. Uste dut nire iruditeriarekin oso bat datorrela.

Bilintxen hitzak hartu dituzu «Pobriaren suertia» kanturako. Bilintxen garaiko pobrearen suertea eta egungo pobrearen suerte, berberak ote? Bilintx gaur egun bizirik balego, iruditzen zait antzeko zerbait abestuko lukeela. Herrietan gero eta jende gehiago ikusten da eskean. Batzuk kartel baten atzean, beste batzuk zerbaiten truke. Arduratzen nauen zerbait da, sarritan sumatzen dudalako neure burua ere pausoa bizkortuz aldamenetik azkar pasatzeko. Zure kontzientziari apelatzen dio zuzenean, dirua bota behar hori sentitzen duzunean. Eta hainbat galdera datozkit burura: ni egoera horretan banengo nola jarriko ote nintzatekeen, nire herrian edo beste herri batera joko ote nukeen, oso urrun... Uste dut gu horretatik urrun gauden ustea sinetsarazi nahi digula gizarteak klase ertainaren pertenentziaren uste horrekin. Baina uste dut zenbakiei erreparatuz gero, ziurrenik klase ertain hori desagertzear dela. Hori musikari ere gertatzen ari zaio, zuzeneko musikari kasuan. Klase ertaina desagertzen ari da; edo 2.000 pertsona sartzen dituzu, edo ez daukazu bolorik. Oso injustua iruditzen zait. Horregatik diot, Bilintxen hitzak egun ere esanahi osoa dutela. Bilintxek bertsoen bitartez kronika egiten zuen. Ni ez naiz garaiaren kronika egiten ari, baina iruditzen zait aspaldiko hitzak egun jarri eta ohartzea oraindik ez direla gauzak asko aldatu interesgarria dela. Laguntzen gaituela gure lekuan jartzen, sarritan saiatzen garelako errealitate honetatik urruntzen, dela filmak ikusten edo dena delakoa. Baina kalera atera besterik ez dago errealitatea bere gordinean ikusteko.

Amaia Mirandaren gitarra hotsak diskoa ixteko... Bai, a ze oparia... Bere lana miresten nuen, bere kanta solteak ezagutzen nituen, bere diskoaz maiteminduta nengoen. Banekien bizkaitarra zela, banekien Katalunian bizi zela, baina ez nuen bera pertsonalki ezagutzen eta idatzi egin nion zuzenean. Esan nion oso gustuko nuela egiten duena, eta ez nekiela ezagutzen ninduen baina disko bat ontzen ari nintzela.. eta bere erantzuna oso positiboa izan zen, ezagutzen zuela nire lana eta gustura egingo zukeela zerbait nirekin. Aprobetxatuz familia bisitatzera etortzekoa zela, estudioan sartu genuen eta txundigarria izan zen... hiru toma egin zituen, perfektuak, goitik behera. Hiruretariko edozein har genezakeen, baina hau aukeratu genuen, tronpeta bat gehitu nion eta geratu da abesti instrumental zinez eder bat. Asko gustatzen zait.