JAN. 21 2024 ARGAZKI ERREPORTAJEA Dantzari emandako inauteria (Ura Iturralde) Ura Iturralde Zuberoako maskaradak antzeztutako ikuskizunak dira, ia egun osoz luzatzen direnak. Jatorri ezezaguna dute, eta Europako inauteri zaharrenetarikoak direla diote adituek. Aurten, gaur bertan hasi eta apirilaren 27an amaituko dira. Pagolako herritarrek antolatu dituzte. Guztira hamabost emanaldi izango dira astebururo. Lehena eta azkena antolatzaileen herrian izango dira, Pagolan bertan, eta beste hamabi herri bisitatuko dituzte. Zuberoako dantza tradizionalek jantzi ohi dute maskarada. Ikuskizunean hainbat une desberdin bizi daitezke. Izan ere, maskaradek asko dute inprobisaziotik, eta ezin jakin zein une zehatzetan hasten diren. Nolanahi ere, goizean emanaldi desberdinak egiten dira herriko auzuneetan eta ikuskizun nagusia bazkalostean izan ohi da, frontoi batean edo toki estaliren batean.Ikuskizun itzela izan ohi da maskarada. Emanaldietara Euskal Herriko leku askotatik etorritako jendea hurbiltzen da –zuberotarrentzat, manexak–. Gorri eta beltzen artean taldekatzen dira parte hartzaileak, eta protagonista ikusgarriak daude tartean, esate baterako, Artxuria, edo Hartza.Maskaradan dantza ezagunik bada, hura godalet dantza da. Ardoz beteriko edalontzia lurrean paratu ondoren, haren inguruan dantza egiten dute dantzaririk trebeenek, jira-bira ikusgarriak eginez eta, amaieran (goiko irudian ikus daitekeen bezala), edalontziaren gainera jauzi eginez. Hori bai, ardo tantarik isuri gabe.