Markel Urrate Antia - Salto Training
KIROLA

Kirol ziklikoen denboraldiaurrea

Kirol ziklikoak mugimendu errepikakorrez osaturiko jarduerak dira; hau da, exekuzio jestua behin eta berriz errepikatzen den horiek (korrika, txirrindularitza, iraupen eskia, arrauna…). Kasu ohikoenetan natura-ingurunean egiten diren kirolak izanik, bertako kirolariek ez dute atsegin izaten “sala barruko” lana, eta aukera sortzen denean kanpora jotzen dute beraien kirol diziplina praktikatzera. Hala eta guztiz ere, neguko kirola den iraupen- edo mendiko eskiaren kasuan izan ezik, gainontzeko kirolen denboraldiaren ardatz nagusia uda partea izan ohi da. Hortaz, gure ikuspuntutik neguko denboraldia garai egokia da nork bere gorputzeko ahulezia eta indarguneak identifikatu eta horiek lantzeko.

Denboraldiaurreko programazioa egiteko unean, funtsezko hiru alderdi hartuko beharko ditugu kontuan:

- Kirol praktikaren bolumena gutxitzea: kirolariarentzat hau ez da erraza izaten. Denboraldiko zein garaitan dagoen kontziente izatea funtsezkoa da; mugimendu errepikakorren bolumena jaitsi beharko du, kalitatezko entrenamenduei gehiago eskainiz. Urte osoan zehar inongo programaziorik gabe etengabeko kirol jardueran aritzeak epe motz edo ertainean lesioak pairatzeko aukerak gehitzen ditu.

- Indar entrenamenduak: bai, kirol ziklikoetan aritzen diren kirolariek indarra landu behar dute. Profesional baten eskutik programaturiko indar lanak beraien kirol jestuen efizientzian eragin zuzena izango du. Gainera, indar tonu egoki bat lortzean, lesioak pairatzeko aukera nabarmen gutxitzen da, eta, era horretan, kirolariak bere kirol praktikaz gozatzeko aukera handiagoa izango du.

- Ikus ezinezko entrenamenduak: denboraldi osoan zehar puntaren puntan aritzea ezinezkoa da. Denboraldiaurrea une egokia da gorputzari beharrezko atsedena emateko eta beste zenbait jarduera egiteko (bestelako kirol jarduerak, gorputz-enborra indartzeko ariketak, artikulazioen mugikortasuna eta giharren gainkargak lantzea…). Bestetik, elikadura programazioaren barnean sartu beharreko beste alderdi garrantzitsu bat dela iruditzen zait, denboraldiko unearen eta kirolariaren arabera behar ezberdinak baititu gorputzak.

Neguko lanak udaberrian bere fruitua dakar.