7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Normaltasuna


Bazen emakume bat, berak senar ona zeukala adierazteko «neurrian» astintzen zuela esaten zuena, «ez nau gehiegitan jotzen, nahiko neurritsua da». Ez naiz duela bi mendekoa kontatzen ari, azken hamarkadan gertatua da. Normaltasuna bada senarrak noizbehinka emaztea astintzea, zer da normaltasunetik kanpokoa?

Estatu espainolean, gaur, emakumeen %74k pentsatzen du indarkeria matxista arazo oso larria dela. Gizonezkoen artean, zenbakia beherantz doa eta erdiak baino gutxiagok bizi du larritasunez. Are gehiago, 15-29 urte bitartekoen artean, bostetik batek uste du ez dela existitzen indarkeria matxista, asmakeria hutsa dela.

«Zenbat laguntzen dizun senarrak, zenbat ordu ematen dituen parkean haurrarekin eta nolako pazientzia daukan». Hori ere entzuten da gaur. Gizonak zaintzan ematen dituen orduek hainbeste balio badute, zenbateko balioa daukate emakumeenak?

Emakumeek denbora bikoitza ematen dute etxeko lanetan eta zaintza lanetan, bai haurrekin eta bai adin nagusikoekin.

Piropoak gauza ederra omen dira, grazia handiko hitzak, minik egiten ez dutenak. Zergatik jartzen zara horrela neska? Hitz politak esan eta aurpegi itsusi horrekin erantzun? Zu bai esker txarrekoa. Hain politak eta eskertzekoak badira piropoak, zergatik sentitu beldurra eta nazka norbaitek eskatu gabe botatzen dituenean? Emakumeen gorputza erabat publikoa bada gizonen iritzien aurrean, zein parte geratzen da norberarena?

Gizonezkoen erdiak inguruk uste du «gauza atsegina» dela piropo bat entzutea. Emakumeetan asko jaisten da portzentaia hori eta %60 baino gehiago piropoen kontra dago.

Duela egun batzuk CIS ikerketa zentroak mahai gainean jarritako datuak dira. Horien arabera, gizonezkoen erdiak uste du parekidetasunaren aldeko borroka «urrutiegi» joan dela eta orain gizonezkoak direla diskriminatuak. Eta emakumeen laurdena baino gehiago baieztapen horrekin ados dago.

Hor gaude, justu puntu horretan, nerabe askok «ez matxista ez feminista» direla esaten duten garai mingarrian. «Normaltasuna» izan daiteke arazoa. Abiapuntua den «normaltasun» horretan gizonezko batzuek ez dituzte beren pribilegioak hitz horretan sartu nahi, beste kutxa batean gorde nahi dituzte, ez erantzi behar izateko estrategia bila baleude bezala. Eta akaso feminismoa zer den azaltzen hasi beharko da berriz. Ez da gerra bat, jendarte hobe bat eraikitzeko haria baizik.