Jon Jimenez
LITERATURA

Patriarkatua bezain zaharra

Ezohiko hileta da. Hildako bakarra dago, baina alargun asko: zure emaztea, lehen ilarako bankuan eserita; eta atzerago, leku hori guri dagokigula pentsatzen ari garen zenbait emakume». Martinen hileta da, baina berdin-berdin izan zitekeen Olga maitale ohiarena. Kezkaz beterik da emakumea, auto istripua ustekabekoa ala bere buruaz bertze egiteko berariaz pentsatutakoa? Egia da Martin ez zela jada maitemintzea lortu zuen hura, aldatua zela, aldrebestua, metamorfoseatua. Baina oraindik maite zuen, maitasuna zer den ongi ez dakien arren. Anaia begira dauka Olgak orain eta azkura eman dio Martin harengan berraragiztaturik ikusteak. Hilda ere arrakala handitzeko gaitasuna du Martinek. Izan ere, elizatik irten eta Santi, haren lagun mina, gerturatu zaio Olgari atzetik: hil aurretik maitaleak zerbait utzi zuen harentzat, iraganaren kutxa beltza irekiko duen zerbait.

Eszena bortitz horrek jarriko du berbetan “Maitasun kapitala” (Elkar) eleberriko protagonista. Aurrean duen gorpuari hitz eginen dio elkarrizketa luze eta tartekatuetan, utzi dion zama erregarria leuntzeko, eztena gorputzetik edekitzeko, ahalegin beteaz. Harreman edentsuaren zioak, hegiak eta atarramentuak konprenitzeko eta, batez ere, sendatzeko grinaz. Ustekabean helduko zaio orduan Laiaren proposamena. Olga unibertsitateko Literatura irakasle den aldetik, haren maitasunari buruzko doktore tesiaren zuzendaria izatekoa. Feminismoaren hirugarren eta laugarren olatuen arteko eztabaida eta elkarrizketa abiaraziko du horrek. Azken uhinaren bizkortasuna du Laiak. Gaztea da eta, ustez, bere larrutan bizitako esperientziarik ez badu ere, arazo politiko, hots, kolektibo, moduan ulertzen du maitasun erromantikoa eta horrek ekarri dion gatibutasuna. Hari esker iritsiko da Olga, baita gu ere kapitulu amaieretan utzitako arrastotxoen bidez, arte eta literaturaren baitan maitasun kutsakor hura azaltzeko eta kritikatzeko sortu diren obretara. «Ez da harritzekoa, asko baitira zorigaiztoko emakumeen adibideak literaturan, zineman, artean. Sokratesek jada esan zuen, beldur gehiago izan behar zaiola emakume baten maitasunari gizon baten gorrotoari baino».

Hala, genealogia artistikoaren ondoan, maitatzeko eta maitatuak izateko eredu ezberdinak zabaltzen dizkigu Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) saiakera ukituak dituen fikzio honetan. Forma literario bien nahasketaz argi utzi nahi digularik gure erabakietan formakuntza teorikoak eta praktika pertsonalak, biek, dutela axola. Finean, feminismoak norbanakoaren sendagarri eta komunitatearen askatzaile izateko duen gaitasunaz dihardu, galdera nagusi bat atzean: maitasuna eraitsi ala bertze maitasun mota sanoago batzuen bilaketa abiatu?