Garazi Aranguren
ARKITEKTURA

Oinekin hirigintza egiten

Jane Butzner Jacobs zientzia dibulgatzailea, hirigintzaren teorikoa eta ekintzaile soziopolitikoa izan zen. Hiri plangintzek erabilera mistoak, espazio publikoak eta biztanleen aniztasuna jaso beharko lituzketela esaten zuen, eraikin zaharrak balioetsi eta defendatu, eta automobilean oinarritutako eraikuntza saihestu.

Marrazkia Paul Rudolfenaa da, LOMEX proiektukoak.
Marrazkia Paul Rudolfenaa da, LOMEX proiektukoak. (Library of Congress)

Oinetakoak jantzi, kalea hartu eta milaka pertsonak toki berean bilduta erreibindikazioak eta sentimenduak konpartitzeak duen indarra eztabaidaezina da. Hirigintzaren arloan ere izan dira militantziak, eta Jane Jacobs-ek aurrera eraman zuen borroka izango da gaur kontatuko dudana.

Jane Butzner 19 urteko gazte errebeldea, ezkondu ondoren Jacobs abizena hartuko zuena, 1935ean New Yorkera bizitzera joan zen. Bertan idazle eta kazetari gisa aurrera egin zuen, denbora librean hiriko gune berriak esploratzen zituen bitartean. Irteera horietako batean Manhattango Greenwich Village auzo historiko pintoresko eta bohemioa ezagutu zuen, ahal bezain laster bere bizitoki bihurtu zuena.

Baina ez zen denbora asko igaro eta Robert Moses-ek LOMEXa (Lower Manhattan Expressway) bertatik pasatu nahi zuela iragarri zuen, horretarako auzo hau eraitsiz.

New Yorkeko garapen urbanistikoaren ordezkaria zen Robert Moses, aldi berean 12 kargu betetzera iritsi zena. Haren etorkizuneko hiriaren irudia ibilgailu pribatuaren erabilera pribilegiatzen zuten eredu sinpleetan oinarritzen zen, 50eko hamarkadako modako ideiekin bat etorriz. Ideia hura gauzatzeko komunitate osoak lekualdatu zituen, haien etxebizitzak suntsitu eta aldirietara bidaliz.

Jane Jacobsi, auzo txiki eta biziak hiriko altxor kontsideratzen zituenari, ikara sortu zion albiste honek. Ezin zuen hau horrela izan zedin utzi, eta Moses erraldoiari aurre egin behar zitzaion. Berehala Washington Square babestu eta trafikoa ixteko auzotarren kanpainara batu zen. Protesta, manifestazio, kontra-publizitate eta presio politiko guztiei esker, 1959an proiektua gelditu zuten.

Jane Jacobsen argazki bat.

Aldi berean, kazetaritzaren arloan, hirigintzaren inguruan sakontzea erabaki zuen. Auzo ezberdinak ikertuz, filosofia bat garatu zuen, “The Death and Life of Great American Cities (1961)” liburu eraginkorrean laburbildu zuena. Han, hiri-plangintzek erabilera mistoak, espazio publikoak eta biztanleen aniztasuna jaso beharko lituzketela idatzi zuen, eraikin zaharrak balioetsi eta defendatu, eta automobilean oinarritutako eraikuntza saihestu.

Mosesek, ordea, ez zuen amore eman. Jane Jacobsen liburua mespretxatu zuen, hau ikasketa gabeko “etxekoandre” soil bat zela ere esanez, eta bere LOMEX ideia aurrera eramateko proiektua behin eta berriz mahai gainean jarri zuen. Haietako saiakera batean, errepidea lurperatzea eta etxebizitza berrien bidez integratzea proposatu zuen (Paul Rudolf-ek egindako irudietan bezala).

1968ko apirilean New Yorkeko Garraio Sailak bilera publiko bat deitu zuen presaka, auzotarrei informatu, iritziak jaso eta proiektua onartzeko, herritarrek erreakzionatzeko denbora izan baino lehen. Baina Jacobs entzuleen artean zegoen, eta mikrofonoa hartu eta biztanleei mintzatu zitzaien, plan hark zekarren sarraskia salatzen. Ondoren gertaturikoa ez dago argi, baina gau hartan Jacobs atxilotu eta komisariara eraman zuten, bere jarraitzaileek Poliziaren atzetik hau askatzearen aldeko aldarria egiten zuten bitartean.

Hurrengo egunean Jacobsen atxiloketa egunkari guztietara iritsi zen, autobidearen aurkako borrokaren gorabeherak inoiz baino modu eraginkorragoan zabalduz eta presioen ondorioz proiektua gelditzea lortuz.

Jacobsen borrokari esker, Greenwich Villageko eraikin asko babestea lortu zen, barruti enblematiko bat bilakatzeko. Zoritxarrez, honek garapen ekonomikoa geldiarazi eta gentrifikazioa ekarri zuen, prezioak igoz eta betiko biztanleak auzotik kanporatuz, Jacobsek babestu nahi izan zuen auzoa barrutik suntsituz. Agian, emaitza honetatik ondoriozta daiteke ez dela gutxietsi behar plangintza orokorrago bat, ezta azpiegituren premia ere.

2007tik, Jane Jacobsen urtebetetzea oroituz, maiatzeko lehen asteburuan Jane Walks-ak (Jane ibilaldiak) ospatzen dira. Boluntarioen gidaritzapean eginiko ibilaldi hauek auzoko bizitza esploratu eta ospatu nahi dute, arkitekturari eta hiri diseinuari buruzko auzokideen arteko elkarrizketak sustatzeko. Izan ere, ez dago herri bat ulertzeko modu hoberik lehenengo pertsonan kontatutako istorioen bidez baino, eta hauek ezinbestekoak dira herriak hobetzeko.