7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Gatazkaz


S. apurgarria,

Nola ekin ez dakizunean amaieratik hasten zarela azaldu zenidan. Polizia ereduaz jardun nahi zenuen, parrandatik itsu bueltatu beharrean begi bakarrarekin itzultzeaz, German Rodriguezek Iñigo Cabacasi esango liokeenaz, zure belaunaldikoen gurasoek ohean begirik bildu ezinda igarotako larunbat gauez. Polizia eredutik ereduaren poliziara igaro zinen gero: gehiegi eragiten dizula bestearen begiradak, egin nahi zenukeena egin behar duzunarekin korapilatzen zaizula sarri, nahigabe zuk ere baldintzatzen dituzula besteak. “La peor persona del mundo” filmean Renate Reinsvek gorpuzten duen Julie sentitzen ote zinen galdetu nizun. Besteak konbentzitzeko duzun indarra zuretzat eskas duzula erantzun zenidan, zuk ere itzaltzen duzula sakelakoa arazoak zure lubakian sartu ez daitezen, zuk ere nahi zenukeela bertso bat gauzak okertzen direnerako. Beti da erosoagoa minari teoriatik kantatzea norbere haragitik kontatzea baino.

Horrela heldu ginen Martxoaren 8ak azaleratzen zizunera. Etengabe desegitearen eta berregitearen paradoxak ala leku zein postu batzuetan (ez) agertzeak sortzen dizkizun kontraesanak esplikatzen tematu zinen. Azalpen gehiegi ematen dituzu gauzak argi ez dauzkazunean. Gatazka eta zapalkuntza bereizi behar zenituzke, zure baitan zein besteekin inor zapaldu gabe gatazkan bizitzen ikasi. Irati Zubiaren “Mierda bat zara eta hori denok dakigu” izeneko zutabea gomendatu nizun.

Ez dakit nola pasa zinen hortik semeen ikastetxeko eskola-jardunaldiari buruzko bozketara. Gaiak inongo hauteskunde autonomikok baino sukar gehiago eragin zuela aipatu zenidan, aktualitatea ez dagoela hedabideetan, arrazoietatik erabakietara iristea bezain zilegia dela erabakietatik arrazoietara heltzea, ideologiak baino zerbait askoz intimoagoak gidatzen duela botoa, elkarbizitza baketsuenean ere gutxi behar duela giroak gaiztotzeko. Gatazkaren apologia egin nizun berriz, ez dagoela elkarbizitza baketsurik, ez dagoela gatazkarik gabeko bakerik eta, ezinbestean, bakea berritzeko gatazkei leku bat eskaini behar zaiela. Ukrainako gerrak bi urte bete zituela oroitarazi zenidan orduan, Palestinaren aldeko mobilizazioek jarraitzen dutela azpimarratu, aurtengo udan ere Saharako haurrak Euskal Herrira etorriko direla iradoki. Korrikarako zein Aste Santurako dituzun asmoen berri galdetuz iritsi ginen hasierara. Zer moduz zaude?