APR. 07 2024 ARKITEKTURA Ekosistema gurpildunak Lys Villalba eta Lluis Alexandre Casanovasen «Tres ensayos de paisaje: ecosistemas móviles para climas futuros» proiektuan oinarrituta, etorkizuneko hiriak irudikatzen ditugu. Espazio publikoetan egoera klimatikoa kontuan hartzen da eta emanaldi artistikoetarako tokia dago. Madrilgo Condeduque eraikina, proiektuaren agertokia. (José Hevia) Nekane Azpiazu Lejardi Uraren eskasia agerikoa den honetan, nola handitu genezake landarediaren presentzia hirietan? Nola imajina dezakegu elkargune publiko bat baliabide gehiegi kontsumitu gabe, hainbat eragile bilduko dituena eta giza espezietik harago doazen komunitate-ideia berriak bultzatuko dituena? Eztabaida hauei erantzuna emateko asmoz sortu da ‘Tres ensayos de paisaje: ecosistemas móviles para climas futuros’ proiektu pilotua, Lys Villalba eta Lluis Alexandre Casanovasen eskutik. Krisi klimatikoaren bizikide izateko espazio publikoa birpentsatzeko dagoen beharraz jabetuta, sistema berritzailea proposatzen dute, kalera irtetea eta bertan denbora pasatzea gustagarria izan dadin. Hiru paisaia saiakera biltzen dituen interbentzioak hirien bilakaera posiblera garamatza, etorkizun hurbileko hiriak irudikatzen hasteko. Esku hartzea Condeduque eraikineko patio nagusian egin da, diseinu militarra duen 4.500 metro karratuko hutsunean. Eskala handiko espazio hori kuartel zaharrak okupatzen dituzten erakundeen sarbidea da, horietako batzuk aipatzearren, Arte Garaikidearen Udal Museoarena eta Benito Perez Galdos Liburutegi Publikoarena. Programaren eskaintza kulturala dela eta, lekua erakargarria da, eta bizilagunak nahiz bestelako erabiltzaileak bertaratzen dira. Hori horrela izanik ere, lekuaren monumentaltasunak espazioa deserosoa izatea eragiten du, arazo desberdinak bideko. Azalera zabala desertu baten gisa interpreta daiteke; ez dauka espazioaz gozatzera gonbidatzen gaituen elementurik, eta termikoki zeharo deserosoa suertatzen da edozein urtaro izanik ere. Faktore horiek hutsune handia are hutsagoa sentitzea egiten dute. Proiektuak plaza handia toki txikiagotan banatzetik hasten da, eta horretarako hiru uharte edo lorategi flotatzaile planteatzen dira ezusteko jarduerak eta ustekabeko bizikidetzak agertzea ahalbidetuko dituztenak. Uharte horietako bakoitza ekosistema zehatz baten saiakera da, klima baldintza berriei aurre egiteko estrategia gisa arituko dena. Aldi berean, oasiak azpiegiturak izango dira lekua emateko, hala nola antzerkiari, dantzari, hitzari, performanceari, arte plastikoari eta musikari. Hiru uharteak mugikorrak izateak espazioa nahi bezala konfiguratzea ahalbidetzen du, ekitaldi handiak egiteko erdiko hutsune handia berreskuratzeko aukera bermatzen baitu. Gune horiek, gainera, Condeduque eraikin barneko programazioa kanpora ateratzen dute, aire zabalean bizimodu berriak sortuz eta bizilagunei nahiz bisitariei espazio publikoaren esperientzia gozagarria oparituz. Uharte gurpildun bakoitzak berezitasunak dauzka; Isla Remota, Isla Endémica eta Isla Pirófita, ezberdinak izanik, esperientzia ezberdinetan parte hartzera gonbidatzen gaituzte. Horretaz gain, Condeduque eraikinaren barnean dauden erakundeetara sarrera gidatzen dute. Patioaren erdigunean, lehenengo uhartea dago, Isla Remota izenekoa. Harmaila bikoitz bat eta eguzki-energiaz elikatzen den neon handi bat ditu bereizgarri. Harmailen azpian, klimarekiko erresilientea den paisaia azaleratzen da, zenbait latitude eta kulturatako espezie inportatuak dituena. Landare horiek urruneko ekosistemetatik datozen arren, azken urteotan ugaritu egin dira hirietako paisajismoan. Landare-edertasun globalaren idealaren zati bat da, kolore ausartak, tamaina handiko formak eta beste irlak baino ur gehiago behar dutenak. Loreak eta fruituak sortzen dituzten espezie angiospermen presentzia handiak intsektuak eta txoriak erakartzea du helburu, azken urteotan Madrilgo erdialdean beren habitata murriztu baitute. Bigarren uhartea, Isla Endémica, antzerkira zuzenduriko espazioa da. Perimetroa mugatzen duen oihalak zehazten du ikusleen kokapena, eta haren moldagarritasuna dela-eta formatu desberdinetako emanaldiak antolatu daitezke. Azpiegiturak iberiar paisaia lehorretako espezie endemikoak ditu, besteak beste, isatsa eta erromeroa. Condeduque zentroak lengoaia eszeniko garaikideak sortzeko, zabaltzeko eta ikertzeko duen konpromisoa adierazten du instalazioak. Liburutegi desberdinetako sarbideetatik gertu dago hirugarren uhartea, Isla Pirofita, eta paisaia bolkanikoa gogorarazten duen materialtasun zimurtsu eta ilun batek bereizten du. Krater formako bi hareategi ditu, muino batez banatuta, eta espezie pirofitoen masak dauzka, esaterako, estrepak, zeinak konbustio espontaneoan sartzen diren muturreko baldintzen aurrean; beste batzuk, berriz, suaren eraginarekiko erresistenteak dira, hala nola gurbitza. Egitura haurrei zuzendutako esploraziorako gunea da, Madril hiriko erdialdeko plazetan aurkitzen ditugun jolas estandarizatuez bestelakoa. Azken finean, plaza eta kaleen azpiko lurpeko solairuek zuhaitzen eta landarediaren presentzia mugatu ohi dute. “Tres ensayos de paisaje” moduko proiektuak ordea, horrelako egoeren aurrean erantzuna emateko estrategia izan daitezke; espazio publikoak aurretik ezarritako baldintzetara moldatuz, paisaia erresilienteak eta komunitate berriak irudikatuz. Uharte gurpildun bakoitzak berezitasunak dauzka; Isla Remota, Isla Endémica eta Isla Pirófita, ezberdinak izanik, esperientzia ezberdinetan parte hartzera gonbidatzen gaituzte.