APR. 14 2024 KIROLA Mugimendu planoak eta ardatzak Markel Urrate Antia - Salto Training Gaurko artikuluan mugimendu planoen eta ardatz ezberdinen inguruan hitz egingo dizuet. Mugimenduaren zinetika aztertzea arlo konplexua da, kontu sinplea dirudien arren. Era labur batean esanda, mugimenduaren planoak eta ardatzak aztertzeak mugimendua bera deskribatzen lagunduko digu. Era honetara, landu beharreko aspektuak identifikatu eta pautatu beharreko ariketak zehaztuko ditugu. Gorputzaren posizio anatomikoa oinarritzat hartuz burutzen da deskribapen hau, eta posizio anatomiko honetatik harago burutzen den mugimendu oro bere plano eta ardatzean azter daiteke. Mugimendu guzti hauek 3 plano eta ardatz anatomikoetan deskriba daitezke: plano sagitala (ardatz transbertsala), plano frontala (ardatz sagitala) eta plano transbertsala (ardatz bertikala). Goazen banan-banan azaltzera: Plano sagitala (ardatz transbertsala). Gorputza bi hemisferioetan banatzen duen (ezkerraldea eta eskuinaldea) eta orokorrean indarra sortzeko erabiltzen den planoa da. Flexio eta estentsioko mugimenduak aztertu ditzakegu, hau da, gorputza alboko ikuspuntutik begiratuta burutzen diren mugimendu oro (aurrera eta atzerako desplazamenduak, esate baterako). Plano frontala (ardatz sagitala). Gorputzaren aurrealdea eta atzealdea banatzen dituen eta orokorrean estabilizatzaile lana hartzen duen planoa da. Abdukzio, adukzioko eta inklinazioko mugimenduak topa daitezke, hau da, gorputza parez pareko ikuspegi batetik begiratuta burutzen diren mugimendu oro (ezkerrera edo eskuinerako jestuak esaterako). Plano transbertsala (ardatz bertikala). Gorputza goiko eta beheko ataletan banatzen duen eta bereziki transmisore lana burutzen duen planoa da. Barruko zein kanpoko errotazio mugimenduak aztertu daitezke, hau da, gorputza goiko ikuspegi batetik begiratura ikus daitekeen mugimendu oro (biraketak). Hortaz, kirol praktikan orokorrean, plano sagitalak indarra sortzea du helburu, plano frontalak indar horiek estabilizatzen ditu eta plano transbertsalak transmisore lanak burutzen ditu. Plano eta ardatz hauek aztertzeak mugimendua eta kirol praktikako jestu teknikoa ulertzea eta hortaz, horiek lantzeko proposamen egokienak aukeratzea ekarriko digu.