APR. 21 2024 LITERATURA Okupazio baten kronika ilustratua Jon Jimenez Pasa den urriaren 7an, Hamas talde armatuak Israelen aurkako ekintza burutu zuen egunean, hasi zen batzuentzat Palestina eta Estatu juduaren arteko auzia. Komunikabide mendebaldarrek zabaldu nahi izan duten iritziaren kontra, erro sakonagoak dituen arazoa da hauxe eta horren adierazle dira Joe Sacco (Malta, 1960) gerra-berriemaile arretatsu eta ernearen “Palestina” komiki klasikoa osatzen duten bederatzi liburukiak; Astiberri etxeak, Julen Gabiriaren itzulpenaz, orain euskarara ekarri duena. Duela 30 bat urte izan zen Sacco bi hilabetez lurralde okupatuetan, Gazan, Lehen Intifada -Israelen aurkako matxinada- amaitzear zelarik. Lekuko eta partaide, Edward W. Said palestinar jatorriko pentsalariak hitzaurrean aipatu bezala, «era gizatiar batean Palestinako aniztasun zoragarria azaltzeko» gaitasuna du Saccok. «Nobelagile eta poeta pare batek izan ezik, inork ez du berak baino hobeto deskribatu egoera izugarri hori». Kamerak sartu ezin duten tokietako testigantzak irudietan ikusteko aukera ematen digu, bere irudimen eta lumak iragazita. Kausa eta ondorioen atzetik jartzen gaitu ezinbertzean, testuinguru eta gertakari historikoen gainean, eta horien protagonista diren azalen barnean. Finean, palestinar bihurtu gura lukeen kazetari doi bat eta ilustratzaile-argazkilari abil bat da Sacco, bi arteek izan beharko luketen oinarria ardatz duena: babesgabeekiko, «historiaren biktimekiko, galtzaileekiko», enpatia (“sinpatia” hitza erabiliko du Saccok berak). Ezin bertzela izan, «barra-barra eta krudelki aplikatutako indarkeria basatiaren» eraginez, alderrai eta zain ibiltzera beharturik bizi den herri batek jasaten dituen muturreko egoeren aurrean: eguneroko jazarpena, espetxea, etxe-eraisketa, gehiegizko kontrola, gutxiespena, deserrotzea, tortura, erailketak... Baina oinaze hori jasan eta lausotzeko asmoz, ironia eta umorea lasaigarri gisa darabiltza, bere burua eta bertze pertsonaia batzuena karikatura moduan azaltzerik baino ez duelarik aunitzetan. Saccori irakurtzen eta ikusten diogu nola, duela hiru hamarkada, Israelek Palestina osoa desagerrarazteko grina zuen jada. Hemen bezala, han ere, eskoletatik euren historia kontatzen zuten liburuak debekatu eta matematika eta ingelesa baino ez zituzten baimentzen; hala ere, bertako irakasle batek argi zeukan: «Intifadatik hona ez da beharrezkoa umeei azaltzea hau ez dela Israel». Erreportaje ilustratu honek gorde digu historia horren apur bat, 2023ko urriko Hamasen ekintzaren zio eta ondorioak hobeto ulertzen ahal ditugularik horrela. Baina oinaze hori jasan eta lausotzeko asmoz, ironia eta umorea lasaigarri gisa darabiltza, bere burua eta bertze pertsonaia batzuena karikatura moduan azaltzerik baino ez duelarik aunitzetan.