7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Zuhaitzak proiektu direnean

Euskadiko Arkitektura Institutuan, Donostian, «Arboretum. Zuhaitzak arkitektura gisa» erakusketa ibiltaria ikusteko aukera dago urrira arte. Munduko hainbat toki eta garaitako arkitekturaren eta zuhaitzen arteko harremana islatzen du eta bertako adibideak biltzen ditu.

Kofun estadioaren, alegia, Japoniako Estadio Nazional berriaren maketa. Proiektua finalista izan zen lehiaketan. (Nekane Azpiazu Lejardi)

Aste Santuak oparitu digun etenaldian bestelako baso batean barneratzeko aukera izan dut, espezie gisa arkitektura eredu desberdinak dituen batean. Zuhaizti abstraktu horretan ikusgai dauden proiektuak zuhaitzetan oinarritzen dira, proiektuen nahiz zuhaitzen arboretum bat osatuz; hau da, banakako zuhaitzak (edo proiektuak) jasotzen dituen lorategi-eremua (edo erakusketa) eraikiz. Euskadiko Arkitektura Institutuko “Arboretum. Zuhaitzak arkitektura gisa” erakusketaz ari naiz, eta zuhaitzak funtsezko arkitektura elementuak izan daitezkeela berresten du.

Zuhaitzak iragarrezinak dira, ez diote inolako ordenari jarraitzen, ez dira eraikuntza elementuak bezain zehatzak, horregatik batzuek arkitekturatik aldendu izan ohi dituzte. Beste batzuek, ordea, zorionez, mendeak daramatzate arbolak diseinuen zati bihurtzen, eta erakusketa hau adibide horien bilduma labur bat da. Aitzindari diren lehenengo ekimen ekologistetatik hasi eta proiektu berritzaileenetarainoko ibilbidea jorratzen da; guztiak desberdinak izan arren, paisaia urbanoa eraldatzeko gaitasuna partekatzen dute.

Ereduz jositako basoan, Joseph Beuys-en “7000 Oaks” (7000 Haritz) bezalako aldarriak topa daitezke. Kassel-eko Documenta arte garaikideko erakusketaren zazpigarren ediziorako, Beuysek 7.000 basalto bloke pilatu zituen Fridericianum museoaren aurrean, eskakizun batekin: harriak lekualdatzeko aukera bakarra haien leku berrian haritz bana landatzea zen. Bien bitartean harrien tontorrak berdin jarraituko zuen. Bost urte behar izan ziren proposamena burutzeko, eta hiriko paisaia erabat hobetzeko. Hasiera batean, eztabaida ugari sortu ziren arren, denborarekin hiritarrek asko eskertu dute 1982an abiaturiko ekimena; besteak beste, gizartean kontzientzia ekologikoa zabaltzen lagundu baitzuen.

Daita 2019 House proiektuaren maketa eta erakusketaren irudi orokorra, hots, Euskadiko Arkitektura Institutuan ikus daitekeen «basoa».

Erakusketan, zuhaizti batean lez, ez da aniztasunik falta. Testuinguru eta izaera ezberdineko proiektuak bildu diren honetan, hiri handietan planteaturikoak ere ikus daitezke; edonon proposa daitekeelako bioaniztasuna eta gainontzeko espezieak errespetatzen dituen arkitektura, baita Tokion ere. Japoniako Estadio Nazional berrirako Tsuyoshi Tane-ren, Dan Dorell-en eta Lina Ghotmeh-ren lehiaketako proposamenak, besteak beste, klima aldaketaren ondorioak indargabetzea du helburu, hiriaren erdian basoa txertatuz ekipamenduaren estalki gisa. Euri-urak jaso eta banatzen zituen diseinuak, eta haren gainazal berdeak hiriko bero-uharte efektuaren aurka egiten zuen, tenperatura altuak leunduz. Horrez gain, proposamenak lekuaren memoria berreskuratzea zeukan asmotzat; izan ere, kokapen horixe bera zen Meiji inperioaren eta Meiji Jingu Gaien baso inperialaren oroimenezko monumentuaren kokalekua II. Mundu Gerrak ezabatu zituen arte. Proiektuak eremu horretako naturaren boterea goraipatzen zuen Kofun itxurako estadioa sortuz, eta mendeetako tradizioari keinua egiten zion.

Hiriz aldatu gabe, Tokion bertan dagoen beste eredu bat aurki genezake erakusketan; Daita 2019 House, Suzuko Yamada Architects bulegoaren etxebizitza proiektua. Etxebizitza eta haren lorategiaren artean mugarik ez dagoen proposamena da, batak bestea hartzen duelarik. Zuhaitzak eta begetazioa -jangarriak diren espezieek osatua- libreki hazten eta zabaltzen doaz, etxea mugimendu horietara moldatzen den heinean. Egileak inspirazioa Ruandako basoan aurkitu zuela aitortzen du, geruza ezberdinen atzean ezkutatzen den bizitokia gauzatzeko.

Partekaturiko hiru adibideen dosi txikiek erakusten dute aurki daitekeen ugaritasuna. Horiek nahiz beste 20 eredu (guztira 23) ezagut daitezke Bordeletik datorren baso inprobisatu nahiz ibiltarian; izan ere, erakusketa Arc en Reve Centre d’Architecturetik dator, eta 2021ean ikusgai egon zen bertan. Formatu anitzen bidez -ilustrazioak, maketak zein irudiak-, zuhaitzek garai desberdinetako arkitekturan izan duten parte hartzea ezagutarazi nahi da, baso oparo batean barneratzea bezalako esperientzia aberasgarri honen bitartez.