Amaia Uribe
IRITZIA

Kazetaritzaz

Kazetaritza munduko ogibiderik onena zela zioen Gabriel Garcia Marquezek, baina azkenaldian ez dira garai onak kazetari izateko. Ondo daki hori Pablo Gonzalezek. Bi urte eta bi hilabete daramatza preso Polonian, inputazio barik, kargu barik eta epaiketa barik. Zortzi aldiz luzatu diote behin-behineko espetxealdia, baina ez berak, ez bere senideek ez dakite zergatik dagoen kartzelan. Egunotan, bere semeekin Skype bidez hitz egitea eskatu du. Izan ere, bi urte eta bi hilabete daramatza beraiek ikusi barik. Beraien egunerokoan egon barik. Beraiekin gozatu barik.

Nabarnizen, gertukoek elkartasun festa antolatu dute gaurko. Mendi martxa, txalapartariak, musika eta bazkaria egongo dira. Baina, batez ere, salaketa ozena. Injustiziaren aurrean altxatuko dira Nabarniz eta Busturialdea, ez baita onargarria Gonzalezekin egiten ari direna.

Tamalez, Pablo ez da jazarpena jasaten ari den kazetari bakarra. Askotan etortzen zaizkit gogora Gazako lankideak. Gerra hasi zenetik, gutxienez 105 kazetari hil ditu Israelgo Armadak. Horietatik 22 lanean zeuden, Netanyahuk inork jakitea nahi ez duena kontatzen. Atzerriko kazetariak ezin dira Gaza barrura sartu eta bertakoak bizitza arriskatzen ari dira sarraskiaz informatzeko. Ikusi ditugu, “press” dioen txalekoa jantzita, senideen hilketaren berri eman duten kazetariak. Kontatu nahi ez luketena kontatzera behartuta. Eman zezaketen albisterik txarrena ematera kondenatuta.

2023an, ia 800 kazetari atxilotu zituzten mundu mailan. Erdiak, Txinan, Myanmarren, Bielorrusian eta Vietnamen. Preso dauden kazetari horiei ez diete askatasunez lan egiten uzten eta etorkizunean lan egiten jarraitzeko hegoak mozten dizkiete.

Kazetaritza ez da delitua. Gizarteak informatuta egon behar du, ondo informatuta. Adierazpen askatasuna ezin da mugatu, adierazpen askatasuna eskubidea baita. Fake news edo albiste faltsuen aroan, inoiz baino beharrezkoagoa da kazetaritza objektibo eta zorrotza. Izan ere, kazetaritza librea ez bada, ez da kazetaritza. Ez ginen kazetari egin politikariek nahi dutena kontatzeko, gertatzen ari dena kontatzeko baizik. Utz diezagutela lan egiten.