Naia Azkuenaga Duran
ARKITEKTURA

BAT etxea

BAT etxea bezalako proiektuak egungo eraikuntza sektorean paradigma aldaketaren adibidea dira. Jatorrizko diseinu honekin, Zubietan (Gipuzkoa) kokatutako familia bakarreko etxebizitzak iraunkortasuna du ardatz nagusia.

(Jesus Granada)

CSCAEk (Espainiako Arkitektoen Kontseilu Gorenak) 2024ko proiektu hautatuen artean Amaia Arana Arkitekturak eta Blancodelprim Arquitectosek elkarlanean egindako BAT etxea proiektua aukeratu dute. Epaimahairen hitzetan, «eraikinak jasangarritasun, osasun eta Bauhaus berriaren baloreei erantzuna ematen die, eraikuntza bezalako sektorearen deskarbonizazio hirukoitzean oinarritutako printzipioez baliatuz».

Zubietan kokatutako familia bakarreko etxebizitza honen diseinua hiru ardatz nagusitan banatzen dute egileek: erantzun arkitektonikoa, jasangarritasuna eta egurraren erabilera. Eta hiru hauen arteko jolasaren emaitza dugu proiektua.

Etxebizitzaren diseinuan, programari dagokionez, ohiko etxebizitza batean aurki daitekeenaren antzekoa da. Proiektua argi bereizten duena, ordea, hau txertatzeko era da. Kanpotik ikusita, eraikina hiru bolumenetan banatuta dago. Bolumen hauek inguruan dauden beste eraikinen eskala eta forma geometrikoa jarraitzen dute, honen txertaketa auzoaren eskalaren barnean lausotuz. Fatxadei dagokienez, eraikinak ohiko akaberetatik urrunduz, egurrezko lama bertikalez osatutako diseinuari jarraitzen dio. Hauek eraikin osoari buelta ematen diote kanpotik, etxebizitzaren forma indartzea lortuz.

Etxearen diseinuaz aparte, jasangarritasuna eta egurraren erabilerak proiektu hau deskarbonizazio hirukoitzaren ardatzetan kokatzen du. Jakina da eraikuntzaren sektorea, Estatu mailan, kutsadura tasa altuena duten sektoreen barnean kokatzen dela. Hau dela eta, azken urteetan sektorearen eraldaketari bideratutako proposamenek aurrera egin dute, gurean zein Estatu espainolean.

Prozesu honetarako, beraz, bi ildo nagusi segitu dira. Batetik, eraikuntza prozesuan erabilitako material eta sistemei eragiten diotenak. Eraikuntza industrializatuaren bideari jarraituz eta material berriak erabiliz, eraikitzean sortutako CO2 emisio kopurua jaistea lortzen dutenak. Bestetik, eraikinen bizitzan zehar erabiltzeko orduan askatutako CO2 emisioak jaistearekin lotuta dauden diseinu baldintzekin zein sistemekin du zerikusia. Honen barnean kokatzen dira askotan entzuten diren passivhaus moduko irizpideak. BAT etxera bueltatuz, bi gidalerro hauekin zerikusia duten ideiak txertatu dira.

BAT etxearen barrualdea eta kanpoaldea. Zubietan dago etxebizitza hau.

Eraikinaren jasangarritasuna proiektuaren diseinuaren ardatz bihurtu da. Erantzun arkitektonikoaz harago, diseinuari ematen zaion erantzun teknikoa ere aipatu beharra dago. Passivhaus ziurtagiria lortu duen eraikin honetan, eraikinaren kanpo azalean sortzen diren zubi termikoak ekiditeko diseinuari eta materialei erreparatu zaie. Hauek ez dira bakarrik kanpoko hormetara mugatzen, eraikinaren instalazio sistemek ere zeresana dute diseinuaren atal honetan. Hori dela eta, etxebizitza kokatuta dagoen klimara egokitu dute diseinua. Horrela, bentilazio naturalaz baliatzen da etxebizitza udako hilabeteetan, gure inguruan ohikoa den hezetasuna kontrolatzeko sistemarekin konbinatzen dela. Bestela, urteko beste sasoietan, aerotemia sistemaren bidez funtzionatzen du eraikinaren beroketa sistemak.

Azkenik, deskarbonizazioaren helburuari oso konektatuta dagoen ardatza dugu etxebizitza honen hirugarren gidalerroa: egurraren erabilera.

Amaia Arana eta Iñaki del Prim-ek material honetatik eratorritako CLT-zko soluzioa erabiltzen dute. CLT egitura elementua ez ezik eraikuntza elementua ere bada. Elementu honen bidez, eraikina tente mantentzeaz gain, passivhaus-ek eraikuntza elementuei ezartzen dizkien baldintzei ere erantzun ona ematen duen sistema da.

Proiektuan erabiltzen diren egurrezko soluzioek, CLT, lamak, barne akaberak eta bestelakoek, deskarbonizazio prozesuari aurre egiten diete, bai ekoizpen bai produkzio prozesuetan, hauek CO2 emisio txikia duten materialak bihurtuz. Askotan CO2 xurgatzaileak deitzen zaie material hauei, eraikuntzaren prozesuan sortutako batez besteko emisioak asko gutxitzen laguntzen dutelako.

BAT etxea bezalako proiektuak egungo eraikuntza sektorearen paradigma aldaketaren eredua dira. Sistema tradizionalak erroturik dituen eraikuntza sistemak, eraikitzeko era eta material berriekin elkarlana posible dela erakusteaz gain, diseinu fasean hartutako bideen garrantzia ere erakusten du.