Jon Jimenez
LITERATURA

Humboldtek Ibardingo artzaia ezagutu zuenekoa

Negar malkotan da artzaia Ibardingo mugetan, aurrean, guardia zibila, fusila eskuetan», abesten du Fermin Balentziak. Ardi galduaren bila bertzaldera zeharkatu ezinean dabil artzaia, ulertzen ez dituen legeek geraturik baina bertzaldekoekin hizkuntzak erabat loturik. Wilhelm von Humboldt pentsalari prusiarra Euskal Herriratu zenean, duela ia bi mende, Balentziaren artzai horren nortasun nazionalaren, hots, estatuen peko baina estatuez aurretiko herri bizi horren izaeraren nondik norakoen, ezagutzera etorri zen. Eta, «zorigabeko leinu honek bere izenaren batasuna ere galdu» duen arren, nazio bat aurkitu zuen. Unibertsaltasun abstraktu eta ezein tokikoaren aurrean, nazio zehatzetatik abiatu nahi zuen gizadi osoaren ezagupena Humboldtek, eta horri eskaini zion bere obra eta bizitzaren parte handi bat. Iñaki Zabaleta Gorrotxategik (Donostia, 1966) “Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan” (Jakin) lanean bildu ditu horiek guziak. Hala, filosofo prusiarrari erpin intelektual guziek bat egin zioten Euskal Herrian. Hemen, «modernitatea ulertzeko giltza» den leku honetan, batu zen, Joxe Azurmendik liburu honen harira gogoratzen digun eran, estatu moderno aniztasun ororen zanpatzaileen gaineko Humboldt politiko liberalaren begirada kritikoa eta euskal jendeaz eta euskaraz interesa piztu zizkion hizkuntzalari eta antropologo sena.

Denborak aurrera egin du ordudanik, baina estatuen eta nazioen korapiloa aska ezinean gabiltza oraindik. Euskal edo kataluniar edo irlandar “arazoek” hor diraute. Eta hortik datorkio Zabaletari ikerketa honen grina eta kezka nagusia: zer da nazioa edo, bertzera galdetuta, zerk egiten du gizatalde bat nazio? Dibulgazio tonuz osaturiko saiakera filosofiko honetan -eskertzekoak dira atal bakoitzaren hasierako argipenak, amaierako laburpenak eta hizkera oro har-, hizkuntza ipiniko zaigu osagai egituratzaile bezala. Honela, 1956ko belaunaldiaren emari intelektuala ardaztu zuen itzal luzeko pentsalaria egungo eztabaidetan kokatuko digu Zabaletak. 1966ko “Hizkuntza eta pentsakera” lanean irakurtzen diogu jada Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”-ri «hizkuntza olerkia» dela, «ez zientzia. Olerki-ondoa da, hobe esateko. Hizkuntzaren berezitasuna edo jatortasun hori herriak eman dio libroki. Herri baten sorkari nagusia, herri baten tresna nagusia, hizkuntza da; bere nazio-jakintzaren oinarria. Hitz batez: hizkuntza da herri baten arima. Humboldtek egia zuen». Probestu ditzagun haren ekarpenak zeren eta, Fermin Muguruzak errango zukeen moduan, Wilhelm von Humboldt gure laguna da!