MAY. 26 2024 BI HAMARKADA ESZENAN Interview Aitziber Garmendia umorista «Nire beldurra da gustuko aldapan tokirik ez egotea» Euskal Herria utzi gabe, Madrilen abentura berria bizitzen ari da Aitziber Garmendia. Zuzendaritzaren harra ere sentitu du. Nork bere buruari jartzen dizkion exijentzien kargaz, lortutako posizioa mantentzearen zailtasunaz, printzipioei leial izateaz, emakumeei umoregintzan jendarteak erreserbatu dien tokiaz... ari da elkarrizketa honetan. (Gorka Rubio FOKU) Xole Aramendi Grabagailua itzali eta berehala adineko emakume bat inguratu zaio Aitziber Garmendiari (Zaldibia, 1982). «Zu komediantea zara, ezta?», galdetu dio. «Komediante, ze polita!», erantzun dio honek. Eskola-umea zela sentitu zuen estreinakoz aurrean zituenei -irakasleak, gurasoak eta ikaskideak- barre eragitearen zirrara. Barruraino sartu zitzaion, eta behin eta berriz sentitu nahi izan du ordutik. Kosta ahala kosta. Ez baita dena kanpotik irudi lezakeen bezain erraza izan. Bere ibilbide arrakastatsuaren atzean dauden bi giltza aipatu ditu elkarrizketan: amak bere garaian gomendatu bezala beldurrei iskin ez, aurre egitea, bata. Lana, bestea. Bi hamarkada daramatzazu agertokietan. 22 urte… Hau da bihotzekoa eman didana oraintxe bertan! [barreak]. Baduzu ohiturarik atzera begira jartzeko? Hala bada, zer puntutan ikusten duzu zure karrera? Batzuetan egiten dut errepaso txiki bat. Iruditzen zaidana baino denbora gehiago pasatu da. Badirudi atzo hasi nintzela. Seinale ona da, sentsazio hori dut ilusio berarekin jarraitzen dudalako. Erantzukizuna sentitzen dudanean maila eman behar dudalako, hortaz konturatzen naizenean esaten dut neurekiko: ‘Ostia! Igaro dira urte batzuk eta lan asko egin dut’. Nagoen tokiraino iritsi naiz eta hemen mantentzea askotan zaila egiten zait. Normalean nire buruan jartzen ditudalako besteek nigan eduki ditzaketen espektatibak. Errorea da, handi-handia, baina gertatzen zait. Eta karga bat bezala bizi dut. Askotan gu geu gara exijenteagoak geure buruarekin, ingurukoak baino. Bai, ni neure buruarekin ikaragarri exijentea naiz. Askotan esaten dut: besteei hitz egingo banie nire buruari hitz egiten diodan bezala, ez nuke lagunik edukiko. Egia biribila da, oso gogorra. Ze matxakea denbora guztian, ezin pauso txarrik eman, dena ondo egin beharra hasieratik… Kosta egin zaizun sentsazioa duzu? Ez, baina bai lan asko egin behar izan dudan sentsazioa. Erabaki asko hartu behar izan dut. Eta ezezko asko eman, beldur handia eman didatenak. Baina gaur egun emandako baiezkoez bezain harro nago emandako ezezkoez. Puntu garrantzitsua dela iruditzen zait. Askotan beldurra ematen digu ezetz esateak, oraindik ikasten ari naiz. Azken urteetan ezezko oso inportanteak eman ditut nire karrera leku batera edo bestera bideratu dutenak, eta iruditzen zait ezezko horiez harro egotea ere gauza polita dela. Zer da nahi ez duzun hori? Aurkezle lanak normalean alde batera uzten ditut. Batetik, ez dut gozatzen, aspertu egiten naiz. Bestetik, iruditzen zait ez naizela aurkezle ona, eta ez da ezer gertatzen horregatik. Aktorea naiz. Egin ditut aurkezle lan asko, baina izan dira trukean zerbait eman didatenak. Adibidez, “Barre librea”n bakarrizketak egiten nituen eta esketxak egiteko aukera neukan. Peajeak konpentsatzen zidan. “Batek daki”n beste hainbeste. Aurkezlea banintzen, baina autobus markesina batean bakarrizketak grabatzen nituen [irribarrea]. “Zuek hor” saioan fikziozko pertsonaiak egiten nituen baita ere. “Gure kasa” kariño handiz gogoratzen dut, aurkezleen mahaian nengoen eta beti fikziozko pertsonaia batekin. Hori izaten da nire eskaera entretenimendu saioetan agertzeko, Aitziber Garmendia Mendizabal bezala ez agertzea, baizik pertsonaia baten azalean, niretzat badelako aktore izateko bide txiki bat. Hau oinarritzat hartuta ezezko asko eman ditut, beldur handiz, oso ondo zaindu eta tratatu nauten etxe batetik ateratzea zela sentitzen nuelako. Baina iruditzen zitzaidan fikzioan bidea egin nahi banuen erabaki horiek hartzeko bazela garaia. ETBz ari zara. Bai. Nire etxea kontsideratzen dut nik, nola ez ba! Zenbat aukera eman dizkidan, ze kariño diedan bertan egindako hainbat lanei. Baina fikzio aukerarik ez zidaten ematen, eta aldaketa hori behar nuen. Pena handiz, noski. Pertsonaiak babesa ematen dizu. Askoz erosoago sentitzen naiz pertsonaia baten azalean, askoz gehiago dibertitzen naiz. Eta dibertitzea ezinbesteko osagaia da. Ez banaiz dibertitzen, ez du merezi. Ez daukat nezesidaderik aurkezle nagusi gisa inon aritzeko. Nahiago dut pertsonaia txiki bat egin beste batek aurkezle bezala eramango duen programa batean. Ez daukat protagonismorako lehentasunik. Egiten dudan horretan disfrutatu eta zati txiki horiek nik aukeratuak izatea. Hau oso garbi dudanean, lasai hartzen ditut erabakiak, beldurrez, erosotasuna eta egonkortasuna galtzea badelako, baina seguru. Saiatu naiz nire buruari fidela izaten. Sare sozialen kontua nola bizi duzu orduan? Hor zu zara… Bai, banaiz ni. Egia esango dizut, orain dela ez hainbeste arte banintzen niaren zati bat, alde polita bakarrik, erakusten zuena. Nire itzalak eta mamuak ez nituen erakusten. Erabaki nuen arte sare sozialak badirela gezur handia, kalte egin dezaketela, baina laguntzeko ere balio dezaketela. Nire itzala eta humanitatea erakusten hasi nintzen. Buru osasunaz hitz egiten, suizidioaz, pornografiarik egin gabe eta morborik sortu gabe. Nire bizitza oso polita da, nik aukeratutako bidea eta zoriontsu egiten nauen lanbidea delako, baina dena ez da arrosa kolorekoa. Nik ere hau, hori eta hura baditut. Sare sozialetan kontatzen den guztia ez da hain zoragarria. Gure bizitza besteenarekin konparatzen dugu beti. Gu ondo bagaude ere, beste norbait hobeto badago, ja ez gaude hain ondo. Hain sinpleak eta okerrak gara askotan. Gazte asko hurbildu zitzaizkidan eskerrak emanez. Bikotekideak bere buruaz beste egin zuela kontatuz 2021ean txioa idatzi zenuen. Nola gogoratzen duzu eguna? Zure gertukoek eta herritarrek jakingo zuten, noski, baina publiko egitea erabaki zenuen… Ez da inoiz ezkutatu dudan zerbait. Baina ez zoaz hori kontatzen. Hori da. Abuztuaren 11n izan zen, Gaizkaren suizidioaren urteurrenean justu. Sentimendua oso gardena izan zen, inolako ‘bainarik’ gabea. Beldurra edo bertigoa bai, baina ‘orain da momentua’ ikusi nuen. Klik hori oso nabarmena izan zen. Neska batek Instagram bidez pribatutik idatzi zidan “Barre librea” egiten genuen garaian. Eskerrak eman nahi zizkidan, bere neba suizidatu zela, jakin zuela antzeko zerbait bizi izan nuela eta erreferentzia zela berarentzat barrea egiteaz gain barrea eragiten nuela ikustea. Nolabait zorretan sentitu nintzen. ‘Ez da guztiz egia. Askoz hobeto nago, baina hor geratzen den zerbait da. Bizi ditudan urteak ere oso gorabeheratsuak izan dira emozionalki’, pentsatu nuen. Zintzotasun gehiago merezi zuela pentsatu nuen, eta nik neronek ere merezi dudala hori aske esateko aukera. Hor hartu nuen erabakia. Eta korapilo handi-handia askatu nuen. Askotan ni ez naiz kontziente, eta egiatan esaten dut, txio batek eragingo duen uholde horretaz guztiaz. Publikazioak egiten ditut pentsatuz nire ingurukoek ikusiko dituztela. Eta izugarrizko oihartzuna lortzen dute askotan. Horrek ere beldurtzen nau. Oso ondo neurtu behar dut zer esaten dudan. Zorionez onerako izan zen, jende asko hurbildu zitzaidan sare sozialen bidez, kasu askotan aholku eske. ‘Ni ez naiz terapeuta, ezin dizut lagundu, arriskutsua da ni horretan sartzea’, esaten nien. Irakurtzen nituen denak, denak diodanean ehunka dira egunero… Biziraun elkartera bideratzen nituen. Lotura estua dut haiekin eta badakite nola kudeatu. Madrilen dezente zabiltza. Beste esposizio maila bat da hangoa? Haterrak… Haterrak normalean profil baten atzean ezkutatuta daude. Gutxitan azalduko dira beraien izen-abizenez eta argazkiarekin. Zein erraza den talaiatik eraso egitea eta gorrotoa zabaltzea. Leo Harlemek esaten zuen elkarrizketa batean denok eduki behar genukeela NAN birtuala irekitzen dugun kontu bakoitzean, anonimatutik inor aritu ez dadin. Utopikoa dirudien arren, lortu daiteke eta ez zait iruditzen hain muturrekoa denik. Askori astakeria irudituko zaie, niretzat ez da hainbestekoa. Carlos Vermuten aginduetara lan egin zenuen «Manticora» filmean. Nola bizi izan zenituen bere aurka hainbat emakumek jarritako sexu eraso salaketak? Sorpresa handiarekin, egia esan. Ordurako filma estreinatuta zegoen, errodajean ez nuen inolako arazorik izan, harreman ona izan zen orokorrean. Triste jarri ninduen. Ofizioak berezkoak dituen ezaugarriengatik eta filmaketetan, antzerki biratan… lantaldeak duen elkarbizitza estuagatik era honetako jazarpenak beste lan sektore batzuetan baino gehiago izaten dira? Me Too mugimendua zinemagintzaren alorrean piztu zen AEBetan. Harremanak askoz estuagoak dira. Emozioekin lan egiten dugu, eta ondorioz askoz permeableago zaude. Ez daukazu babestuko zaituen zirarik. Barrura zoaz denarekin. Horrek zaurgarriago egiten gaitu, beste leku batean jartzen gaitu. Sentimendu guztiak askoz samurrago daude, eta samurtasun hori onerako den bezala beste batzuetan txarrerako ere izan daiteke. Min gehiago egin diezazukete beste edozein lanbidetan baino, inplikazioarengatik. Horrelako zerbait gertatzen denean, jendea beti dago gure iritziaren zain. Eta alde horretatik ere esponituago gaude. Aktore ezagun bezala duzun posizio pribilegiatutik daukazun bozgorailua erabiltzearen aldekoa zara? Bai, askotan erabili dut, gai askotan. Adibidez, osasun publikoaren aldeko deia egiteko baliatzen ditut elkarrizketak, zein behar dauden adierazteko. Eraso kasuetan ere, noski, hor egon behar dugu, biktimentzat babesleku izateko. Berdin zait zein alorretan. Zuzendari bezala ere probatu duzu «Kanpora sartzen» antzezlanean. Errepikatzeko gogorik bai? Bai, esperientzia oso polita izan da. Lehenengoa izan da baina ez da azkenengoa izango. Atsegina izan da, oso erraza. Xabinentzat [Fernandez] hain pertsonala eta benetakoa zen… Intzarekin [Alkain] ere oso gustura, aspalditik neukan berekin lan egiteko gogoa. Antzerkiaren Nazioarteko Egunean Donostiako Udalak antolatzen duen gala zuk idazten eta zuzentzen duzu. Aurten nola egin duzu? Donostia Saria zeuk jaso duzu Telmo Iruretarekin batera «Sexberdinak» obrarengatik. Nahiko lan nork bere buruari gala bat idaztea! [barrea]. Aurkezle lan soiletik aldendu nahian, fikzioa sartzen dut eta eszenatxo batekin hasi ohi dugu gala. Aurten Kepa [Errasti] eta Naiara [Arnedo] aktoreak gonbidatu nituen. Hortik abiatu eta umorea egin nuen. ‘Gaur egun antzerki saria edozeini ematen diote’… eta antzekoak esanez. Bestela oso zaila zen gure buruari loreak botatzea. Orain arte hori izan da dramaturgiarekin izan dudan lehen kontaktua, eta “Kanpora sartzen” hasieratik bukaerarako antzezlana izan da. Esana duzu Zuzenbide ikasketak baliagarriak izan zaizkizula Tanttakaren «Esnearen kolorekoa» antzezlaneko testu luzea ikasteko. Memoria entrenatzea beti dator ondo, eta Zuzenbidean horixe ikasi nuen. Hizkuntza arrotza gainera… Bai, hizkuntza oso formala, teknikoa. Gainera, nik euskaraz egin nuen eta zailtasun bat gehiago zeukan horrek. Izan ere, materiala erdaraz bakarrik zegoen. Eta, horrez gain, jurisprudentzia osoa euskaratu behar genuen. Lan bikoitza zen. Hori bai zela militantzia! Klaseetan oso ondo, irakasleak oso ondo prestatuta zeuden. Ez naiz damutzen horrela egin izanaz, eta hizkuntza baten aldeko pauso handiak horrela lortzen dira: askoren sakrifizioaz. Norbaitek galdetuko zizun zer zenuen buruan Zuzenbidea aukeratu zenuenean. Bai, amak berak ere bai. Edozein amak esango luke ‘oso ondo’. Ba, nireak ez. Hainbeste ezagutzen nau… Lizentziatu eta praktikak ere egin nituen, baina garbi neukan ez nintzela horretan arituko. Esana duzu umorea gizonezkoentzat erreserbatutako eremua izan dela beti. Aldatzen ari al da? Oso gutxinaka oraindik. Gauza asko egiten ditugu jendea aztoratzen dutenak. Edozein pertsonaia, edozein komentario, gizonezko baten ahotan onargarriak diren bezala, edo jendea horretara ohitua dagoen bezala, emakumezko baten ahotan ez dira ongietorriak. Iruditzen zaie umorean fin mantendu behar dugula beti. Gizonezkoei txisteak zerbitzatzeko egon behar dugu hor, ez txisteak geuk sortzeko. Musa bezala erabili gaituzte, eta beti esan izan dut ni ez ez naizela inoren musa, ni neroni naizela artista. Musa... maionesa, bai, baina hortik aurrera utzi niri lanean faborez [barrea]. Nekagarria da beti edukatu, beti eder, beti irribarretsu egon behar izatea. Ohiko komentarioa, ‘neska izateko graziosoa da’. Nahikoa, ja beste garai batean gaude, edo hala beharko luke. Euskal Herrian eta Madrilen umorea desberdin egiten duzu? Publikoa desberdina izango da, erreferenteak ere bai. Nik Euskal Herrian bide bat egina dut, eta badaukat publikoa, oso fidela dena, gainera. Asko eskertzen dut hori, izugarri maitatua sentitzen naiz. Madrilen, aldiz, zerotik hasi naiz. Eta askotan beldurra ematen duen bezala, bestetan askagarria ere bada. Ateratzen naiz oholtzara edo errodaje set-era inolako pretentsiorik gabe, ‘ea hemen zer gertatzen den, ea grazia egiten dudan eta arrakasta hori badudan’ esanez. Zerotik hasteak beti eman dit askatasun sentsazioa, eta hauxe ari zait gertatzen Madrilen. Egia da publikoa diferentea dela. Gazteleraz edo euskaraz umorea egitea niretzat ere ez da berdina. Ez publikoa ez neroni ez gara berdinak. Ama hizkuntza oso inportantea da, umorea egiteko garaian beste oinarri bat ematen dizu, erreminta kontrolpean daukazu. Kepa Errastiri irakurri nion: «Madrilera orain ez nintzateke joango probatzera, ezta erotuta ere». Nola bizi duzu zuk? Iritzia asko aldatu dut. Orain hogei urte esan izan bazenit, baneukan Madrilera joateko grina. Beste eskala-maila bat zela ikusten zenuen. Bai, hori da. Eta horretan aldatu dut perspektiba. Orain ez dut ikusten beste maila bat denik. Iruditzen zait beste esparru bat dela. Esaten didatenean ‘ze ondo saltoa eman duzula’, hau gutxiago balitz bezala hartzen diot kutsua horri. Eta dela: ‘kanpora saltoa ematea azkenean lortu duzu’. Ez nago ados. Lanean daramatzadan 22 urte hauetan konturatu naiz nire herrian nire hizkuntzan umorea sortu dudala, kultura sortzeko nire aletxoa jarri dudala eta nire hizkuntzan emanaldi pila bat egin ditudala, publikoa lortu dudala eta publikoak horrela maite nauela. Hori ez nuke aldatuko beste ezerengatik. Egia da orain disfrutatzen ari naizela Madrilgoa, niretzat berria delako, eta horrek ikasteko aukera ematen didala. 22 urteren ondoren asko eskertzen da. Ez sentitzea nonbait estankatuta zaudela eta ez daukazula ezer gehiago eskaintzekorik. Zentzu horretan bizitzen ari naiz, eta orain 20 urte bizi ahalko nukeena baino sanoagoa dela iruditzen zait. Pauso bat alde batera egin dut, ez pauso bat gora. Bizi, Euskal Herrian bizi zara? Azken urte honetan, Movistar Pluserako “Muertos SL” seriean lanean egon naizenean, Madrilen egon naiz. Eta aurreko bi urteetan joan-etorrian ibili naiz. Paper txikiak atera zaizkit zineman, eta tantaka-tantaka putzua betetzen joan da. Orain, putzuan igerian egiteko adina ur dagoenez, pixka bat egongo naiz Madrilen. Hori astean zehar. Asteburuero funtzioak ditut eta Euskal Herrira etortzen naiz. Antzerkia ez dut utzi nahi, eta gutxiago hemen egindako antzerkia. Baliabide aldetik alde handia dago han eta hemen? Beste lan erritmo bat… “Muertos SL”-ko errodaje set-era iritsi nintzenean flipatu egin nuen. Zeinen handia dena, zeinen ondo jarrita… Berehala pentsatu nuen bigarren denboraldia etorriko zela egindako inbertsioarengatik. Publiko batez eta besteaz zer esango zenuke? Euskal Herrian publiko gazte pila bat etortzen da antzerkira. Hemendik kanpo, aldiz… Madrilen bai, badagoelako kultura indartzeko aukera, baina probintzietan adin media 50-60 urte bueltan dago. Eta emakumeak nagusi, hemen bezala, ikusleen artean? Bai, portzentajea handi batean, %80 agian. Zer pentsatua ematen du. Jarrera bera desberdina da. Hitzaldi bat eman nuen Zarautzen osasun mentalaz, eta ikustekoa zen nola zeuden butakan neskak eta mutilak. Mutil zoragarriak ere bazeuden tartean, noski, baina orokorrean energiak ze diferenteak diren. Mutilak arrastoa utzi nahian ari ziren, zakurrek pixarekin egiten duten moduan, ‘hemen nago ni’ adieraziz, eta neskak batzuk elkarri eskua emanda, adi entzuten, beste inteligentzia bat, beste sentsibilitate bat… Sentitzen dut, baina horrela da. Gizarte bezala zer pentsatua ematen du. Ze zaila mutila edo gizonezkoa izatea, emozioak adierazteko hainbeste zailtasun jartzen dizkizun gizarte honetan. Biktimatzat jotzen ditut, ezin dira azaldu diren bezala. Sekulako pena eman zidan. Ikastetxe batean “Sexberdinak” eskaini genuen, eta gauza bera. Emanaldian, momentu dramatikoetan, emozio horretara sartu nahi ez dutenean, kontrako aldera errebelatzen dira. Ez diote bere buruari negar egitea baimentzen eta builaka hasten dira. Ohikoa duzu hitzaldiak ematea? Tarteka egiten dut, nire aletxoa osasun mentalaren alorrean horixe da. Erreferentzia dagoenean, pertsonaia publikoa dena, errazago erakartzen dira entzuleak. Zerbait egin badezaket, egiten dut. Ikastetxeetan ere egin izan ditut antzerki emanaldiak. Niri galderak egiteko aukera egin zitzaien ikasleei. Idatziz pasatu zizkidaten eta erantzun nituen. Saiatzen naiz gertukoa izaten, gai hauetaz hitz egiteko askatasuna izan dezaten. Eskolan egin zenuen, hain zuzen, lehen antzerki emanaldia. Eta amari esan zenion: «Nik hauxe egin nahi dut». Bai. Nire lagun minak eta biok antzezlan txiki bat idatzi genuen. Mari Puri eta Eusebio aitona-amonen pertsonaiak sortu genituen. Eskolako hall-ean lehenbizi eta gero herriko antzokian egin genuen. Lehen emanaldian denak, irakasleak, gurasoak zein ikasleak, barrez ikusi nituen. Droga bat izan zen! Gogoratzen dut zer subidoi izan genuen. Irabazi egin genuen, dozena erdi bat pastel eskuan joan ginen etxera. Amak esaten dit estasiatuta nengoela. ‘Hau sentitu nahi dut bizitza guztian’, esan nion. Nabarmen gogoratzen dut zer sentitu nuen eta zer esan nion. Amak ere gogoratzen du; ‘ze garbi zeneukan’, esaten dit. Ze zortea, hain gazte hori jakitea. Bai, baneukan helmuga bat eta oso garbia zen. Lehengoan gazte batek esan zidan musika ikasi nahi duela, baina amaren esanetan horrek ez duela etorkizunik. Beti horri begira gaude eta ahaztu egiten dugu momentuan zoriontsu zerk egiten gaituen. Ez zenuen imajinatu ere egin interpretazioak berarekin zekarren bizimodua, zenbat agertoki zapaldu dituzun, zenbat pertsona ezagutu dituzun. Hainbeste bizitza bizi... Ez nuen imajinatu hori dena etorriko zenik. Lan asko, asko, eginda. Beldur asko pasatuta. Zalantza pila batekin: ondo egiten ari naiz? Zenbat casting, zenbat erdipurdi ateratako entsegu… Lana izugarria izan da eta oraindik ere bada. Ez da lanbide erraza eta bidea askotan malkartsua da. Beti esaten da gustuko tokian aldaparik ez dela, eta nire beldurra da gustuko aldapan tokirik ez egotea. Amari gaztetxoa nintzela esan nion. Amak esan zidan ‘hori ere ba al duzu?’ [barrea]. Horrelako perlak botatzen nizkion txikitatik. Harreman oso estua duzu amarekin. Zure amaren eta amonaren izenak, Juanita eta Joxepi, badakizkigu sare sozialei esker. Zure aurreko emakumeen aldarrikapena dago hor. Nire familiko emakumerik gabe ez nintzateke izango. Dudarik gabe. Emakume oso borrokalariak izan dira. Nire ama oraindik ere bada. Sekula ez dit ‘seguru zaude hau egin nahi duzula?’ galdetu. ‘Beasainen badago antzerki talde bat, hasi egingo naiz’, esan nion. Larunbat goiz batean izan zen. Pixka bat beldurtu egin nintzen. ‘Ama, hemendik bi larunbatetara joango naiz’. ‘Oraingoan joaten ez bazara ez zara joango berriz. Beldurrei aurre egiten ez badiezu handiagoak bihurtzen dira’, berak. Arrazoi zuen. Joan egin nintzen, eta hurrengan eta hurrengoan… Ama helduleku oso garrantzitsua izan da, ez bakarrik momentu oso txarretarako, onetan ere, ospatzeko lehena da. Oso irekia da zentzu askotan. ‘Nik eman dizut baina nik ere hainbeste ikasi dut zuregandik…’, hau ama batek esaten duenean harremana oso orekatua bihurtzen da. Egunero esaten dit ikasteko prest dagoela. Drama on baten zain zaude? “Esnearen kolorekoa” erronka da, jakinda publikoak nigandik komedia espero duela. Obraren erditik aurrera gauzak iluntzen hasten dira. Ez daukat grina berezirik drama egiteko. Komedia egitea ere gauza serioa da, barre eragitea ez da batere erraza. Draman dakienak komedian ez daki beti, eta alderantziz bai, gertatzen da; komedian dakienak draman asmatzen du, sentimenduekin adieraztea delako. Erakunde publikoek, aurrekontua murriztu behar bada, kultura sailari begiratzen diote. Horrek asko hitz egiten du bizi garen gizarteaz. Ez da lehentasun bezala hartzen, entretenimendu soil bezala ulertzen delako, kultura dela emozioak eta inteligentzia elikatzeko modua, eta idealen alde borrokatzeko arma. Kulturaren bidez gauza asko lortu daitezke eta buru asko esnatu daitezke. Pandemia garaian zenbat mezu jaso genuen, konfinamendua samurtu genielako ikusle askori ‘Barre librea’ saioarekin... Influencer saiakerak ere egin dituzu. Saiakera kaskarrak! Ez ote naiz inoiz influencer izango, zeren txarra naiz. Horrelako eskaerak jasotzen ditudanean, nire premisa bakarra izaten da enpresa txikiak izan daitezen, handiak ez ditut hartu. Nire representanteak esaten dit, ‘hainbeste printzipioekin ez zara sekula aberastuko’. Diru asko izaten da. Ez dut nire printzipioen kontra doan ezer iragarri nahi, kosmetikoak, arropa dendak, edari eta janari markak, supermerkatuak... denetarik. Gaur egun publizitaterako leiho inportantea sare sozialak dira. Igual inportanteena da. Ez dut diruagatik egiten, elkarlan bezala ulertzen dut. Benetan defendatzen dut denda txikietan kontsumitzea eta hemengo ekoizpena indartzea, eta aletxoa jarri badezaket, nire publikotasunetik jarriko dut. Iruditzen zait bidea hori da. Egia da sare sozialetan aktore batek dituen «atsegin dut» mezuei begiratzen dietela ekoizleek eta zuzendariek duen interpretazio mailari baino? Pelikula ona egin nahi duenak jende ona nahi du, igual dio zenbat jarraitzaile dituen. Hor daukat esperantza jarria, bestela gureak egin du. Esti Urresola ez dut uste sare sozialetan zenbat jarraitzaile zituzten begira ibili zenik “20.000 especies de abejas ” filmatu aurretik. Zure altuera umorea egiteko erabili izan duzu. Inoiz izan duzu irrikarik 1,80ko altueratik, adibidez, bizitza nola ikusiko den jakiteko, egun batez bada ere? Gaztetan baneukan konplexua -1’57 neurtzen dut- eta plataforma handiak neramatzan. Pausokara bidali nuen curriculuma “Goenkale”n hasteko eta 1’72 neurtzen nuela jarri nuen. Hori esan egin behar da! Plataformekin igual 1’68 neurtuko nuen. Amak zertan nenbilen esan zidanean, ‘lanera ez naiz hanka hutsik joango’ izan zen nire erantzuna. Noizbait Pausokan nire curriculuma azaltzen bada, lotsaz desintegratuko naiz. «Beldurra ematen digu ezetz esateak, oraindik ikasten ari naiz. Azken urteetan ezezko oso inportanteak eman ditut nire karrera leku batera edo bestera bideratu dutenak, eta iruditzen zait ezezko horiez harro egotea ere gauza polita dela» «Nire herrian nire hizkuntzan umorea sortu dut, kultura sortzeko nire aletxoa jarri dut eta nire hizkuntzan emanaldi pila bat egin ditut, publikoa lortu dut eta publikoak horrela maite nau. Hori ez nuke aldatuko beste ezerengatik» «Gizonezkoei txisteak zerbitzatzeko egon behar dugu hor, ez txisteak geuk sortzeko. Musa bezala erabili gaituzte, eta beti esan izan dut ni ez ez naizela inoren musa, ni neroni naizela artista. Musa... maionesa, bai, baina hortik aurrera utzi niri lanean faborez» «‘Nik eman dizut, baina nik ere hainbeste ikasi dut zuregandik…’¸ hau ama batek esaten duenean harremana oso orekatua bihurtzen da. Egunero esaten dit ikasteko prest dagoela»