7K - zazpika astekaria
KIROLA

Desentrenamendua: ondorioak eta nola aurre egin

(Getty)

Desentrenamendua, ingeleseko “detraining” hitzetik eratorria, pertsona baten gaitasun fisikoan eta errendimenduan eragina duen fenomenoa da. Desentrenamenduaren ondorioak era erregularrean kirola edo jarduera fisikoa praktikatzen duten pertsonek pairatzen dituzte normalean, nahiz eta profil eta maila ezberdineko pertsonei ere eragin diezaiekeen.

Jarduera fisiko konkretu bat era erregular eta jarraitu batean praktikatzen dugunean, gure gorputzak aldaketa fisiologikoak izaten ditu, koordinazioa, indarra eta erresistentzia bezalako gaitasunak hobetuz. Baina, entrenatzeari uzten badiogu, aipatutako gaitasunak galdu ditzakegu. Aipatutako aldaketak aurretik dugun entrenamendu mailaren eta gelditasun epearen mende egongo dira, eta, horrenbestez, goi mailako entrenamendu maila duen pertsona batek gaitasun fisikoaren galera azkarragoa igarriko du.

Ondorio fisikoez gain, jarduera fisiko ezak alderdi psikologikoan eta aldartean eragina du. Aurrez dakigun moduan, jarduera fisikoa era erregularrean praktikatzen dugunean endorfina askatzen da, umorea hobetuz eta estres maila gutxituz. Hortaz, entrenatzeari uzten diogunean, osasun emozionala eta mentala kaltetuko ditugu.

Baina desentrenamendua ez da soilik atseden hartzea. Araututako atsedena beharrezkoa da, intentsitate altuko entrenamenduetatik errekuperatzeko eta gorputzak izandako kalteak indarberritzeko. Aipatutako atsedena behar baino luzeagoa denean agertzen da desentrenamendua, forma fisikoan galera nabaria eraginez.

Sortu ditzakeen efektuak gutxitzeko, jarduera fisikoa era erregular batean praktikatzea gomendatzen da, atseden egunetan ere intentsitate baxuko jarduerak ezarriz. Adibidez, intentsitate altuko entrenamendu baten ondoren bizikletaz, oinez edo igerian intentsitate baxuan entrenatu dezakegu, giharren egoera mantentzeko eta kardiobaskularki galerak ez izateko.

Bukatzeko, esan beharra dago desentrenamendua edonori gerta dakiokeela. Beraz, garrantzitsua izango da oreka bat mantentzea entrenamenduaren eta atsedenaren artean, errendimendu egoki bat mantendu ahal izateko. Gorputza makina moldakor bat da, eta atentzioa eta kontrola behar ditu, era egoki batean funtzionatuko badu.