JUN. 16 2024 ARKITEKTURA Babesleku bat zintzilik Joan Martí Morro arkitekto mallorcarrak Covid izurritea baliatu zuen esperimentu bat den proiektu bat egiteko: aterpe bat eraiki eta bertan bizi. Konfinamenduaz gero, aterpe honetan dagoen guztia berrerabilitako materialarekin eraiki zen. Argazkietan, basoko aterpea, planoaz gain. Proiektua aukeratua izan da 2024ko FAD sarietarako, esku hartze iragankorren atalean. (Joan Martí Morro) Nekane Azpiazu Lejardi Baliabide materialak nahi adina ustiatzeko arazorik ez edo, hobeto esanda, erreparorik ez daukala erakutsi du gizakiak urte hauetan guztietan. Baina hasi dira dagoeneko, erritmo geldiezina dela eta, horiek agortzear ote dauden kezkak. Eraikuntza paisaiaren aurkako indarkeria bilakatu den erauzketaren erantzulea da nolabait, errekurtso naturalen ustiapenen kopuru erdiaren eta beste hainbeste hondakinen arduradun garbia baita, hainbat ekosistema suntsituz. Ustez ezustekorik gabe funtzionatzeko gai den egungo produkzio sistema, ordea, Txinan sostengatzen dena, kolokan jartzen ikusi genuen Covid 19aren izurrite famatuaren garaian. Une batez sendoa dirudien munstro industrialaren hauskortasuna ikusi genuen birusak mehatxatuta. Maiz pasarte garratz hura ez zela gertatu dirudien arren, askotarako eman zuen pandemiak, eta buelta pare bat eskatzen dituzten kontu pila bat mahai gainean ezarri zituen. Itxialdiak denbora oparitu zigun; denbora hausnartzeko nahiz gauzak frogatzeko. Eta badira parentesia esperientzia pertsonal berezi bat bilakatu zutenak ere. Horietako bat da Joan Marti Morro arkitekto gaztea, zeinak ohiz kanpoko egoerari probetxua atera zion, muturreko esperimentu bat burutzeko: landa eremua habitatzea, paisaia horretan soilik aurki daitezkeen materialak baliatuz. Proiektuari “Refugi de confinament” deitu zion. Ziurgabetasun egoera hartan, Joanek bestelako konfinamendu propioa ezarri zion bere buruari; Pollençatik 4 kilometrora zegoen 12.000 metro karratuko partzelaren perimetroaren mugatik irten gabe bizitzea eta bertan babesleku txiki bat eraikitzeko gai izatea. Leku horretan, urteen poderioz, eraikuntza materialak pilatzen joan ziren, nekazaritza jardueraren hondakin gisa. Eta horiek berrerabiliz, arkitektura iragankorra sortzea izan zen helburua. Eskuragarri zeuden osagaien katalogoa egitea izan zen lehenengo pausoa, eta, jarraian, baliabide horietara egokitzen zen proiektua diseinatzeari ekin zion. Argi zeukan non finkatuko zen. Inolako zalantzarik gabe, artadiak eskaini ahal zizkion baldintzei probetxua ateratzeko asmoz, basoaren erdigunean ezarri zen, haren gerizan, babesean eta zintzilik. Zuhaitzak izango ziren bere sostengua, egitura bertikala. Zurezko plataforma zorutik 4 metrotara kokatu zuen, hezetasunaren mehatxutik eta basoko bizilagun bizidunetatik bakea aurkitu nahian, eta baldintza meteorologikoetara moldatzeko malgutasuna ematen zion soluzio batekin estali zuen espazioa. Arkitektoak azaldu bezala, basoko esku hartzea bi mikroproiektu bezala uler daiteke: alde batetik, plataforma, espazioari edozein erabilera emateko bitartekari lanak egiten dituena; eta, bestetik, estalkia, barne eta kanpo erlazioen harremana erregulatzeaz arduratzen dena. Bi interbentzio zintzilikarien batasuna oinarritzat dauzkaten zuhaitzetan datza. Babeslekua paisaiaren analisiaren emaitza da, eta horregatik elementuen funtzionaltasunak lekuaren ezaugarriei erantzuten die. Joanentzat babeslekuaren hormak dira basoaren dentsitatea eta sakontasuna, eta estalkia birziklaturiko polikarbonatuzko geruza arin batek materializatzen du, argitasunez blaituz plataformaren espazioa. Estalkiaren mekanismo malguak ixtea nahiz irekitzea ahalbidetzen du portxe baten gisan, neguan beroa mantentzeko eta udan, aldiz, freskatzeko. Material orok bigarren bizitza bizi du babeslekuan, erretiroa hartuta zeuden pertsianak, plastikoak, deposituak, geotextil oihalak, zurezko paletak, eta listoiak, besteak beste, berrerabiltzeko abilezia izan du Joanek sormen lanari esker. Babeslekua 393,88 kilogramo hondakinetatik birsortu da, eta berak jaso ahal izan dituen beste datu batzuen arabera, 47,43 metro kubiko CO2 aurreztu dira. Proiektua aukeratua izan da 2024ko FAD sarietarako, esku hartze iragankorren atalean. Arkitektura esperimentuaz gain, bizi esperimentua ere izan da honakoa arkitektoarentzat. Izan ere, itxialdian bertan, bizirauteko erronka ezarri zion bere buruari. Konfinamendu osoan zehar bizi izan zen zintzilikaturiko babeslekuan, eta ondoren tarteka bisitatu zuen, 2023ko maiatzean pandemiaren behin betiko amaiera adierazi zen arte. Normaltasun berrira itzuli zenean, esperimentuari amaiera emateko unea zela erabaki zuen, irakaspenak eta hausnarketak etapa berri batean proiektatzeko. Nolabait esateko, etorkizuna birpentsatzeko.