Aitor Maiza Apezetzea - Salto Training
KIROLA

Karga monitorizatzeko aldagaiak

(Getty)

Entrenamenduaren estimulua intentsitatearen, bolumenaren eta maiztasunaren konbinazio gisa deskribatu ohi da kirolean. Oro har, hiru faktore horiek egokitzapen bat sortzen dute gorputzean, eta horrek errendimendua hobetzea dakar (Mujika, 2023). Bolumena eta maiztasuna neurtzea errazagoa den arren, intentsitatea neurtzerako garaian izan ohi dira zailtasun handienak, bai entrenatzaileen ikuspuntutik, bai eta jarduera fisikoa praktikatzen duen edonorentzat ere.

Azken urteetan, teknologiaren eskutik intentsitatea neurtzeko eta monitorizatzeko hainbat gailu eta tresna ezagunak egin dira: GPS erlojuak, pultsometroak, potentziometroak, laktatometroak, enkoderrak… Baina ba al dakigu bakoitzak zer neurtzen duen eta nola erabili datu bakoitza? Hau ulertzeko, ezinbestekoa da kanpo eta barne kargaren arteko aldeak ulertzea. Kanpo kargaz hitz egiten dugunean, kirolariak burutzen duen lanaren kuantifikazio objektibo bat da. Adibidez, pertsona batek zenbat sentadilla eta zein pisurekin egin dituen, edota zenbat kilometro zein abiaduratan egin dituen. Hau da, abiadurez, kiloez edo desnibelez hitz egiten ariko gara.

Barne kargak, berriz, burutu beharreko lan horrek kirolariaren organismoan eragin dituen aldaketak islatzen dizkigu. Hau da, 50 kg-rekin 10 sentadilla egiteak edota 10 km orduko abiaduran 4 km korri egiteak zein aldaketa sortu ditu bakoitzaren organismoan? Nola igo da pertsona horren bihotz taupaden maiztasuna, edo laktato kontzentrazioa? Hau da, barne kargaren kasuan kanpo karga zehatz batek norbanako bakoitzarengan duen erantzuna neurtzen dugu.

Baina, bi aldagai hauen arteko balantzaz gain, aldagairik garrantzitsuena ahazten dugu gehienetan: esfortzuaren pertzepzioa edo RPEa (1-10 eskala batean lan batek suposatzen duen esfortzuaren pertzepzioa). Gaur 50 kg-rekin 10 sentadilla egitea lan erraza izan daitekeen arren, bihar agian gogotik sufritu beharko duzu lan berberean, kanpo karga berdinak barne karga handiagoa sortuko dizula. Beraz, argi izan milaka gailu eta datu izanagatik ere, norberari lan bakoitzak egun bakoitzean suposatzen diona interpretatzea baino datu fidagarriagorik ez dagoela.