Unai Jorge Fernandez - Salto Training
KIROLA

Esfortzu frogaren garrantzia

(Getty)

Eguraldi ona gure artean da, egunak luzeagoak dira eta, oporren atarian gaudelarik, jarduera fisikoa (JF) egiteko giro atseginak bultzaturik, entrenamendu errutinari hasiera ematen diogu, gure bihotza normalean baino gehiago estutuz. Baina asteak, hilabeteak, urteak… gure gorputzari gainkargarik eskatu gabe egon ondoren… prestatuta al gaude horrelako esfortzuak pairatzeko? Gure zentrora gerturatzen den edonork PAR-Q galdetegia bete beharra dauka entrenatzen hasi aurretik. Balioztaturik dagoen galdetegi honi esker, betetzen duen pertsona JF egiteko prest dagoen edo ez jakin dezakegu, batez ere arlo kardiobaskularrari erreparatuz. Baina nahikoa ote? Argi dago, gero eta ikerketa sakonagoa egin, orduan eta informazio baliagarriagoa izango dugu; kasu honetan, esfortzu froga bat izango litzateke egokiena.

Esfortzu frogaren helburua, biriken, bihotzaren eta odol hodien gaitasun funtzionala ebaluatzeaz gain, bihotzean anomaliarik dagoen ikuskatzea da, beti mediku baten gainbegiradarekin. Gailu ezberdinak erabili daitezke, nagusienak bizikleta edo korrika egiteko tapiza izanik. Erabiltzen den protokoloa ere aldakorra izan daiteke, normalean intentsitatea gradualki areagotuz, gure esfortzu maximora iritsi arte, non froga amaitutzat emango den. Faktore mugatzaileak ezberdinak dira, aire falta, hanketako nekea, toraxeko mina edo bestelako faktoreren bat. Arlo nagusian, hiru esfortzu froga bereiziko ditugu. Lehena, atsedeneko elektrokardiogramaz eta esfortzu frogaz (bihotz maiztasuna kontrolaturik soilik) osaturik. Bigarren aukera, hauei laktato froga gehituz. Eta azkena, eta osoena, hau guztia espirometroa erabiliz.

Esfortzu froga, osasun arlotik, ezinbestekoa da. Honi esker, arteria koronarioko gaixotasunak detekta daitezke, bihotzaren arritmiak, tratamendu baten eragina ezagutu, bihotzeko gaitz larrien prebentzioan lagundu, kondizio maila ezagutu… Gainera, dagoeneko, bihotzeko arazorik izanez gero, zure bihotzak ze esfortzu mailatara arte normaltasunez lan egin dezakeen jakin daiteke, arriskuak ekidinez. Errendimendu arloan, honetaz guztiaz gain, kirolariaren errendimendu maila jakin, entrenamenduaren eragina ikusi eta entrenatzeko parametroak ezagutzea izango dira helburu nagusienak.