JUN. 30 2024 KIROLA Laktatoa: zer da eta zertarako balio du? (Getty) Jurgi Fernandez Ostoaga - Salto training Aurreko astean, nire lankide Unai esfortzu frogaren garrantziaren inguruan mintzatu zen, bai osasunari bai errendimenduari begira. Honekin jarraituz, esfortzu frogetan neurtu daitekeen aldagai baten inguruan hitz egitera nator. Zein da aldagaia? Laktatoa dugu, eta gure gorputzak energia sortzeko erabiltzen duen glukogenoa eta glukosa oxigenoarekin oxidatzean eragiten den “hondakina” da. Aldagai honen kantitatea odolean, entrenamenduaren intentsitatearen arabera aldatzen da eta mmol/L-etan neurtzen da. Zer gertatzen da entrenamenduarekin? Hondakin honek azidosia eragiten du gure gorputzean, hau da, gorputzaren ph-a jaitsarazten du. Odolean laktato balore altuak ditugunean, nekea eragiteaz gain, jarduerarekin jarraitzeko zailtasuna, mugimenduaren abiaduraren galera eta giharren uzkurtzeko gaitasuna mugatzen da, beste zenbait efekturen artean. Aldi berean, gure metabolismoa azidosi maila jaisteko helburuarekin eta “hondakin” hau ezabatzeko, arnasketa areagotzen du gorputzean oxigeno kantitatea altuagoa izatearren eta laktatoa energia iturri bezala berrerabiltzearren. Gainera odol zirkulazioaren abiadura handitzen da, bihotz taupadak areagotuz, laktatoa gorputzetik azkarrago garraiatzeko. Esfortzu froga zertarako? Esfortzu froga batean laktatoaren neurketa egiteak pertsonaren maila fisikoa ezagutzen lagundu diezaguke, baita ondorengo entrenamenduen intentsitateak era egoki batean programatzeko ere. Laktatoaren egoera egonkorra (Umbral Lactato, UL) zein intentsitatetan ematen den identifikatzen du froga honek, hau da, laktatoaren ekoizpena eta ezabatzea berdinak ote diren. Aldi berean, aldagai honen intentsitate maximoa ere atera daiteke, hau da, 30’ inguruan egin daitekeen esfortzu maximoa laktatoaren egoera egonkorra mantenduz (Umbral Anaerobico Individual, UAI), non denbora horretatik gora esfortzu hori jasanezina bihurtzen den. Laburbilduz, laktatoa aldagai erabilgarri bat bihurtzen da pertsonaren egoera fisikoa ezagutzeko garaian, baita ondorengo entrenamenduak programatzeko ere eta, nola ez, errendimenduaren eboluzioaren jarraipena egiteko.