Margarita
Ezkontzaz nafar erregina izatera iritsi zen Margarita Angulemakoak (1492-1549) itzelezko lorratza utzi zuen, Euskal Herriaren, Mendebaldeko pentsamendu eta kulturaren eta emakumeen askatasun eta berdintasunaren aldeko borrokan. Azken honekin lotuta, Emakumeen Auzia delako Europa osoan hedatutako eztabaidaren barne-barnean kokatzen ahal dugu. Simon de Beauvoir bera, “Bigarren sexua” (Elkar) feminismoaren ezinbertzeko obran, hala mintzo da erreginaz: “Margarita Nafarroakoa izan zen bere sexuaren kausari ondoena lagundu zion idazlea: ohituren lizentziaren kontra, ideal bat proposatu zuen mistizismo sentimentalez eta mindulinkeriarik gabeko kastitatez osatua, ezkontza eta maitasuna uztartu nahian, emakumeen ohore eta zorionerako”. 1512ko gaztelau konkistaz gero, independente jarraitzen zuen Nafar Erresuman Errenazimentuaren loraldia ernatu zuen pertsonaia izan zen, halaber. Gurera etorri ziren orduan, Margaritaren babespera errefuxiatu, Elizaren erreformaren alde egiteagatik pertsegituak izan ziren pentsalari eta kultur jende ugari.
Nafar Gorteraino ekarri zituen ere garaiko zenbait aktore italiar ospetsu. Hala diosku Ixabel Etxeberria (Urruña, Lapurdi, 1960) doktoreak “Margarita, Nafarroako erregina” (Euskaltzaindia) saiakera mamitsuan. Gerlaz eta izurriz gainezka egin zuen XVI. mendearen nondik norako politikoei sarrera erraz eta zorrotz bat egiteaz gainera, emakume humanista honen bilakaera bitalaz dihardu, ekarriz aurrenekoz frantsesetik euskarara bere alaba eta tronuan oinordeko izanen zuen Joana Albretekoarekin izanen zuen maitasunez beteriko hil aurreko gutun-trukea. Lehenbizikoz ere euskaratu ditu Etxeberriak Margaritaren hiru antzezlan profano, garaiko antzerkigintzari buruzko iruzkin bat aitzin duela. Bereziki gomendagarria “Eria” izenburupeko obra, Aro Modernoko zientzia, sorginkeria eta fedearen eta, aldi berean, Elizaren barne eta kanpo tirabiren berri ematen digulako.
Biziki eskertzekoak dira azken urteotan gure pentsamendu eta literaturan klasikoak beharko luketen lanak euskaratzearen alde egin diren ahaleginak, baita Margaritaren figura berreskuratzekoak ere. Helburu bi horiekin bat egiten du, Nafar Ateneoaren laguntzaz, Fito Rodriguezek 2020an abian jarritako ekimenak, zeinaren baitan nafar erreginaren “Heptamerona” itzuliko duten. Booktegi plataforman irakur daitezke doan, jadanik, Margaritaren liburu garrantzitsuena osatzen duten zortzi liburukietako hiru, datozen urteetan izanen direlarik bertzeak.