AUG. 18 2024 LUMA BERRIEN AZTARNAK Aireportua Kristina Fernandez Iban Apaolaza Sancho 1 Taxian iritsi zen aireportura. Plastikozko kaiolatxo bat eskuan, maletarik ez. Kutxa barruan, katu bat. Aireportura sartzerakoan beldurra eta itxaropena nahastu zitzaizkion. Ahaztua zuen aireportuek eragiten ziotena. Denbora larregi zeraman hiri anonimoan. Urduritasunak pixagura eragin zion eta komunera abiatu zen. Kaiolatxoa komuneko atean utzi zuen. Irten zenerako katua negar batean topatu zuen. Jabea ondoan nabaritu zuenean lasaitu zen. Katuaren paperak atera zituen jakako poltsikotik, eta bidaiariei harrera egiten zien leihatilara hurreratu zen. Harritzekoa zeritzon katuak behar zuen paper kantitateari: Pasaportea, azal azpian zeraman txiparen ziurtagiria, jaso zituen txerto guztien agiria… Ez zen nolanahikoa katu bidaiarien inguruko burokrazia. “Pertsona batek baino paper gehiago behar dizkik katuak”, pentsatu zuen. Bere paperak baino hobeak zirela pentsatzeak barre ironiko bat sorrarazten zion katuaren jabeari. Leihatilako emakumeari agiri guztiak erakutsi zizkion. Emakumeak lasai egoteko erantzun zion, katuarekin batera bidaiatuko zutela paperek, eta helmugara iristean ikuskatuko zituztela. Gogorra egin zitzaion agurtzeko unea. Kutxatik katua atera eta azken laztanak egin zizkion. Urruma gozoak egin zituen katuak. “Ez nazazu utzi” esaten ari zitzaiola iruditu zitzaion jabeari. Kutxan sartu, eta hegazkin konpainiako azafataren eskuetan utzi zuen. Korrika txikian urrundu zen bertatik. Burua jiratu eta begiratu zuenerako desagertua zen jada azafata, eta eskuetan zeraman kutxa eta kutxa barruan zihoan katua. Malko bat irristatu zitzaion aurpegian behera. “Ikusiko gaituk berriro… agian”. 2 Eskuak izerditan zituen bidaiariak. Lyonetik Pariserako zatia lasaia izan zen. Part-Dieu-ko geltokian TGVra igo eta leiho ondoko jesarlekuan eseri zen. Bidaiari bakan batzuk besterik ez zeuden bere bagoian; beraz, maleta handia pareko jesarlekuan uzteko aukera izan zuen. Motxilatik liburu bat hartu eta trena martxan hasterako irakurri zuen nobelaren lehen kapitulua. Liburuz betea zuen motxila. Bidaia iritsi zitzaiola jakin zuenean, Vieux Lyon-eko bouquinisten denda txikiak arakatzeari ekin zion, irakurri gabeko klasikoen bila. Zaila izan zen zein liburu aukeratu erabakitzea. Motxila txikian dozena bat liburu sartzen zitzaizkion. Behin trena martxan hasia zela atera zuen pasaportea gerriko poltsatik. Enegarrenez ari zen pasaportea goitik behera arakatzen. Oso ona zela esana zioten, baina hegazkina hartu beharrak sortzen zion urduritasunari aurre egiteko mantra bihurtua zuen jada pasaportea behin eta berriz begiratzea. Parisen Notre Dame bisitatzeko aukera izan zuen. Kaleak betetzen zituzten turistetako bat gehiago zirudien. Argazki-makina bakarrik falta zitzaion. Denbora sobera zuen hegaldiaren aurretik; hortaz, aduanari zion beldurra uxatzeko asmoz, croque-monsieur bat jatera eseri zen Quartier Latineko kafetegi batean. Izuari aurre egin behar, ordea, eta Gare du Nord-eko tren azkarra hartu zuen aireportura iritsi ahal izateko. Charles de Gaulle aireportua piztia beldurgarria iruditu zitzaion. Jendez betea, jendarmez lepo, mundu guztia abiadura bizian harat eta honat. Maleta fakturatu behar zuen tokia aurkitu, eta bertako ilaran txertatu zen. Ikusia zuen jada hegazkina hartzeko zeharkatu beharra zeukan aduana, baita bertan eseria zegoen jendarmea ere. Pentsamendu bakarrak betetzen zion gogoa: “Antzemango ote du inork paper faltsuekin nabilela?”. Galderarik egiten bazioten ondo ikasia zuen erabiliko zuen koartada. “Oporretan nabil azken hilabetean eta etxera itzuli aurretik x herrialdea bisitatuko dut”. Iritsi zen jendarmeari aurre egiteko unea. Txintxo aurpegia zuela esana zioten beti; hala ere, sabeleko harrek ez zioten bakerik ematen. “Bonjour” esaterako aduanaren beste aldean zegoen, herrialde eta hiri anonimorako bidean. 3 Aireportua atzean utzi eta begiak sikatu zituen. Autobusa hartu zuen oraingoan. Ez zuen presarik, ez zuen nora itzuli, ez zuen norengana itzuli, noraezean zebilen. Autobuseko leihotik hegazkin bat ikusi zuen zerurantz, katua bertan egongo zela pentsatu zuen. Galdera bakarrak kolpatzen zuen behin eta berriro: “Noiz igoko ote naiz etxera eramango nauen hegazkinera?” Idazleari buruz... Iban Apaolaza Sancho. Idazle eskolako bigarren urtea amaitua, bizitza berrian murgildua. Idazteko grinaz.