Amaia Uribe
IRITZIA

Turistak eta turistak

Uda honetan, turistak baino ez ditut ikusten. Noan lekura noala, turistak. Gernikan, turistak. Bilbon, turista gehiago. Taldean, free tourrak egiten edota familian. Toki guztietan, turistak.

Denok toki berberetara joaten gara. Instagramen argazki jakin bat ikusten dugu eta geuk ere hor egon nahi dugu. Argazki bera atera. Artaldearen parte izan. Turismoa masifikatu egin da eta toki turistikoetan bizi direnen bizitza hankaz gora jarri da. Mallorcan, alokairu altuak ordaindu ezinik, furgonetetan bizi dira familiak. Donostiatik ere alde egin behar izan dute beti bertan bizi izan direnek. Mundu osoan ari dira gehiegizko turismoari aurre egiteko neurriak hartzen. Venezian bost euroko sarrera kobratzen diete bisitari guztiei. Amsterdamen debekatu egin dute hotel berriak eraikitzea. New Yorken mugak jarri dizkiete pisu turistikoei. Arazoa larria da, udalek ere dirutza mugitzen duen turismoaren kontrako jarrera hartu baldin badute.

Gertatu zaizue inoiz toki bat bisitatu eta dena ezagutzen duzula sentitzea? Filmetan, sare sozialetan… etengabe erakusten dizkigute milaka kilometrora dauden hiriak, mendiak eta parke naturalak. Askotan, bertaraino joan eta ez gaitu ezerk harritzen. Egon gabe, dena ezagutzen dugu. Sarritan nahiago izaten dut bidaia gehiegi prestatu gabe, inprobisazioari bidea irekitzea. Bidean arreta eman digun herriren bat bisitatzea, errepide ondoan argazki bat ateratzeko geratzea, espero ez nituen tokiak deskubritzea. Gorroto ditut toalla jartzeko tokirik ez duten hondartza beteak, jendez gainezka dauden begiralekuak eta erreserba behar duten parke naturalak.

Busturialdekoa izanda, sarritan joaten nintzen lehen Gaztelugatxera. Orain, baina, eskualdekook ere erreserba egin behar dugu bertara joateko. Lasaitasunarekin lotzen nuen lehen Gaztelugatxe. 241 eskailerak igo eta goitik itsasoa begiratzea lasaigarria zen niretzat. Orain, ezin lasaitasunik aurkitu turista zaratatsuz beteta dagoen lekuan. “Tourist go home” irakurri nuen lehengoan horma batean. Eta aitortu behar dizuet askotan neuk ere horixe pentsatzen dudala.