SUSTRAI COLINA
IRITZIA

Hasieraz

S. apurgarria,

Zer balantze egiten duzu udaz? Zer izan nahi zenuke ikasturte berrian? S. nor zen galdetu zizuten aurrekoan. Ez zenuen erantzuten jakin. Udaren balorazioa izan daiteke. Edo gainean duzun kurtsorako erronka. Semeak eskolara eramateko esnatuko dituzu bihar, saiatuko zara eurak baino sosegatuago gosaltzen eta, janzten laguntzen diezun bitartean, eskolarik gabeko kontziliazioa utopia dela ez pentsatzen. Etxera bueltan, behiala izan zinen haurrarekin konektatzen tematuko zara. Gogoratzea berriz bihotzetik pasatzea da. Nekez hiltzen da noizbait durduzatu zintuena. Kontaidazu, beraz: zerk dantzatzen dizkizu hezurrak? Zerk sentiarazten zaitu bizirik? Nora zaramatza tomate eta hegaluze kontserba egin berriak apaletan lerrokatzeak? Desilusioak oliotan beratzen utzi behar zenituzke, xehatutako arazo ontziak ur irakinetan itxi eta soluzio gose izan arte ez zabaltzeko gai izan.

Gerra edo izurri berriak etorrita ere, ez zaizu zer janik faltako. Deserosotasunean eroso mugitzen ikasi nahi zenuke baina denek behar dituzte ziurtasunak. Taktika sormena baldintza onenetan garatu ahal izateko baliabidea baizik ez dela entzun diozu kirol entrenatzaileari irratian. Ordu libreak probestu beharrean, orduak libre sortzen ematea izan daiteke zure taktika. Ez ahaztu Jhumpa Lahiriren “Tierra desacostumbrada” gomendatu zizula U-k, Nuria Gimenez Lorangen “My Mexical Bretzel” ikusi gabe daukazula oraindik edo, besterik gabe, oinetako berriak erosi gabe ere hasi zaitezkeela Arga ertzetik lasterka. Bertso txikiak asmo handiak baino ziurragoak dira beti. Gora begira joateagatik estropezu egin izan duzu lehen ere, baina nork ez du salto egitera ausartzeagatik hegan amaituko duela sinetsi nahi? Eslogana dirudi, baina zure kontraesanei esker zara osoa.

Ez haserretu azken egunak uda amaitzeko desiratzen igaro arren, etxetik kanpo ogitartekoa afaltzeko bulkadak zeharkatzen bazaitu gaur. Astearterako berunduko da biharko ilusioa, «gaur ere eskola?», galdetuko dizu seme gazteenak, uda aurretik gogo txarrez lotu zenuen bilera duzula gogoratuko zara, asteko otorduak desordutan prestatu beharko dituzu, eguraldiaz nola oporrei buruz iraganean hitz egin eta, ohartzerako, gerra zaharrak zein izurri berriak agertuko dira albistegian. Zer balantze egiten duzu udaz? Zer izan nahi zenuke ikasturte berrian? Nor da S.? Ze ogitarteko eskatuko duzu gaur?