7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Erretiroa


Langile baten semea naiz ni, aita bezala langille, eguneroko alegiñetan soldata baten egille; esku hutsik jaio eta esku hutsikan nabille, puntakoetan iñor etzaigu gertatu ongille» kantatzen zuen poetak, eta esaten zuena ez zitzaigun arrotza. Langilea izatea izen onaren parekotzat erakutsi baitziguten, eta sailik gogorrenean lehertu arte aritzen zena onena. Alferra izatea edo norbaitek alfertzat hartzea baino hobe, agian, legendun.

Ez da pentsatu behar, dena dela, iraganeko pentsaerak eta kontuak direnik denak; joera izaten dugu pentsatzeko historia norberarekin hasten dela eta norberarena amaitzean kito, baina ez. Bizitzeko lan egitea eta lan egiteko bizitzea, alde handiko kontuak dira, lehen bezala gaur. Egunez egunekoan, baina, bata ala bestea bereizten ez dituen jardun neketsua izaten da beste erremediorik ez duen askorentzat. Ez baita beti eta guztientzat berdin-berdin etortzen hau edo hori nahieran hartzeko aukera; guztiaren beharra duena bidegurutzerik gabeko ataka estura daraman patua izaten da batez ere. Patua deitzerik balego bizitzako premiei ahal den moduan erantzuteari.

Norbere ekinak eta eginak etekin gutxi uzten duela igartzen diote batzuek, eta besteen izerdi ekoizpenean bilatzen dute onura propioa. Gainontzekoek, are gehiago adin batetik aurrera, egunen batean lantegiaren lotura eta tiraniatik libre bizitzea amestuz jarraitu behar izaten dute, ez dakit etsi-etsian ala amorrazio bizian, jubilazio adina noiztik noiz arte atzeratu egiten dutela ikusiz, gainera.

Denbora asko ez dela, Ekonomia Aplikatuko Ikerketen Fundazioak esan du erretiro adina atzeratzeak ondorio kaltegarriak dakartzala, lehenago hiltzeko arriskua areagotzen duelako, besteak beste. «Lan merkatutik irteteko adina urtebete atzeratzeak nabarmen handitzen du hiltzeko arriskua 60 eta 69 urtekoen artean», dio delako fundazioaren txostenak. Iruditzen zait XXI. mendeko aurrerapen harrigarrien aplikazioen zain egon gabe ondoriozta zitekeela hori, begien bistako gauzei erreparatuz soilik.

Baina horrelaxe gabiltza, instituzio eta agintarien aldetik puntakoen eskuzabaltasun eta bertuteak goretsiz eta aldamioan dabilen gizajoari egunen batean izango lukeen erretiroaren kontura adarra joz. Aurten bertan 40 lagun inguru hil dira lanean ari zirela, eta pentsatzekoa da urtea jubilatu aurretik luzatuko dela zerraldoen zerrenda.