SEP. 15 2024 KIROLA Gihar-minik ez izateko, aurretik neurriak hartu (Getty) Markel Urrate Antia - Salto Training DOMS (Delayed Onset Muscle Soreness) izen zientifikoa gutxi batzuek ezagutu arren, agujeta edo gihar-mina esanez gero, denok ulertuko dugu gaurko artikuluan zertaz arituko garen. Abuztuko etenaldiaren ondoren, seguru asko batek baino gehiagok interes handiz hartuko du gorputzeko min hauen inguruko azalpena. Esan bezala, agujetak min muskularrak edo beste era batera esanda giharreko zuntzen mikro-hausturak dira. Zuntz hauek jasateko gai direna baino intentsitate edo estimulu handiago bat ematean, hazkuntza eta osatze prozesuen bidez ondorio inflamatorio bat ematen da. Prozesu honek 12 eta 72 ordu bitartean iraun dezake, kasu ohikoenetan efektu handiena 24 ordura izanik. Gezurra badirudi ere, gaur egun oraindik ez dago efektu honen jatorria zehazten duen teoria garbirik; hortaz, jatorri multifaktorialeko erantzuntzat hartzen da. Teoria nagusiek ehun konjuntiboaren mikrohausturak jotzen dituzte arrazoi nagusitzat, baina badira beste zenbait teoria motoneuronen loturei atxikitzen dizkietenak. Hortaz, jatorria ez badakigu, zer egin dezakegu min desatsegin hau saihesteko? Lehen pausoa entrenamenduaren dosia zehaztea izango da. Gihar-minak ez dira onak edo txarrak, giharraren adaptazio prozesuak dira. Horrela, entrenamenduaren kargak ere adaptazio prozesu horren parte izan behar dira. Adibide gisa, abuztuan ez badut kolperik jo, ez da oso zentzuzkoa irailean maiatz edo ekainean egiten nituen entrenamenduak egitea. Hortaz, zentzuz jokatu eta progresioaren parte izan. Eta behin agujetak izanez gero, entrenatzen jarrai dezaket? Bai, noski. Dosia egokituz edo gorputzeko beste atal batzuk landuz jarrai dezakezu, betiere izugarrizko agujetak dituzun gihar horien aurrez aipatutako sendatze prozesua errespetatzen baduzu. Entrenamenduaz gain, sartutako kargaren asimilazio on bat (atsedena) eta elikadura/hidratazio egoki bat izatea ezinbestekoa da min muskular hau saihestu edo gutxitzeko. Eta ez, ez dago errezeta edo pilula magikorik. Etenaldi baten ostean edo ohituta ez dagoen gihar bati gehiegizko estimulua ematen badiogu, luzaketak egiteak edo ura azukrearekin hartzeak ez digu hurrengo egunetan agujetak ez izaten lagunduko. Hortaz, zauria estali baino, hobe da aldez aurretik beharrezko neurriak hartzea.