Motxilak
Iritsi da eskolara itzultzeko garaia. Aste honetan, estreinatu gabe dauden liburuekin, koaderno zuri-zuriekin eta tintaz gainezka dauden boligrafoekin bete ditugu gure seme-alaben motxilak. Txukun-txukun sartu ditugu estutxeak, margoak eta atxingiak. Material hori guztia baino garrantzitsuagoa da, ordea, gure seme-alaben bizitzako motxiletan begirunea, errespetua eta konfiantza sartzea.
Beti ez da erraza izaten gure seme-alabekin hitz egitea, baina ezinbestekoa da. Haur Hezkuntzan hasten da bullyingaren aurkako borroka. Txikitatik erakutsi behar diegu altua, lodia, ilehoria, betaurrekoduna, azal ilunekoa izateak ez duela pertsona definitzen. Bullyinga antzematen ez ezik, erasotakoaren alboan jartzen erakutsi behar diegu. Eta horretan garrantzi handia dute helduok beste pertsonen inguruan egiten ditugun komentarioek.
Hezkuntza sexualarena beste “meloi” bat da. Naturaltasunez azaldu behar diegu naturala dena. Umeak ez datoz Parisetik eta ez dituzte zikoinek ekartzen. Aitak amari hazitxoa jartzen diola esatea ez da nahikoa. Ernalketa eta ugalketa nola gertatzen diren barneratu behar dute. Euren gorputza ezagutu. Galderak egiten utzi behar diegu eta galdera horiei erantzuna eman. Hartara, agian, ez dute pornora joko erantzun bila. Eta pornoaz ari garela, nola ez, sexu seguruaz eta sexu baimenduaz hitz egin behar diegu. Hiesari beldurra galdu zaion garai honetan, kondoiak erosi behar dizkiegu. Farmazian kondoiak erosteko lotsa pasatzea ez dadila aitzakia izan hiesaz edo sifilisaz kutsatzeko. Bortxaketak gero eta ugariagoak diren honetan, neskei ezetz esaten eta mutilei ezetza errespetatzen erakutsi behar diegu. Ez dira elkarrizketa erosoak, baina hobeto elkarrizketa horiek izatea, berandu denean damutzea baino.
Eta zer esan konfiantzaz? Euren buruan konfiantza izaten erakutsi behar diegu seme-alabei, baina presiorik eta frustraziorik eragin gabe. Erakutsi behar diegu euren onena ematen saiatu behar direla, baina onena izateko obsesiorik izan gabe. Denok ez gara Messi, denok ez dugu balio denetarako. Eta erakutsi behar zaie, onenetan onenak izan gabe ere, bizitzan zoriontsu izan gaitezkeela.
Txikiak direnetik hasi behar gara honetaz guztiaz hitz egiten. Ez naiz inozoa eta badakit nerabezarora eta gaztarora iristen direnean nahi dutena egingo dutela. Modak jarraituko dituzte, lagunek egiten dutena imitatuko dute eta, akaso, organ anana buruz behera jarrita ligatzera joango dira Mercadonara. Sustraiak ondo jarrita badaude, baina, errespetuz egingo dute guztia. Edo hori pentsatu nahi dut nik. Badaezpada, semearen motxila bete-beteta utzi dut aste honetan.