7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Joerak


Luzera doa Venezuelako presidentetzarako azken hauteskundeen ubera. Uztailaren azkenetan eman zituzten botoak eta teman dabiltza oraindik, galtzailerik ezin ebatziz. Irabazi duenak irabazi duelako eta galdu duenak irabazle nahi duelako. Ez zait harrigarri egiten, hango zaratak hemen zelako oihartzuna eragin duen ikusita batez ere. Batzuetan ona izaten da gertakariei denbora bat ematea, egin dezatela bide saila, noraino eta nola heltzen diren ikusi edo entzuteko.

Bada jendea, politikariez gain, politikan zaletua, hemengo, hango eta munduko mugimendu politikoak, joerak eta borrokak aztertzen dituena, aurreikuspenak eginez gainera, eta hori ez da gutxi. Iraganari begira gauzak argitzea batzuetan zein zaila den ikusita, aztiarentzat ere lan zaila iruditzen zait etorkizunaren lanbrotan ezer argirik bereiztea. Abantaila bat izan daiteke edozein berri eta gertakariren iraungipen bizkorra, azterketa zuzena edo okerra egin, edonoren memorian berdin ahaztea denbora laburrean. Ez naiz, ordea, aditua politika gaietan, eta are gutxiago dakit Venezuelako berri; ez naiz hasiko hango ezer aztertzen, hemengoa ulertzeko ere lanak izaten ditudalako askotan, eta batzuetan nekea ere eragiten duelako zenbait gauza ulertzen saiatzeak.

Irail honen 11n PP, Vox, UPN, Coalicion Canaria eta EAJ-PNVko ordezkariek elkarrekin eta zentzu berean bozkatuta onartu zuten ebazpen bat Espainiako Kongresuan. Venezuelako oposizioko buru Edmundo Gonzalez, aberritik ospa eginda Madrilen dabilena, herri hartako presidente gisa onartu dezala eskatzen zion ebazpenak Espainiako Gobernuari. Hasieran harritu ninduen hartu zituen taldeak hartu izana PNVk adiskidetzat. Nahasmena ulergaitz izan zitekeela pentsatuta seguru asko, bozketaren aurretik aritu zen alderdiko bozeramailea hautua justifikatzeko azalpenak ematen: «Errepresioaren, diktaduraren, ilunkeriaren eta Maduroren aurka: ezin zaio zentimetro bakar bat ere eman», esan zuen.

Errepresioa, ilunkeria eta halako gauza izugarrien aurkako jarrera baino, talde-abereen joera begitandu zitzaidan gehiago. Zehatz esateko, artzain eta artaldeen kontuak ekarri zizkidan gogora. Mendi larreetan udaberritik udazkenera hango eta hemengo artzainen ardiak larratu daitezke ehunka edo milaka, denak bateratsu eta nahasian. Baina, artzaina txakurrarekin azaltzen den bakoitzean, nahasmenetik irtenaz nagusi bakoitzaren ingurura batuko dira artaldeak.