Faroe uharteak: beste begirada bat independentziari
Faroe uharteak estatus berezia duten lurraldea dira. Badute kirol selekzioa (eskubaloian bereziki onak dira), burujabeak dira esparru gehienetan (EBtik kanpo daude), formalki Danimarkako Erresuma zati izanda ere. Baina estatua ez izateak muga batzuk dakartza nazioarteko foroetan parte hartzeko, aurten bertan agerian geratu den legez. Azken urteotan lozorroan zirudien independentziaren eztabaida piztu dute oztopo horiek. Betiere modu oso lasai eta eskandinaviarrean.
Iparraldeko itsasoan, Eskoziako uharteek, Islandiak eta Norvegiak osatzen duten triangeluaren erdian gutxi gorabehera, Danimarkaren menpe eta hala ere oso aparte dagoen herrialdea. Groenlandiarekin batera, Kopenhageren agintepean egonda ere, Europako Batasunetik kanpo dagoen lurralde autonomoa da. Baina lehenak independentziarako helburua argi jarri duen bitartean, berehala izan ez arren, faroetarren artean itzaliago zirudien eztabaidak azken urteotan. Aurten berriz ere mahai gainean jarri dute, orain arteko beste perspektiba batetik begiratuta.
Vagar uhartean dago Faroeetako aireportu nagusia. Hegazkina lur hartzera doanean, Atlantikoraino amiltzen den Traelanipa harkaitza eta haren gainean flotatzen dirudien aintziraren ikuspegi bikaina dago. Herrialdeak daukan postaletako irudi ugarietako bat da. Gero eta turista gehiago badatoz ere, dozena bat hegaldi hartzen ditu gehienez aireportuak egunean, ohikoena bospasei izatea da, eta are gutxiago neguan. Ez dago pasaporte kontrolik, nortasun agiririk ere ez du inork eskatzen, baina mezu batez diost bestaldean zain dudan adiskideak hartzeko kaxa bat garagardo, duty-free-a baliatuz.
Aireportu txiki bat herrialde txiki baterako. 50 mila biztanle dira Faroe uharteetan, eta beste 15-20 mila faroetar inguru bizi dira Danimarkan. Kopuru txikiegia, zenbaiten ustez, munduan estatu propioa eratzeko. Beste asko ez datoz bat, Atlantikoaren iparraldean daukaten kokapen estrategikoak bere buruaren jabe izateko prest daudela uste dute. Seinaleak faroeraz daude, eta ez da Danimarkako banderarik ageri erakunde ofizialetan ere, Faroeetakoak bertakoak baino ez. Europakorik ere ez, bistan da: Danimarka kide den arren, Europako Batasunetik kanpo geratzea erabaki zuten faroetarrek (gero groenlandiarrek berdin hautatu zuten). Ondorioa: Faroe uharteak ez dira EBko zati, besteak beste bertako arrantzaren industria mantentzeko, baina faroetarrak, Danimarkako herritarrak izanik, badira EBko herritarrak. «Bi munduetako onena», esaten dute ingelesez.
Historikoki, hiru lurralde izan zituen Danimarkak Iparralde itsasoan, Islandia ere Kopenhageren menpe baitzegoen XX. mendearen hasieran. Eta Faroeetako historia, beti eskala txikiagoan izanda ere, islandiarren antzekoa da. Sarritan aipatzen duten ispilua da, eta ezin ahaztu Bjork kantariak ere, Faroeei eskaini ziela “Declare independence” (Aldarrikatu independentzia) kanta. Izan ere, Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan, independentziari buruzko erreferenduma egin zuten uharteotan, Islandiak bezalaxe. Baina islandiarrek ia aho batez independentziari baietz esan zioten bitartean, faroetarren artean emaitza estuagoa izan zen. Edozelan ere, independentismoa nagusitu zen, botoen ehuneko 51rekin. Danimarkak traiziotzat hartu zituen bi galdeketak; herrialdea nazien menpe egon zen bitartean, estatubatuarrek okupatu zuten Islandia, eta britainiarrek Faroe uharteak. Lurralde handienean ezer egiterik ez zuela ikusirik, Faroeetan esku hartzea erabaki zuen Kopenhagek: Parlamentua desegin eta hauteskundeetara deitu zuen. Hurrengo bozetan Alderdi Unionista nagusitu zen, eta autonomia aitortu zitzaien faroetarrei, baina Danimarkako erresumaren zati dira Faroe uharteak egun ere.
Teorian, Kopenhage prest dago faroetarren independentzia aitortzeko, hala erabakitzen dutenean. Baina argi utzita, independentzia horixe bera dela: erabateko dibortzioa, egun Danimarkatik jasotzen duten finantziaketari agur esatea, alegia. Islandiak ez bezala, Faroeetan ez daukate lurpean subiranotasun energetikoa ematen dien lurzoru bolkanikorik.
Danimarkarekiko menpekotasun ekonomikoaz gain, erabateko independentziaren urratsa ez egiteko beste motibo bat da, beste nazio eta estatu batzuen aldean, ia erabateko burujabetza dutela: faroetar naziotasuna onartzen da, faroeera da hizkuntza ofizial bakarra, bertako bandera bakarrik dago Parlamentuan. Egoera honetan, independentziari buruzko eztabaida ez da gaur egun titular gehien biltzen duena Faroe uharteetan. Egungo Gobernu koalizioan, Danimarkatik bereiztearen aldeko errepublikanoak historikoki agenda autonomistagoa izan duten alderdiekin batera daude. Inork ez die azken helburuei uko egiten, baina horrek ez dio egunean eguneko kudeaketari eragiten. Inork nahi ez duena estatusa galtzea edo murriztea da. Areago, lurralde autonomo gisa jarraitu nahi dutenek ere argi dute faroetarren burujabetza mugatzeko ahaleginek subiranotasun hori egikaritzera bultzatu duela. Eta horixe bera gertatu da aurten.
TXINPARTA
Nordic Council edo Iparraldeko herrialdeen kontseilua Faroe uharteetan batzartu zen udaberrian. Danimarkak, Finlandiak, Suediak, Norvegiak eta Islandiak osatzen dute kontseilua, baina hiru lurralde autonomok ere bat egitea eskatu dute: Faroe uharteek, Groenlandiak eta Finlandiaren menpeko Aland uharteek. Jessika Roswall Suediako ministroak berehala baztertu zuen horrelakorik gertatzeko aukera, Faroeetan bertan zegoela erreparatu gabe. «Ezin dut esan oso maitatua denik hemen», diost irribarretsu Uni Leitisstein kazetariak. Aksel V. Johannesen Faroeetako lehen ministroa ere oso haserre agertu zen, «harropuzkeria hutsa» zela salatuz.
Rógvi Olason ikertzaileak idatzitako artikulu batean dioenez, «Jessica Roswallek 20 urtez eserlekuan egon den Faroeetako independentziaren eztabaidaren txinparta berpiztu du». Baina eztabaida hori historikoki independentziaren aldekoen eta aurkakoen artean izan da, bataren onurak eta makurrak azalduz. «Adierazpen haiek Faroeetako politikan gutxitan ikusi den zerbait ekarri zuen: alderdi unionista kontserbadore-liberal eta ezkerreko independentista hizkuntza konstituzional berean hizketan hasi ziren», dio Rólant Waag Dam kazetariak. Bloke politikaren amaiera gisa irakurri du batek baino gehiagok, Faroeetako ongizatearen aldeko burujabetzarantz urratsak elkarrekin egiteko adibide gisa. Unionistak, esaterako, oposizioan daude, baina gobernu koalizioarekin akordioa egin zuten herrialdean oso garrantzitsua den (eta lobby gaitasun handia duen) arrantzaren industria zergapetzeko. «Dirutza irabazten dute industria horietako batzuek, eta dagokiena ordaindu beharko lukete», diost Leitissteinek. Baina zentro-eskuineko alderdien jarrera aldaketa are esanguratsuagoa da, menpekotasuna gainditzeko ere balio duelako: Faroeek bere burua finantzatzeko baliabideak izatea, Kopenhagetik urtero iristen den dirulaguntza murriztu ahal izateko. Morrontza ekonomikoa ere arrasto koloniala bada, metropolira lotuta jarraitzeko.
Faroeetako Parlamentutik Gobernu egoitzara bidean (Torshavn hiriburuan ere, minutu gutxira daude oinez leku gehienak), banderaren borrokaren gunea adierazi digute. Merkið da Faroeetako banderaren izena, euskaraz ikurrina den legez. 1919an diseinatu zuen ikasle batek Norvegiakoaren eta Islandiakoaren koloreak hartuz. 1930ean, Islandiako Parlamentuaren urteurrenean, Danimarkako lehen ministroak Faroeetakoa kentzeko eskatu zuen... eta, albistea Faroeetara iritsi bezain laster, protestak piztu ziren Saint Olaf-en jaietan, eta manifestariek Danimarkako bandera kendu zuten Parlamentutik.
JARRERAK HURBILDUZ
Eyðdis Hartmann Niclasen diputatu unionista dator gurekin, baina irribarretsu entzun ditu datu historikoak. «Atsegin dut monarkia batean bizitzea», dio, Faroeetako naziotasuna inola ere zalantzan jarri barik. Historikoki independentziaren aurkako alderdia izan da, «baina ez nator bat eskuineko jarrera askorekin. Abortuari buruz izan berri den eztabaida, esaterako». Emakumeen erabakitzeko eskubidearen alde dago, bera ere negozioetako emakumea izanik. «Gizonek balea harrapatzea, arrantza izan dute, eta aldatzeko gogo handirik ez. Baina dena aldatzen ari da, berdintasun handiagoa dago, eta emakume gazteak indartsu datoz». Diputatuak uharteotako jarrera kontserbadore batzuk astintzea nahi luke. Iragana atzean utzi. «Faroeetan krisi egoera izan genuenean, errepublikanoek jarraitzaile gehiago zituzten, independentista gehiago zeuden. Orain askoz indartsuagoak gara, dirua dago, sistema modernoak daude. Eta ez diogu beldurrik geroari, geure buruan konfiantza dugu. Nik Erresumari lotuta jarraitu nahiko nukeen arren».
Parlamentuko ondoko kafetegian, Dania O. Tausen poeta eta musikari gazte arrakastatsua zain daukagu. Hizkuntza gutxituen Suns festibalean parte hartu zuen iaz (eta irabazi!), eta han ezagututako Ødei-rentzat (Odei Barroso) eskuminak eman dizkigu, bere musikaz, literaturaz eta oro har herrialdeaz berbetan hasi aurretik. Aurrekoek ez bezala, faroeeraz egitea “berezko hautu” gisa ikusten du. Kontzientziaz, baina errazago zaiolako ere bai, berez darion hizkuntza delako. Islandierarekin alderatuta, hori da faroetarren desberdintasuna: haiek mila urteko tradizioari eutsi dioten artean, Faroeetan danierazko asimilazioa bultzatu zen, eskoletan bertako hizkuntza ezabatzeraino. Egun, erabat aurkako egoera da; faroeraz baino ez da egiten eskoletan zein Parlamentuan eta bertako hedabideetan. Ingelesa ere oso hedatuta dagoenez, ia zuzenean jasotzen dituzte atzerriko filmak, gehienetan danierazko azpidatziekin iristen bazaizkie ere.
Faroetarren mentalitatea faroeraz mintzo da gaur egun, azken mendeetako diglosia gaindituz, eta mundura irekita era berean. Danimarkak ere onartu du egoera, Eskandinaviako beste herrialderen batek baino hobeto beharbada. Duela urtebete, Mette Frederiksen lehen ministroak Kopenhagen Parlamentua ireki zuenean, argi utzi zuen: «Behinola Danimarka zegoen, eta beste bi herrialde zeuden Erresuman. Hori amaitu da. Danimarkak ez du baldintzatuko Groenlandiaren edo Faroe uharteen etorkizuna. Erabaki hori Nuuk-i eta Tórshavn-i dagokie». Danimarkak ez du lurraldeon independentzia nahi. Baina badaki 2024an borondatez baizik ez direla geratuko. «Erresuma dugun artean -eta espero dut urte askoan izatea- elkartea izan beharko luke hiru herrialderen, hiru herriren, hiru nazioren artean». Aksel V. Johannesen lehen ministroak horixe bera gogorarazi zion elkartearen ideia Iparraldeko kontseilutik baztertu zuen suediar ministroari.
«Soseguz, jendeak independentziaren alde egingo duela uste dut»
Aksel V. JohanNEsen
Javnaðarflokkurin Alderdi sozialdemokratako buru eta lehen ministroa
Herrialde hain txikia izanik, diputatuak zein lehen ministroa bera erraz asko topa daitezke paseoan edo supermerkatuan. Hitzordua larunbatez jarri dugu Gobernuaren egoitzan. Ez dago langilerik, eta lehen ministroa bera etorri da giltzekin, une historikoaz mintzatzera. Javnaðarflokkurin alderdi sozialdemokratako burua Faroeetako gobernuburua da 2022tik.
Zer gertatu zen Iparraldeko kontseiluaren bileran? Faroeetara etorri ziren bilera egitera, eta gogora ekarri genien 2016an hirugarrenez eskatu genuela kide bihurtzea. Suediaren ikuspegian, geu eta Groenlandia ere kide konstituzional bihurtuz gero, Danimarkak hiru kide izango ditu, eta Suediak bakarra, baina gu kide izanda Danimarkatik aparte egongo gara. Ez dugu zertan batera bozkatu, ez ditugu beti interes berberak.
Eta horrek independentziaren beharra hauspotu du? Gaia oso bare egon da 20 bat urtez. Baina horrelako jarrerak jendea piztu egiten du, noski. Gu ia guztiz subiranoak gara. Defentsa eta Justizia sistema ditu Danimarkak, eta diru-laguntzak. Baina hori ere asko murriztu da. Duela 30 urte gure sarreran herena zen laguntza, egun BPGren %2 da. Garrantzitsua da oraindik, baina ez hainbeste, eta gero eta gutxiago. Gure osasun sistemari oraindik babes handia ematen dio, baina, perspektiban ikusita, murrizten ari da.
Burujabetza ekonomiko hori lortuta, jendeak independentziaren alde egingo du? Ala badira hala eta guztiz ere Danimarkarekin lotuta jarraitu nahiko luketenak? Danimarka ez badugu behar, batzuek argi dute bakarrik jarraitu behar dugula. Egin dira inkestak, eta bihar bertan Danimarkatik bereiztea galdetuz gero, ehuneko 25-30ek baino ez dute nahi. Baina 25 urte barru ekonomikoki independente izanda galdetzen baduzu, ehuneko 60-70 dira. Horrantz goaz, astiro, eta nire ustez independentziaren alde egingo du jendeak, soseguz. Erabateko independentzia nahi dute batzuek, besteek nolabaiteko harremana mantendu Erresuma bezala, agian moneta eta unibertsitate sistema bateratuekin.
Iraganean unionistek argi esaten zuten ezetz. Eta errepublikanoek, aldiz, ez zuten urrats txikirik nahi, erabateko independentzia besterik ez. Hori guztia aldatu da azken aldian. Muturrak hurbilago daude.
Adibidez? NATOri ezetz esatetik gaiaz eztabaidatzera, kasurako. Edo WTO Munduko Merkataritza Erakundean parte hartzea eskatzera. Duela urte batzuk unionistek ezetz esango zuten, ez dela legezkoa argudiatuz; eta errepublikanoek esango zuten: Danimarka utzi behar dugu WTOn sartzeko. Orain alderdi guztiak bat datoz WTOko kide izatea eskatzeko, Danimarkako zati izanda ere oraingoz. Aldaketa positiboak izan dira, nire ustez.
«Danimarkak aspaldi onartu du independente izango garela»
Høgni Hoydal
Faroeetako Atzerri ministroa
Zertan da Faroeetako independentziarako bidea? Gure independentzia prozesua gure nortasunaren eta hizkuntzaren aldeko kultur borrokatik etorri da historikoki. Borroka hori irabazi dugu. Ez guztiz, hizkuntza modernizatu beharra daukagu interneten aroan, badago erronka hori, baina irabazi dugu hor. Politikoki, erantzukizun gero eta gehiago dugu gure gain, hori ere irabazi dugu. Hiru urrats geratzen zaizkigu: polizia eta auzitegiak, eta Danimarkaren dirulaguntzak. Dagoeneko zati oso txikia dira.
Eta horren ostean? Independentzia erreferenduma, eta akordioa Danimarkarekin, bi nazio independente gisa elkarlana zehazteko. Egia da, ez gaude barrikadetan, parlamentuko politikan baizik. Agenda aldatu da. Nire amets independentista internazionalismoari buruz da, arazo globalez nazioarteko erakundeetan egotea, eta akordioak egitea beste herrialde batzuekin. Berriki Txinan egon naiz. Merkataritza akordiorik egin dezakegu Txinarekin. Baina Munduko Merkataritza Erakundeko kide izan behar da, eta gu ez gara. Ez estatu ez garelako, zeure aduana eremua behar duzulako baizik. Danimarka ez dago horretarako prest. Orain unionistek ere ulertu dute Merkataritza Erakundean egon behar dugula. Borroka hori ez dugu irabazi oraindik. Iparraldeko kontseiluarena ere hor dago. Unionistek ez dute uste ezetz esango digutenik, baina ezetz esango dute. Orduan galdera da: ezetza datorrenean, errealitatea ikustean, zer egingo dute unionistek?
Sozialdemokratak ere unionistak izan dira historikoki. Baina lehen ministroak esan dio Danimarkako gobernuari: munduko foro globaletan egoterik ez badugu, Danimarkako konstituziotik kanpo mugitu behar dugu. Urrats handia da hori. Luzaroan eraiki dute haien politika herritarrei esanez, gure alde bozkatu eta ongizate sistema berrituko dugu, zuen zergarik gabe, Danimarkak ordainduko du. Eta hori amaitu da. Lehen aldiz bozkatu dute horren alde.
Auziak udazken honetan goia joko du. Faroeetako alderdi guztiek bat egitea nahi dugu. Paperean, inor ez dago kontra.
Atlantiko iparraldeko txoko honek garrantzia estrategiko handia dauka. Faroeetako jendeak argi du Ipar Atlantikoko foroetan egon behar dugula. NATO eta AEB presentzia handitzen ari dira, eta esan diegu AEBei: guri buruzkorik ez, gurekin hitz egin gabe. Segurtasunaz hitz egin nahi baduzu, gurekin hitz egin behar duzu. Danimarkako gobernuak, gogo onez ez, baina onartzen du. Eta gure kosta-zainek NATOrekin elkarlanean dihardute. Estatu bihurtu gabe ahal besteko burujabetza utzi behar izan dugu, lehendik baitator: EBrekin bat egin zuenean Danimarkak eta guk ez, gure arrantzarako gorde genuen 200 miliako gune ekonomiko propioa. Danimarkak onartu behar izan du estatu bezala joka dezakegula, muga batzuen barruan. Eta muga horiek ere gaindituko ditugu, hemen denek ikusten baitute ezinbestekoa dela.
Groenlandia bide berean doa? Nik argi esaten diet danimarkar adiskideei: uste dut Danimarkak aspaldi onartu duela independentea izango garela, ekonomikoki eta kulturalki ere independente bihurtu garelako, eta ikusten dute nola kudeatzen ditugun gure aferak, Danimarkak baino hobeto. Baina beldur dira Groenlandia galtzeaz, haientzat eredua izango ote garen, hori dute amesgaiztoa.
Islandiak lortu zuen Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan, baina zuek ez. Borroka kulturala irabazi genuen orduan. Alemaniak okupatu zuen Danimarka, eta britainiarrak iritsi ziren hona. Eta esan ziguten: zuen bandera eta zuen hizkuntza erabili behar duzue, Danimarka Alemania naziaren zati baita. Kointzidentzia historikoari esker, independente bihurtu ginen. Eta ondo joan zihoan ekonomia, arrantza. Aurretik, ez zen faroeraz irakasten, ez zegoen egunkaririk, esaten zuten faroera ez zela sekula kultura hizkuntza izango, egunerokoan erabiltzeko zen soilik. Ezin omen zen kultura bat eraiki. Baina egin dugu. Orain unionistek ere esaten dute munduan gure nazioa behar dugula. Nire gaztaroan batzuek Danimarkako bandera zerabilten. Gaur inork ez.
Islandieratik gertu dago faroera linguistikoki. Bestela ere inspirazio zaizue? Islandia itsasargia izan dugu. Haiek gabe gure hizkuntza galduko genuela uste dut, guk ez baikenuen idatzi 1850era arte, eta islandierazko testuen gainean eraiki genuen. Eskandinaviera zaharretik gertuen gauden bi hizkuntzak gara, eta daniera dago urrunen. Bazen beste hizkuntza bat, Eskoziaren eta Faroeen arteko Shetland uharteetan. Baina belaunaldi bakarrean galdu zuten dena. Hizkuntza hura guretik hurbilekoa zen, eta ezin modernizatu literaturan, idatzian, hedabideetan, eta inork ez darabil gaur egun. Gure amesgaiztoa hori da. Beraz, bai, gure hizkuntza modernizatu behar dugu. Nire bilobek egunero darabilte elkarrekin, baina interneteko ingelesera doaz. Hori dugu hizkuntza txikion erronka. Gobernuan horri ere heldu behar diogu, plataforma digitaletan hizkuntza berritzeko.
Nolatan zeuden faroetar batzuk faroeraren aurka? Uste zuten gure hizkuntza eta kulturak erabateko independentziara eramango gintuela eta horrek porrot ekonomikoa ekarriko zigula. Dena dago ekonomiara eta ongizatera lotuta. Nik gogorarazten diet autonomiaren sisteman hiru aldiz jo dugula behea. Eta horrek agenda guztia aldarazi du.
Unionistak aldatu dira, baina independentismoa ere egokitu da. Bai, hor ere aldaketa handia egon da. Nire ama NATOren aurkako buruetako bat izan da hemen. Eta esaten diot, atzerri ministro bezala, NATOn hitz egin beharko dudala. Aurreko batean Ursula von der Leyen bisitan egon zen, EBrekin hitzarmena sinatzeko, eta aipatu zidan Palestinaren aldeko manifestazio handi bat zegoela. Esan nion: «Bai, nire ama zen hor lehen lerroan zegoena».