NOV. 03 2024 IRITZIA Kapitala AMAGOIA MUJIKA Kapitala. Hitz luzea eta zabala, kapital ekonomikoaren hotzetik maitasun kapitalaren epeleraino. Segun nork esaten duen eta nola, soineko diferentea. Pepe Mujica Uruguaiko presidente ohiak aipatu du kapitala orain egun batzuk. Beti bezala dotore, ahozkotasun jostariz, jendartearen sustraiak astinduz. Heriotzarekin borrokan ari dela esan zuen Mujicak, «itzultzen ez den lekura erretiratzetik oso gertu». Hainbeste ikusi duten begi bizi horietatik, munduan aldaketa handia begitantzen du Mujicak: «Gazteenek aldaketa bat biziko dute munduan, gizateriak aurretik ezagutu ez duena. Adimena kapitala bezain garrantzitsua izango da, eta horrek esan nahi du goi mailako prestakuntza inposatu egingo zaiela belaunaldi berriei. Horregatik, borroka egin behar da baliabide ekonomikoak izateko eta horiek datozenen buruan sartzeko, inbertitzeko». Jakintzaren eta formakuntzaren kapitala. Bere esanetan, datozen belaunaldiak hezteko eta prestatzeko gai ez bagara, «garrantzirik gabekoen mundukoak izango dira, esplotatzeko ere balio ez duten horietakoak». Mujicaren hitzetan erronka igartzen da, eta baita esperantza poxi bat. Hezkuntza emanez, kapitala emango omen zaie belaunaldi berriei, mundua aldatzen jarraitzeko erregaia. Kapitala. Carmen Ruiz Repullo soziologiako doktorea da, nerabe eta gazteen artean genero indarkerian espezializatua. Haren ahotan ere entzun dut kapitala hitza. «Neskatoei, oso umetatik, sexualitatea ustiatu beharreko elementua dela ulertarazten zaie, zaindu beharrekoa. Sare sozialetan, iragarkietan, telesailetan... neskatoei mezu bat helarazten zaie: zure balioa estetikoa, fisikoa eta sexuala da. Kapital erotikoa, alegia. Duela urte batzuk kapital soziala, ekonomikoa eta kulturala zeuden analisian, norbaiten balioa kapital horien arabera neurtzen baitzen. Ni langile klaseko alaba naiz. Guri esaten ziguten kapital kulturala zela gure familiak baino kapital ekonomiko hobea izateko aukera. Orain neskatoei esaten ari gara kapital sexuala kulturala baino garrantzitsuagoa dela kapital ekonomikoa lortu ahal izateko». Kapital soziala, ekonomikoa, kulturala eta, orain, erotikoa. Egia esan, jendarte bezala, erabaki oso serioa da zeri eman balioa. Entzun ditzagun itzaltzera doazenen ahotsak, bizitzari zulo guztiak ikusi dizkiotenen jakintzak. Nelson Mandelak ere esaten zuen, «hezkuntza da mundua aldatzeko erabil dezakezun armarik boteretsuena». Aska ditzagun gure nerabeak kapital erotikoaren krudeltasunetik eta zabal ditzagun «Neskatoei, oso umetatik, sexualitatea ustiatu beharreko elementua dela ulertarazten zaie, zaindu beharrekoa. Sare sozialetan, iragarkietan, telesailetan... neskatoei mezu bat helarazten zaie: zure balioa estetikoa, fisikoa eta sexuala da. Kapital erotikoa, alegia»