SUSTRAI COLINA
IRITZIA

Promesez

S.apurgarria,

Gogoan al duzu 2024a promesa zerrenda bat baizik ez zen sasoia? Hiru eguneko asteburuaz mintzo dira lagunak, gabonetako oporretara amore eman gabe iritsi beharraz, Nafarroako hezkuntza itunaz, manifestazioak baino jendetsuagoak diren maratoi erdiez, udazkenean loratzen diren hilerriez.

Bizitzari buruz idatzi nahi zenuke, Belateko tunelak berriz zabaldu dituztelako poztu, baina azarotu zara, zure antsietateetara bildu, Bea Lemaren “El cuerpo de Cristo” irakurri, Claudia Pintoren “Mientras seas tú” ikusi eta industrialdeetan hiltzen garen ala industrialdeek hiltzen duten zalantza egin. Zergatik igartzen duzu oinpeko zorua dardarka? Zergatik tematzen zara pauso ziurrez aurrera jotzen? Badakizu gabonetara ez zarela helduko pentsatuko duzula lehenik, gehiegi estutzeagatik errudun sentituko zarela gero eta, ezinbestean, 2025a promesa zerrenda bat izango dela laster. Ez zenuke ahaztu behar bizitza ez dela ebatzi beharreko problema bat, onarpenak ez daukala errenditzearekin zerikusirik, agendak eskuetatik alde egin dizula diozunean, denborak ez, egoeraren kontrolak egiten dizula ihes. Nondik datorkizu, zure burua ezik, dena kontrolpean izateko premia patologikoa?

Bitartean, gizon batek emakume bat hil du auzoan, zure kalean ia. Alokairuan bizi ziren, etxebizitza ez den behe-barruan, paperezko hormek zedarritutako logeletan, beste non bizirik ez dutenekin, zure kalean ia. Hausnartu dezakezu pobreziaz, bazterkeriaren lepotik aberasten direnez, dena jakin eta ezer egin ez zutenez, zuri halakorik ezin zaizula gertatu sinetsarazten dizuten narratibez edo, hatza zaurian sartuz, distantzia fisiko eta emozionalaren arteko amildegiaz. Ia zure kalea ez dela zure kalea jabetuko zara, auzokide horiek egunero gurutzatu arren ez zaituztela zeharkatzen, ez direla zure bertsoetan agertzen, zuri baizik mesede egiten ez dizun enpatia teorikoa dela.

Gizonak gaiztoak ote diren galdetu dizu lau urteko semeak. Poztu zara zerbaitez ohartu delako. Poztu, bizitzan lehen aldiz, okerreko saldoan sentitu delako. Poztea pena bat da batzuetan, baina nola azalduko diozu hori hain galdera xaloa erantzuteko gai izan ez bazara? 2024a promesa zerrenda bat baizik ez zen sasoia gogoratu duzu, 2025a promesa zerrenda bat baizik izango ez den aldia desiratu eta, aldi berean, ziur zaude ez zaizkizula promesa garaiak gustatzen.